EKONOMIA

Inbestitzaileek dirua itzuli beharko dutela berretsi du Almuniak

Iñigo Urkullu eta Jose Manuel Soria gaur batzartu dira Europako Batzordeko Lehia komisarioarekin, 'tax lease' sistemaren bidez ontziolek ogasunei ordaindu ez zioten dirua orain ez ordainarazteko. Almuniak ez du atzera egin.

2013ko uztailaren 11
17:13
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehia komisarioarekin bildu dira gaur. Tax lease sistemaren bidez ontziolek ogasunei pagatu ez zizkieten 2.000 milioi euro ez ordaindu behar izatea eskatu diote.

Almuniak, ordea, ez du jarreraz aldatu. Ontziolek 2002. eta 2011. urteen artean jaso zituzten zerga laguntzak legez kanpokoak zirela iragarri zuen Almuniak ekainaren 27an, eta diru hori ontzijabe eta inbertitzaileek itzuli behar dutela proposatu zuen, eta berretsi egin du asmo hori.

Onartu du diru hori ontzijabeek eta ontziolek ez ordaintzea, baina inbestitzaileak ez ditu ordainketatik salbuetsi. Uztailaren 17an hartuko dute behin betiko erabakia.

"Argudio juridikoekin ikusi dugu ontzijabeak salbuetsi ditzakegula dirua itzultzetik. Iragarria genuen ontziolek ez dutela inolako ardurarik diru-laguntzak itzultzean".

Soriak eta Urkulluk eskatu diote soilik 2011tik aurrerako laguntzak itzuli behar izatea, baina Almuniak ez ditu argudioak aintzatetsi. Soriak argudiatu du Europako Batzordea "geldirik" egon dela 2002tik —tax lease sistema ezarri zutenetik— 2011ra arte.

Urkulluk Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyri eskatu dio Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearekin hitz egin dezala, Almuniaren erabakia atzera bota dezan. Egoerarekin "kezkatuta" azaldu da Urkullu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.