Gorospe: "Belarrondoko galanta izan da"

2013ko abuztuaren 20a
18:44
Entzun

Julian Gorospe (Euskaltel Euskadi taldearen kirol zuzendaria, 1998 eta 2006 artean): 
"Belarrondoko galanta izan da".

"Ez dakit filosofia aldaketagatik, krisiagatik edo ekonomikoki ezin zelako maila horretako taldea eutsi gertatu den, baina pena da". Krisi ekonomikoaz gain, Euskaltel-Euskadik "fitxaketen filosofia aldatu" izana taldea desegitearen arrazoietako bat izan daitekeela iradoki du Julian Gorospek. "Taldeak filosofia aldatu zuen. Bat-batean, Euskal Herriko txirrindulariak soilik kontratatzeari utzi, eta kanpokoak kontratatzen ere hasi zen. Ni ez naiz inoiz horren aldekoa izan, eta ez nuke halakorik egingo", azaldu du Gorospek. "Lehengo filosofia" jarraituz emaitza onak lor zitezkeela iritzi du Gorospek. Euskaltel Euskadi taldearen erreferentzialtasuna ekarri du gogora Gorospek: "Txirrindulari eta zaletu guztientzat ispilu baten modukoa izan da. Belarrondoko galanta izan da, txirrindulari askori eman baitio jarduteko aukera, eta horretan jarraitu zezakeen". Era berean, instituzioek taldeari ematen zizkioten laguntzak etetea deitoratu du.

Miguel Madariaga (Euskadi Fundazioaren sortzailea):
"Semea bahitu eta zortzi hilabete geroago hilda itzuliko balidate bezala sentitzen naiz"

"Taldea desagertzea niretzat seme bat bahitu eta zortzi hilabete geroago hilda itzuliko balidate bezala da. Kolpe gogorra da, niretzat eta Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko txirrindularitzarentzat", adierazi du Madariagak erabakiaren berri jakin duenean, eta gaineratu du berak horrenbeste borrokatu zuen proiektua "Euskaltel baino gehiago" zela.

Roberto Laiseka (Euskalteleko txirrindulari ohia):
"Kanpotik ekarritako txirrindulariekin aritzea ez da oso normala"

"Pena da. Denak du hasiera bat eta amaiera bai, baina horrela bukatzea ez dago ondo. Aurtengoa ez da oso normala, fitxatutako txirrindulariekin aritzea. Nire ustez, kudeaketa ez da oso ona izan, jakina zelako erakundeek euren ekarpena kenduko zutela, eta kanpoko txirrindulariak ekarrita taldearen filosofia hausten zen. Hiru hilabetera ikusten ziren jada arazo ekonomikoak. Orain, txirrindulari askok bizikleta utzi beharko dute, eta afizionatuetan dabiltzanak profesionaletara saltoa emateko aukerarik gabe geratuko dira".

Joseba Beloki (Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohia):
"Hutsune handia izango da aurrerantzean"

"Kolpe gogorra da txirrindularitzaren etorkizunarentzat, profesionaltasunean aritzeko aukera ematen zuen taldea delako, nirekin egin bezala. Pena handia ematen dit. Hutsune handia izango da aurrerantzean, batik bat etorkizuneko eta oinarriko txirrindularitzan. Gainera, hainbat ziklista langabezian eta lekurik gabe utziko ditu, gaur egun ez dagoelako denentzako lekurik. Beharrezkoa da txirrindularitzan inbertitzeko prest dauden babesleak aurkitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.