futbola

Athleticek irabazi du Euskal Herriko III. Futbol Kopa

Athletic eta Reala lehiatu ziren Kopan atzo. Pareko ibili ziren bi taldeak, baina 0-1 irabazi zuen talde zuri-gorriak.

Euskal Herriko III. Futbol Kopako finala

Berria -

2013ko abuztuak 26

Joan den urtean, Realak irabazi zuen txapelketa; aurten, ordea, Athletic bilakatu da Euskal Herriko Emakumezkoen III. Futbol Kopako txapelduna. Arratsaldeko seietan ekin zioten txapelketari, Azpeitiko Garmendipe zelaian. 500 zale joan ziren Kopako finala ikustera, lehen mailako futbolaz gozatu eta euren taldea animatzeko.

Lehenengo zatian, ez batak ez besteak ez zuen golik sartu. Reala nagusitu zen baloiaren jabetzan, baina Athleticek izan zituen gola sartzeko aukera gehiago: Sokoa atezainak lau jaurtiketa geratu zituen.

Bigarren zatian, ordea, Sokoak ezin izan zuen Manuela Lareo jokalari zuri-gorriaren jaurtiketa geratu: goitik igaro zuen 53. minutuan, 1-0 gailenduz Realari. Txuri-urdinek ezin izan zioten buelta eman jokaldiari, eta 93. minutuan Joxean Ubieta epaileak amaiera eman zion txapelketari. 

Sari banaketa

Sariak hainbat ordezkari instituzionalek banatu zituzten: Athleticeko jokalariei Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman zien kopa; Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuaren eskutik jaso zuen Realak txapeldunordearen saria; Naiara Beristain jokalari txuri-urdina jokalari apart izendatu zuten, eta oroigarria eman zion Juan Luis Larrea Euskadiko Futbol Federazioko ordezkariak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna