EUSKAL HERRIA

"Ur harresia" osatzera deitu du Eleak-ek Donostian iganderako

Gizarteak “presio nahikoa” egiten ez badu epaiketa politiko “bidegabe” gehiago egingo direla ohartarazi du Eleak mugimenduak. Estropaden lehen igandea baliatuko dute protesta egiteko.

2013ko abuztuaren 27a
15:46
Entzun

"Ur harresia" egingo da Donostian, irailaren 1ean, estropada egunean hain zuzen. Eleak mugimenduak antolatu du, eta epaiketa politikoak amaitzea da funtsa. Iruñerriko eta Barañaingo herri harresien ondoren antolatu dute hirugarrena, baina oraingoak berritasun bat izango du; "ur harresia" irudikatuko dute manifestariek: “Udako sargori errepresiboaren aurrean auzipetuak eta eskubide zibil eta politikoak freskatu eta biziberritzea da asmoa”, azaldu du Txerra Bolinagak; “erasotzaileak konpromisozko olatuen azpian itotzea”.

Deustuko grebalarien aurkako epaia, 36 pertsonen aurkako 35/02 sumarioa eta Segikoak izatea leporatzen dieten 40 gazteren epaiketa. Asko dira, Eleak-ek nabrmendu duenez, euskal herritarren eskubideen aurkako “epaiketa politiko bidegabeak”. “260 lagun inguru dira oraindik epaiketaren edo epaiaren esperoan daudenak”, salatu dute, “baina ehunka gehiago izango dira, herri presio nahikoa egiten ez badugu”. Hori hala, salbuespen politika horiek amaitzeko, “elkartasun desobedientea” praktikatzeko deia egin du mugimenduak.

Dei argia egin du Bolinagak Donostiako kaian eginiko prentsaurrekoan; gizarteak eskatu behar du epaiketa politikoak amaitzeko: “Harriz harri, herriz herri. Antolakuntza oinarri, desobedituz, amorrua eta maitasuna antolatuz, irudimenetik tiraka, tinko bezain samur. Euskal Herri osotik eraiki behar da herri harresi zulakaitza”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.