Rikardo Badiola (Euskaltzain ohia)

"Egun anitzetan eta urte askotan, behar desberdinak egin ditut Euskaltzaindian"

Euskara irakasle izana, Bizkaiko alfabetatze mugimenduaren sortzaileetarikoa. Hainbat lan idatzi eta argitaratutakoa. Hogeita hemeretzi urtez Euskaltzaindian lan egina. Zozoen elean egoteko lagun aukerakoa.

Miel Anjel Elustondo
2013ko abuztuaren 18a
11:03
Entzun

1976tik hona ibili naiz lanean Euskaltzaindian. Udaberrian hartu dut erretiroa. Institutu batean lan egiteko hitz emanda nengoen, baina Jose Luis Lizundia etorri zitzaidan. Juanjo Zearreta sartu berri zen. Argitalpen arloan inor ez zutela akademian, eta ekingo ote nion. Eta hasi nintzen. Autodidakta. Gehienbat kontsultak erantzuten ematen nuen denbora. Hasieran, behinik behin. Gero, Erribera 6an, hasi ginen inprimategi lanetan. Ordurako, zenbait liburu argitaratzen parte hartuta nengoen, eta horrek hainbat lagundu zidan. Garai berean, euskarazko eskolak ematen ibili nintzen Hizkuntza Eskolan, Bizkaiko alfabetatze mugimenduan sortzen parte hartu nuen, euskaltegiak ere sortu genituen… Horrela hasi ginen! Eta inprimategi lanean, jakina. Berunean, lehenengo. Faxez, gero. Makina elektrikoan, hurrena. Atzera begira, pentsamendu bat dut: herri honetan askok diote hizkuntza berezia dugula, hau eta hura, baina herri agintariek, askotan, hizkuntza albo batera laga dutela ikusi dut. Katalunian, bai politikan bai kultur mailan, hizkuntzarekiko duten atxikimendurik ez dut hemen ikusi. Egoerak ezberdinak badira ere. Hizkuntzarekiko atxikimendu handia dugula dirudi, baina kanpoko berniza baino ez da. Hori nabarmenduko nuke.

Euskaltzaindian ordu asko eman ditugu agerkari ofiziala atontzen, Euskera agerkaria, eta Iker eta Jagon ataletako argitalpenak bideratzen. Bai, hor daude arauak ere, Euskaltzaindiak lan handia egin baitu horretan, arau eta gomendioen bilduma egiten, esan nahi dut. Arauak gutxi direla esango nuke nik, gehiago dira gomendioak. Baina Euskal Herrian itsu jokatu dugu, hizkuntza kortse baten barruan sartu nahi izan dugu, idazterakoan nahiz berbetan, erregistro ezberdinak badirena kontuan hartu gabe, lagunartean hitz egiteko, edo irrati-telebistetan jarduteko. Euskaraz ari garenean, monokorde izan behar dugula ematen du. Horrek kalte handia ekarri dio euskarari, eta zer esanik ez euskalkiei!

Erretiratu berri naiz, esan dut. 1976an Euskaltzaindian lanean hasia, 2013an utzia… 1948an jaio nintzen, Muxikan, Ibarruriko udalean. Ajuria auzunekoak gara gu, Otsategi baserrikoak. Zortzi neba-arreba gara. Aita zen Mendatakoa, ama Nabarnizkoa. Errentan ginen Otsategin, maizter edo errenteru. Seigarrena naiz ni. Kilometroa genuen herrira; eskolara nahiz elizara, esan nahi dut, eta hara jo behar genuen, euri nahiz edur. Lehenengo maistra, Fidelita izeneko bat izan genuen. Kordobakoa edo Soriakoa zen, ez dakit. Oso gogorra zen. Dena zen gaztelaniaz, eta ez genuen ezer ulertzen. Ezta elizan ere. Latinez jarduten zuen, eta gero euskaraz. Garbizalea zen abadea, eta guk etxeko euskara baino ez genekien! Nork segi hari? Sei urtetik hamar urtera meza-mutil izan nintzen, eta han jasotzen genuen egurra!

"Mamupean bizi ginen. Eskolan, egurra, euskaraz egiten genuelako"

Etxean, berriz, baserriko beharretan! Nagusiek martxa egiten zuten, Bilbora edo Eibarrera, beharrera. Txikienak geratzen ginen han. Gero Eubara joan nintzen. Pasiotarrak ziren han. Eta dira. Herriz herri ibiltzen ziren, umeak erreklutatzen. Aita Martzel Andrinua-eta… Euskaltzain urgazlea dela jakin nuen gero. Bertsolari oso ona! Bost edo sei lagun joan ginen Eubara, han frontoia zegoela, pilotan egiten zela. Ni baino arinago meza-mutil izan zirenak joan zirela, eta ni ere bai! Urtean hamabost egun-edo egiten genituen etxean. Gainerakoan, hantxe kolegioan… Han ere erdaraz egiten genuen gehiena, euskara ikasgai genuen. Fraideetan baziren batzuk, baten bat, euskaltzaleak. Jose Mari Larrarte, adibidez. Denbora pasa ondoren, zuzentzaile izan genuen Euskaltzaindian. Bizkaiera hark bezain ondo ezagutzen zuenik, gutxi. Euban egin genuen batxiler osoa, unibertsitate aurreko kurtsoa gero, libre moduan —pasiotarrak lagata ordurako—, eta Linguistika Erromanikoa egin nuen Deustuko unibertsitatean. Irakasle onak izan genituen han, eta ikaskide, berriz, Gotzon Garate. Oso harreman handia izan nuen Gotzonekin. 1975ean bukatu nuen. Tesina egin behar izaten zen, eta bertsolaritzaz egin nuen… Madrilen agertu zen tesina, beste izen batekin! Koldo Mitxelenak esaten zuena: "Herri honetan lotsarik ez dago, eta lotsa intelektualik usainik ere ez!".

Ordurako, euskarazko eskolak ematen nituen, beste askorekin batera. Euskaltzaindiaren bulegoak erabiltzen genituen horretarako. Bizkaiko alfabetatze mugimendua sortu genuen 1970. inguruan, eta lanean ginen. Imanol Berriatua genuen buru. Euskalduntzen metodoa sortu genuen. Hura baino lehen, Patxi Altunaren Euskera, hire laguna erabiltzen genuen… Patxi Altuna hasiera-hasieratik egon zen euskara batuaren alde. Eztabaida izan zela bagenekien, baina batuaren auzia gehiago zen politika gorabehera, linguistikoa baino. Gogoratzen naiz, sasoi hartan, Ibarrurin, herriko parrokoak nolako sermoia egin zuen Xabier Amurizak Aldous Huxleyren Bai mundu berria itzuli zuenean, 1976an. Hura ez zela euskara bizia esaten zuen sermoian abadeak!

Oso garai xelebrea izan zen. Franco hilda zegoen ordurako eta, gogoan dut, herriko jaiak, eta bertsolariak ekarri nahi genituen Ajuria auzunera. Orduko gobernadore zibilak deia alkateari, aurretiaz jakin behar zuela bertsolariek zer kantatuko zuten. Bertsolaritzaz egina nuenez tesina, gaztelaniaz, han ari ginen bi-hiru lagun bertsolaritza zer zen azaldu nahian gobernadoreari, eta azkenean etsi zuen, baina bertso-saioa bitartean "sateliteak" jarrita bertan. Espiak. Sasoia zen! Sasoi hartan normala zen hori. Umeak ginela, ura ekarri zuten auzunera. Han etorri zen inauguratzera Espainiako gobernuko baten bat. Alkatea frankista hutsa genuen. "¡Viva Franco, Arriba España! " esan zuenean, guk, zortzi-bederatzi urteko mutikoak: "Hi, bota dauenak, altxa dagiala!". Mamupean bizi ginen. Eskolan, egurra, euskaraz egiten genuelako. Beti eskapatzen da berbaren bat! Zigortuta, hainbatetan! Maistra alboko baserrira joaten zenean, ospa egiten genuen leihotik, hura etorri baino lehenago. Bost-hamabost urte bitarteko neska-mutilak biltzen ginen eskolan. Zer ikasi behar genuen guk! Azken-azkenean, bertoko maistra bat etorri zen, euskalduna: Belen Itza. Eta, ostean, auzunekoa!, Begoña Solaegi.

"Herri hizkerak baztertzeko joera badago oraindik"

Ez zekienari euskaraz erakusten hasi ginen, baina laster hasi ginen euskaraz berbetan zekienari idazten eta ahoskatzen, alfabetatzen Santutxun, batez ere. Gero, euskaltegiak sortu genituen. Lehenena, Ulibarri Euskaltegia, Anton Artiñanok 1976an sortu zuena, Imanol Berriatua kide zuela. Israeletik ekarri zuen ideia. Artiñanorekin eta Imanol Berriatuarekin batera, kultur bidaia antolatu genuen Juanjo Zearretak eta biok. Hamar egunekoa. Nork bere poltsikotik zer edo zer ordaindu behar zuen, baina Lankide Aurrezki Kutxaren laguntza izan genuen. Berrogeita hamabosten bat lagun izan ginen han, Bizkaitik eta Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Arabatik. Hebreera irakasteko sistema ikusi nahi genuen, inportatu. Han jendeak hebreeraz berba egitea lortu zuten, hemen lortu ez duguna. Kontzientzia nazionala da kontua. Hogeita hamar urte ere badira bidaia hartatik, baina gauzak ez dira askorik aldatu. Han, nagusitan joaten zen jendea Israelera, ezerezetik ikasten zuen hebreera, herri-diziplina zuten hizkuntza ikastea, eta erabiltzea. Israelen, erradikalak izan dira horretan. Bertakoak hiru eta lau hizkuntza dakizki, baina Parlamentura joan eta bat bakarrik entzungo duzu, eurena! Hemen, borondatearen esku laga da euskara ikastea, jendearen mentalitatean ez da egon herri bat egitea. Politikariek eta goi-mailako jendeak albo batera utzi dute euskara. Haiek ikasiko balute, animo emango liokete herriari. Lehendakariak euskaraz egitea, edo ez, badu eragina. Hala ere, eguneroko beharrizanetan erabiltzen ez bada, alferrik da. Bestalde, ez da ahaztu behar —hizkuntza erromanikoz inguratuta gaudenean—, euskara hizkuntza gaitza, zaila dela irakasteko, eta ikasteko. Garbizalekeriak ere ez digu onik egin, kalte handia baino. Jendeari barre egin zaio: "'Bentanea'… 'Liburua'… ¡Éso es 'libro'! ¡Ése euskera también hablo yo! ". Herri hizkerak baztertzeko joera badago oraindik. Sasoi batean gipuzkera zen nagusi, berak zuen prestigio handiena. Eliza ofizialak hura zuen eredutzat. Bada, espreski, astebete egin genuen behin Juanjo Zearreta defuntuarekin eta Juan Luis Goikoetxearekin, Tolosako sakramentinoetan, alfabetatzen edo zer edo zer prestatzen. Kalera irten eta inoiz ez genuen euskararik entzuten, salbu eta zapatuetan, merkatua zegoelako eta baserritarrak biltzen zirelako bertara. Herria oso erdaldun zalea zen. Aspaldian ari naiz. Orain ez dut uste horrelako konturik dagoenik Tolosan. Hangoa omen zen euskararik onena! Bertora joan eta euskararik batere entzun ez!

Euskaltzaindian hasi nintzenean Villasantek egiten zuen buru. Maulen egin zuen sarrera. Autobuskada joan ginen haraino. Euskaltzainburu izan zen garaian askotan joan izan nintzen Arantzazura. Ez zigun ohar askorik ematen, askorik agintzen, baina kontuak eskatu bai. Diziplina handikoa zen. Oso pertsona erakargarria. Katakonbetatik atera zuen Euskaltzaindia. Manuel Lekuona ezagutu nuen, J. Haritxelhar ere bai —zeharo ezberdina—, eta oraingoa, Andres Urrutia, "notario jauna". Zeharo ezberdinak izan dira denak, gizartearen arabera jokatu dute aldian aldiko euskaltzainburuek, haren arabera aldatu dira.

Rikardo Badiolak, berriz, egun anitzetan eta urte askotan,behar desberdinak egin ditu Euskaltzaindian. Argitalpen saila izan da nire arloa, eta horretan saiatu naiz. Horrekin batera, kontsultak eta itzulpenak gura beste egin behar izan ditut. Sasoi batean kasik inor ez zebilenez Euskaltzaindian, denetarik egin behar genuen: originalak bildu, zuzendu, argitaratu, paketeak egin, bidali… Denetarik. Egoitza ere zenbat aldiz aldatu du Euskaltzaindiak? Erribera kalean hasi ginen, Arbietora joan ginen gero, Elkanora hurrena, eta Plaza Barrira etorri ginen azkenean. Obrak zuzentzea ere tokatu zait Euskaltzaindian, eta baldosak ipintzea ere bai Euskaltzaindiaren Gordailua deritxon pabiloian.

Euskaltzaindia utzi dut, erretiratu naiz, baina badauzkat proiektuak. Familia, batetik, eta gainerako lanak, bestetik. Herriko hizkera aztertzen ari naiz aspaldi, Muxikakoa… Nik ez dut batuaren eta euskalkiaren arteko borrokarik ikusten. Batua eta etxekoa, bata zein bestea, berdin egiten ditut, baina sasoi batean bazegoen euskara diferentea egiteko joera bat, gogo bat. Gutxitzat hartzen zen norberaren euskara. Villasantek ez zuen horretan dudarik, ondo bereizten zituen hizkuntza-mailak. Tartean, ordea, sasi-irakasle asko egon da, eta kalte handia etorri da hortik… Ez dakit gure gazteek, Villasantek esaten zuen moduan, hizkuntza-maila diferenteak ekarriko dituzten edo ! Jakintza mailako euskara jakingo dute, baina besterik izango duten ez dakit. Txikitan etxean ikasitako euskara eta eskolan ikasitakoa, ez da berdina. Ondare hori jasotzea ez da batere erraza. "Dakigunetik ez dakigunera!" esaten dugu, baina askok euskararik ere ez daki! Eta, gainera, euskalkiak txarto ikusiak badira, akabo! Batek dabe esan eta besteak ondotik dute/deurie/due ! hots egiten badio, alferrik gabiltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.