Ondotik: Berrehun eta berrogeita hamar.

2013ko abuztuaren 11
17:03
Entzun

Rikardo Jaio Omaetxebarriak (Muxika, 1932) Untxugoitikoa zuen aita, Aranakoa ama, Muxikan. Cubiertos Dalia fabrikan ari zen lanean, lankidea hoska etorri zitzaionean: Australiara lanean joateko jende bila ari ziren. Australiako Gobernuak Europara jo zuen langile eske, bazituen "agenteak" ere, eta Gernikaraino etorri zen hotsa. Eta, gaztea beti gazte, eta hemengo bizimodua gogorra garai hartan, antipodara joan zen Rikardo Jaio, berrehun eta berrogeita bederatzi lagunekin batera, Gernika ingurukoak denak, gazteak. "Hori da lehenengo esan behar dena: hemen irabazten genuenarekin estu bizi ginen hemen. Han dirua egiten genuen". Australiara baino lehen, berriz, Kolonbiara joateko ere eman zuen izena Rikardok. "Paperak eta denak eginda eduki nituen. Kolonbian zer irabazten zen ez genuen jakin batere, ezta zer moneta zen ere! Zazpi lagun izan ginen hara joatekoak, eta neu ez beste guztiak joan ziren. Zergatik?, soldadutzak harrapatu ninduelako!". Urte eta erdiko geldialdia, eta Australiara.

Brisbane izan zuten lehenengo kanpamendua. Barrakoiak. "Gixon bat etorri zitzaigun eta han astebete egon behar ginela esan zigun. Ea gaixoren bat dagoen edo, kontaminetan garen edo…". Ez zen berrogeialdirik izan. Langileen helmugak prestatu eta banatu zituzten. Ez zen interpreterik han. "Ez genuen ezer jakin. Papera ematen ziguten eta, horra, trenean Brisbanen muntatu eta Inghamen behera!". Kana ebakitzeko taldeak osatu eta talde horietan banatu zituzten berrehun eta berrogeita bederatzi lagunak. Rikardo Jaioren kasuan, zazpikotea osatu zuten: "Guk suertea eduki genuen, denok muxikarrak izan ginen-eta. Santxo, Kurro, Madarixa, Ixidro, Felix, Benedikto, Txokillo sukaldaria, neu…".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.