FUTBOLA

Lyongo ultrak babesten ari diren ertzainek pilotakadak bota dituzte Amaran

Realeko hainbat zale Lyongo ultrei oldartu zaizkie, eta pilotakadak botaz erantzun du Poliziak. Bideoa: Ultra talde bat, Urka Mendi tabernatik ateratzen.

Txuri-urdinak Parte Zaharra betetzen hasi dira

Berria -

2013ko abuztuak 28

Istilu larriak izan dira Donostiako Parte Zaharrean, Lyonen eta Realaren arteko futbol partidaren harira. 60 bat laguneko ultra talde bat sartu da Parte Zaharrean, borrak eta makilak zituztela, eta tabernetako aulkiak botatzen hasi dira. Ikatz kaleko Urka Mendi tabernan sartu dira, eta gutxienez lau lagun zauritu dituzte.

Bengalak ere jaurti dituzte. Lekukoen arabera, Madrilgo eta Lyongo ultrek osatzen zuten taldea; Urka Mendi tabernan sartutakoek identifikatu dute euren burua madrildartzat. Ikatz kaletik irtetean, botilak jaurti dizkiote elkarri bertako eta kanpoko zaleek, San Jeronimo kalean. Egoera baretu da ondoren. Alderdi Ederren atzeman dituzte ertzainek zale batzuk, eta Artzain Onaren plazan beste talde bat.

Amaran, berriro piztu dira istiluak. Hainbat zalek botilak jaurti dizkiete ertzainek babestuta zihoazen Lyongo zaleei, eta oldartu egin zaie Ertzaintza, pilotakadak jaurtiz. Estadio barruan dira Frantziako ultrak.

Partidaren zain

Hamar urte geroago, iritsi da Txapeldunen Liga Donostiara. Realak eta Lyonek gaur jokatuko dute Anoetan txapelketaren atariko itzulerako partida, 20:45ean. Giro beroa eta berezia espero da Anoetan, eta, zaleez gain, emaitza ere aldeko dutela hasiko dute etxekoek; 0-2 nagusitu ziren Lyonen.

Atzo hasi zen nabaritzen Gipuzkoako hiriburuan Txapeldunen Ligako partiden aura; kamioi sorta Anoetan, ohi baino hesi gehiago estadio kanpoaldean eta Frantziatik etorritako taldearen autobusa hirian bueltaka. Gaur goizean, eguraldia aurkako, apenas izan den partida aurreko girorik Amara inguruan edo Parte Zaharrean, baina pixkanaka ugarituz joan dira elastiko txuri-urdinak.

18:00etan kalejira egitekoak dira Anoetara, eta 19:15 aldera iritsiko dira Realeko jokalariak estadiora. Ongietorria egitera joateko eskatuz ari dira zale asko. 20:00etan omenaldia egingo diote Alberto Ormaetxea Realeko entrenatzaile zenari.

20:45ean egingo du eztanda zelaiak, Txapeldunen Ligako ereserkiaren doinuak entzutearekin batera.