Zozoen Elean (II)

Rikardo Jaio: "Puntatik puntara ibili ginen Australian, kana ebakitzen"

William A. Douglassek Azúcar amargo titulatu zuen liburua. Joan den mendearen erdi aldera Australiara azukre kanabera ebakitzera joandako euskaldunen eta italiarren historia osatu zuen. Tartean, zozoen elean. Haietarikoa izan zen Rikardo Jaio.

Australia osoan ibili zen Rikardo Jaio gernikarra lanean.
Australia osoan ibili zen Rikardo Jaio gernikarra lanean. Zaldi Ero

Miel A. Elustondo -

2013ko abuztuak 11

Lehenengo, kontatu egingo dizut hura zer izan zen eta, gero, galdetu gura duzuna…

Gernikatik noiz irten genuen badakit nik: ekaina izan zen, 1958ko ekainak hogeita zortzi. Berrehun eta berrogeita bederatzi pertsona izan ginen. Gu hemen ibili ginen beharrean fabrika baten eta kontua zabaldu egin zen. "Australiara dago emigraziñoa!". Laguna etorri zitzaidan, Gotzon Samesa, esaten: "Gura duzu Australiara joan?", eta nik "Bai, zergatik ez?". "Bada, oraintxe preparetan daude biaje bat". "Ea zelan moldetan garen!". Eta egon zen morroi bat, Australian farm -a, baserria, zeukana, eta batzar bat egingo zuela esan ziguten. Eta joan ginen harako batzar hartara eta "Joateko prest zaudete?", eta guk "Bai, bai, bai. Gu prest gaude Australiara joateko!". "Bada, pasaporteak ateraten hasi behar duzue". Eta horrela hasi ginen. Urberuaga izan zen morroi hura, Paskual uste dut eduki zuela izena.

Eta pasaporteak egin genituen eta esan zigun: "Halako egunean irten behar duzue". Eta gu konforme. Eta berton egon ginen batzuk: "Zergatik ez dugu hartzen autobustxo bat Donostiara?". Eta holantxe, hartu autobustxo bat eta Donostiara, eta handik Ventimigliara joan ginen. Milanen lo egin genuen, eta hurrengo goizean Triestera irten genuen, hangoa izan zen-eta barkua. Toscana eduki zuen izena. Han irten eta Messinan geratu ginen. Gero, Greziara joan ginen, eta Maltara… Suezko kanala ere pasatu genuen guk! Leku denetan jendea hartzen zuen barkuak. Grezian bostehun emigrante hartu zituen, bostehun neska, eta hiru obispo! Eta hiru alaba eduki zituen obispo horrek. Eta andrea ere bai, beti marinel jantzita ibiltzen zena; la marinera esaten genion. Maltan barkuak ez ziren porturaino sartzen, eta erremolkadorea etorri zen, jendea garraio. Leku guztietan triste muntatzen ziren gehienak. Azkenean Sidneyra heldu ginen, eta han senideak eta lagunak etorri ziren. Eta handik Brisbane-ra. Han, hartu eta kanpamendu batera eroan gintuzten. Hamar egun egon ginen han, bateko eta besteko landaredira destinoa emateko. Gu Ingham-en geratu ginen zazpi lagun, denok muxikarrak. Santxo, Kurro eta beste denak. Kuzinan, Muntxubitteko batek egiten zigun. Muxikan dago Muntxubitte baserria, gure aitta ere bertokoa izan zen.

Kana ebakitzera joan ginen Australiara, eta laster hasi ginen beharrean. Abergowrie-n hasi ginen, Leo Garrarenean. Italiarra zen morroia. Sei, zazpi, zortzi ordu egiten genuen kanan, zelako era egoten zen. Bero egiten bazuen goizeko hiruretan-edo joaten ginen, eta hamarrak, hamar eta erdietan, itzi egiten genuen. Arratsaldean ez ginen joaten. Sei hilabete egiten genuen behar han, kana ebakitzen, eta gero berton geratzen ginen, gobernuaren kontura, egurrez eginiko etxetxoetan. Ohitura zen, kanaren denbora amaitzen zenean, beharginak berton geratzea, ostera ere ebakitzeko sasoia etorri arte, baina guk ez genuen gura hori, eta ugazabari esan eta esan eta ezin aditu eragin. Ezin. Hantxe geldituta, hainbeste denbora, ezer egin barik! Bakarrik jakin genuen yes eta tontakeria horiek esaten, eta zelan aditu eragin! Bazen okin bat, egunero etortzen zena. Aulestikoa izan zen morroia. Felix. "Txo, Felix, guk hemen ez dugu geratu gura!". Baina ez zuen interesik jarri gu handik atera gintezen, eta, handik eta hemendik, atzenean katalan bat egon zen han eta hari esan genion, zelan ez genuen gure han sei hile egon, ezer egin barik, eta hark, ezetz, han arrantzan-eta ederto pasatuko genuela! Guk, ezetz, ez ginela han geratuko, pentsatu ere ez! Non edo non topatu behar zigula beharra. Eta joan zen herrira eta esan zuen beharra gura genuela egin, eta berak, katalanak, topatu zigun. Ramon Pla eduki zuen izena. Halakoren baten deitu zigun: "Hara, joan behar duzue handiko puntaraino, zortzi mila kilometro egin behar dituzue. Recluse-ra joan behar duzue, Victoriara". "Hori ere bai? Mila arraio! Txo, igual da. Atonduko gara zelan edo hala, baina gu hemen ez gara geratuko".

Eta trenez egin genuen bidea. Hiru transbordo ere egin genituen, hiru egun eta erdiko bidean. Baina ingelesik batere ez genuen jakin, eta Ramon Plari esan genion: "Txo, zuk ipini guri papertxo baten zer tren eta non hartu behar dugun. Guk taxi bati emango diogu papera eta berak eroango gaitu!". Eta hola egin genuen Sidneyn, eta gero Melbournen. Taxia hartu eta trenera beti gu. Paperean ipini zigun zer ordutan helduko ginen Victoriara, hiru eta erdiak, laurak izan zen orduan, eta gu, ordu erdi arinago, estazioari begira! Eta heldu ginen, eta hantxe egon ziren hiru morroi guri itxaroten, haiek ere paper bategaz gure zain. Jaitsi ginen eta zer edo zer esan genuen eta ez genuen aditzen, baina atondu ginen behintzat. Eroan gintuzten eta "Hementxe egingo duzue lo eta jan". Elegante egon zen lekua. Mahatsa batzen izan zen beharra, eta batu genuen, gero! Kristorena batu genuen. Eta zelan dirua ere pisura jasotzen genuen, bada, dirutxoa egin genuen, diru asko. Zortzi zentabo-edo izaten zen burdinazko kaxatxoa. Ebakitzen zenuen eta traktoreak hartzen zuen. Sareak ipintzen zituzten —kilometro baten, igual, sareak—, eta hara botatzen zuten mahatsa. Bota eta bota mahatsa! Han sikatu egiten zen mahatsa, mahaspasa egin arte. Ingalaterrara botatzen zuten mahaspasa hura… Diru ederra egin genuen, ederra!

Denbora hartan izan genuen lagun bat, Joanito, fenomeno bat zen kana ebakitzen. Mutil ederra zen, eta beharrean, kana ebakitzen eta kargetan, numero uno . Gure ugazabak ere esaten zuen: "Horri ipini automobil eder bat beharra amaitzen duen egunean eta neskarik ez zaio faltako eroateko herrira!". Bila etortzen zitzaizkion neskak. Total, guk harekin gastatu genituen irabazi genituenak, golferian.

Handik irten eta atzera Kingston-era joan ginen. Han, Gotzon etorri zitzaidan, laguna, kana beragaz ebakitzeko. "Non ebakiko dugu, bada?", berak, eta nik: "Topa dagigun, baina entzun, ugazabaren pentzuan ez gara egongo. Topatuko dugu herriaren ondoan leku bat, ebakitzeko kana". Herritik hurrago gura izan genuen guk, osterantzean, harako puntara gu joaten ginen moduan edanda joateko, ez zen komeni izan. Eta bertan topatu genuen beharra, Victoria Mill-en, Australian azukre gehiena produzitzen zen lekuan. Victoria Mill zen errota bat, baina asko ehotzen zena, haraxe joaten zen hango kana guztia. Hura topatu genuen, eta ederto! Zazpi kilometro-edo eduki genituen ebakitzeko. Leku politta. Eta, landaredia, gernikar batena izanikoa zen! Balantzategi zen haren izena. Gernikan berton bizi da haren semea… Joan ginen eta Sorbelo eduki zuen izena hango ugazabak. Italiarra zen Sorbelo. Guk ordurako apurtxo bat italiera ere egiten genuen, eurekaz astiro-astiro ikasita. Eta Sorbelo hark esan zigun landaredia gernikarrarena izan zela lehenago. Jakina, herrira joan ginenean, berbetan hasi Mendiolakoekin eta ondo informatu ginen. Eta hala izan zen, gernikarra, Australian kana landaredia eduki zuena! Gu joan baino hiru urte arinago etorri ziren haiek Gernikara bizitzen. Haien umeak Australian jaio eta Australian bertan hazi ziren. Eskolara ere bertan ibili ziren…

Victorian gelditu ginen kana ebakitzen, etxetxo baten, landaredian. Han egiten genuen bizimodua, kana ebakitzeko taldeko sei-zazpi lagunek, hantxe denok. Eltxoen kontrako sarea edukitzen genuen, hura barik ezin lorik egin! Parajea zein zen, milioiak egoten ziren han eltxoak, apestetan egon zen! Pantanoa edo horrelakorik badago han inguruan, akabo!, jan egiten zaituzte eltxoek. Han hasten bazen bat plast!, "Hara, sartu zaio eltxoa bati!". Eta ostera ere plast! Hola hasten bazara, akabo!... Victorian ere zortzi kilometro izan ziren landareditik herrira, eta domeketan herrira parrandan joateko traila da eta, egun baten, holantxe begira gaudela, morroi bat bizikletan! "Hauxe da gurea!" esan, eta bizikleta bana erosi genuen. Hantxe egin genituen lau urte kana ebakitzen. Eta ederto!, zer edo zer gura genuenean, hartu bizikleta eta dra!, herrira, Ingham-era, eta ostera landaredira!

Lau urte kana ebaki hor, eta beste bat egin nuen beste leku baten, kana ebakitzen lehenengo eta mahatsa batzen gero. Baina batetik bestera joateko eguna pasatu behar zen trenean, egun bat zen joateko, eta beste etortzeko, eta larregi zen. "Ez goaz astakeria hori egiten berriro! Topatuko dugu beharra beste lekuren baten!". Eta ikusi genuen han ondoan tabakoa zelan batzen zen. Brisbane ondoan. Laster jakin genuen Queenslanden ere batzen zela. Puntatik puntara ibili ginen gu Australian beharrean, kana ebakitzen eta mahatsa eta tabako batzen.

Tabakoan bi hile egiten genuen batzen, eta gero, sei hilabete haiek atontzen: orriak lotu, laban eskegi, sikatu, plegatu, prentsatu, orria klasifikatu —orriz orri!—, zuriak, gorriak, horiak… Orri klase bakoitzak beraren kalitatea edukitzen zuen. Haiek enbalatu egiten ziren eta enkantera eroan, saltzeko. Erosleak topetan bazuen orria txarto selekzionatuta zegoela, egiten zuen erosi ez, igual! Behar zen moduan klasifikatu behar izaten ziren orriak. Lan hori amaitutakoan, atzera kana ebakitzen hasten ginen. Amaitzean, ostera, tabakoa. Kanan, uztailean hasi eta Gabonak arte egiten genuen. Gero, tabakoa. Horrela egin ditugu Australiako urteak. Hamar urte. Lehenengo bidaian, bost urte.

Kontua da, joan orduko nobia utzi nuela nik hemen, Gernikan, eta aittak eta amak beti notiziaren bat: "Hori han dago, eta beste hura ez dago…". Beti teman. Eta pentsatu nuen lizentzia eskatu eta hona etortzea. Eta eman zidaten hona etortzeko baimena. Hiru-lau hilabeteko etortzeko baimena eman zidan ugazabak, eta holantxe etorri nintzen, eta ezkondu nintzen Romanagaz, eta joan ginen atzera Australiara. Bost urte egin genituen han, ederto bizi ginen, baina gure Romanak gura izan zuen etorri, gurasoak ikusi nahi zituen-eta. "Gura baduzu, joan egingo gara». Umea hazita genuen, neskatxoa gorantza zetorren. «Hartuizu maleta eta kito!", esan nion. Eta hirurogeita zazpian etorri egin ginen, Gabonetan. Ordurako, han zen nire andrearen neba, Bixente Legarreta Asla, nire koinatua. Baina hori beste historia bat da, ezta? Berak kontatuko dizue egunen baten. Eta Romanak ere badu historia gura baduzu jakin…

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna