Tomas Bolivar

"Freskagarri latak, bi dolar berrogeita hamar; krimena iruditu zitzaidan"

Laurehun kilometro dira Habanatik Cienfuegosera. Legez kanpoko auto-gidaria inguratu eta abantadan zoaz uharte barnealdera. Ez da irratirik, aire girotua, errepide mortua eta gidari mingain-lijeroa baizik, lau orduko bidean zozoen elean atergabe.

Miel Anjel Elustondo
2013ko irailaren 1a
13:20
Entzun

–Argazkiak egiten ari zara?... Autoa geratzea nahi baduzu, esan, eta geratuko naiz…

–Segi, segi. Bertatik egingo ditut, egin behar baldin baditut… Ez zinen pozik ari…

–Hau ikaragarria da, ikaragarria, ezina da Kuban negozioa izatea. Esplikatuko dizut: premia gorria dago hemen, jendeak ez du ahora zer eraman eta mundu guztiak egiten du lapurretan. Polizia jendeak berak ere bai! Hortik atera kontuak. Putakumeak dira, gero! Itzela da pertsekuzioa. Pertsekuzioa, ez dago beste hitzik! Ez digute lanean uzten, ordaina ematen ez badiegu. Honek ez du legearekin ikustekorik, ezta batere! Hau ez da ez sistema ez ezer! Deskuiduan etxea errentan jartzen baldin baduzu, bertatik nor sartu eta nor irten zelatan ibiliko zaizkizu. Ez dizute bakerik ematen! Orain, gainera, norberaren andreari morkotsa zaintzen, barkatu zatarkeria, baina horretan ere hasita daude. Norberaren andrea zeinekin dabilen, batarekin, bestearekin ala hamarrekin. Eta zer inporta zaie haiei, hori norberaren andrearen kontua beste inorena ez da-eta. Horretan ere muturra sartu behar!

Limoia saltzen duena, pastelak saltzen dituena, freskagarriak saltzen dituena… denen atzetik dabiltza. Izugarria da pertsekuzioa. Eta bitartean badakizu? Libre dabil gaizkilea! Ez dute harrapatzen! Habanako kalean zabiltzala poltsa kentzen dizuna ez dute inoiz ehizatuko. Eta nola ehizatuko dute, bada! Zeharo lanpetuta dabiltza lanean bere gisa dabilen gizajoa ehizatzen. Harrapatzen erraza harrapatzen dute, lanean ari dena, etxeko bebarruan mahai txipi bat jarri eta ahuakate bi saltzen ari dena, edo ilunabarrean Habana zaharrera bananak dakartzan baserritarra. Hau ez da atarramendua! Gaur ez bada bihar, aukera txipiena dudanean banoa ni hemen hauetatik. Alde.
Etengabea da pertsekuzioa. Zu hemen bizi zara, Habanan, eta badakizu zertaz ari naizen. Hau zer den ikasten ari zara…

–Behin, agure zahar bat ikusi nuen, bizikleta baten gainean zihoala. Kutxa txipi bat zuen atzean lotua. Opilak ageri ziren. Askorik ez, hiruzpalau. Saltzen ari zen. Bada, poliziak ikusi egin zuen. Gerarazi zuen eta opilak kendu zizkion. Eta isuna ere jarri zion. Txiki-txikia ere ez.

–Bai. 250, 500 edo 750 peso. Hiruretarik edozein. Eta, batzuetan, bizikleta ere kentzen dizute. Krimen hutsa da, krimena! Orain kuentapropistaren kontra doaz, abantadan. Alferrik da norberaren kontura lan egitea, alde guztietatik zergak badatozkizu. Freskagarri latak biltzen dituenari ere zerga ezarri diote. Burutik daude! Zaborrontzietan freskagarri latak biltzen dabilen hori birziklatze lana ari da egiten, gauzei bizitza berria ematen. Saritu egin beharko lukete. Eta, aldiz, zer ari dira? Zerga ezarri diotela irakurri dut egunkarian! Eta, esate baterako, nik paladal bat –badakizu, taberna moduko zera bat– ireki nahi badut etxean, eta deskuiduan bost lagun hartzen baditut lanean, haien soldatak pagatu behar ditut, eta bakoitzaren partearen zerga! Horrela ez da posible!

–Eta nola pagatuko du, bada, zergarik El Morro-n kakahuete saltzen dabilen morroiak?

–Zer duzue delako kakahuetea?

Maní esaten diozue hemen… Lehengo astelehen batean ikusi nuen egunkarian. Nork eta nork pagatu beharko duten zerga deabrua zekarren. Zerrenda. Denak ageri dira han. Denak. Mundu osoa. Inor ez da libratuko. Konparazio batera, inor etxea garbitzera etortzen bazait, haren zerga partea ere pagatu beharko dut! Bizi-taxiek, ber gisa. Bizi-taxiak lehenengoak, turistarekin hainbateko harremana dute-eta. Haiei ere, gogor! Zerga! Hilean hirurogei peso. Eta, beharrik, eta gaitz erdi, bertako moneta. Akabo, bada, zeuzeak [CUC] balira! Dena dela, bizi-taxi batek aise du hirurogei peso biltzen. Nahikoa du egun batean lau karreratxo egitea. Habanako bizi-taxia hainbestean libratuko da. Izerdi handiagoa atera beharko du baserritik kalera jenero eskasa garraio zalgurdian hartuta dabilen nekazariak. Horrek ematen dit min. Estu eta larri ibiliko dira horiek, eta beste asko. Gorriak ikusi behar ditu askok. Ageriko! Ikaragarria da zerga kontu hau. Eta, hala ere, aurrera jo besterik ez dugu! Nola da, bada, esaera: "Horrela segituko dugu gizonak ikaragarri irabazi duelako!". Zakurraren putza!

…Pena da. Etxean badut disko dibidi bat gustura utziko nizuena ikusten. Teniente koronel batena da, Beraren zaintza pertsonalekoa izan zena. Desertatu egin zuen eta Estatu Batuetan bizi da. Asmatzen dituztenak, gero! Ikusi beharko zenukete. Solamente, Habanan dut, etxean, baina ikusi beharko zenukete. Jaunaren bizitzari buruzkoa da, Berarekin ibili zelako beti teniente koronel hori.

–Fidelez ari zara, ala?

–Hara eta hona, aurrera eta atzera… Jaunaren itzalean gau eta egun, jai eta aste. Kontua da alkoholak harrapatu zuela eta, orduan, zuloan sartu zuten, alkoholiko izateagatik. Berak ukatu egiten du, dio gezurra dela, zurrutak ez duela egundo ere harrapatu mendean. Baina horrelako kontuekin hasi zirenean, enkabronatu egin zen eta martxa, inork andafuerako soinekoa eman baino lehen berak alde egin zuela, amorratuta. Dibidian kontatzen du. Eta, argi ibili, dibidia izatea ere galarazita dago. Harrapatzen bazaituzte, zulora.

–Dena galarazita dago hemen!

–Oraintxe esan duzu egia. Dena.

–Zertarako baimena dago?

–Ezertarako ez!... Baina legea hautsi beharra dago, zeure burua akabatzen utziko duzu bestela! Oraintxe, Habanan hartu eta Cienfuegosera zaramaztet neure autoan, ez taxi ez beste, legez kontra! Legez kontra ibili beharra dut, bestela ez dut-eta jango. Ez dut jango nik, ezta nire etxekoek ere, nire zaharrek, andreak eta umeek. Ez dut irteerarik, egiten dudana besterik. Legea hautsi, behin eta berriz eta askotan. Egunero. Eta, nik bezala, Habanan bizi den munduak. Denok egiten dugu. Eta zer egin bestela! Dena da ilegala hemen! Goizean gosarian jan duzun ogia ere apustu ilegala zela, ostatu hartu duzun etxeko nagusiak kalean erosi duelako, legez kontra saltzaile dabilen gizajoari. Ilegala! Eta eman dizun esnea ere, ilegala, ez dira-eta esnea banatzen ari. Zazpi urte bitarteko neska-mutil koxkorrei baino ez diete ematen orain! Eta kontu hartu ostatu horrek baimena duen! Lehengo batean beste morroi bat eraman nuen holaxe, baina kontrako bidean, Cienfuegosetik Habanara, orduan, eta horixe esan zidan, Aguila kalean hartu zuela ostatu hamabost eguneko, eta, egunetarik batean, bezeroak okupatzen zuen gela hustu eta etxekoentzako batean sartzeko agindu ziola. Inspekziokoak etortzekoak zirela salatu zioten, nonbait. Lekutan haren baimena! Esaten dizuet, gauza nola den hemen, ilegala! Hara joaten zaretenean, zuen etxera, esan ilegal itzuli zaretela, Kuban egin duzuen guztia ilegal izan dela. Jan duzuen guztia, ilegal. Ez da erraza, konpai! Kubako bizimodua ulertzekotan, behin baino gehiagotan etorri behar duzue. Askotan esaten didate atzerritarrek ez dutela hemengo bizimodua entenditzen. Eginahalak eta bi egiten dituzu, zuzen esplikatzeko, baina ez dute ulertzen. No posibol esaten dute, no posibol! Bisita bat ez da nahikoa gure uhartea entenditzeko. Zuek, behintzat, ongi hitz egiten duzue espainolez, atzerritar askok ez duen bentaja duzue, eta, hala ere, ez duzuela entenditzen esaten duzue! Berriz etorri behar duzue. Egiatan ari naiz…

–Lehengo batean, Prado eta Malekoi artean nintzela, hantxe bizi-taxi bat eta bi morroi, turista agerikoak, eta polizia. Han inguruan geratu nintzen, inoren zain banengo bezala, baina belarriak erne. Nonbait, turistek —frantsesak, nire iritzira—, nora edo nora eramateko eskatu zioten bizi-taxiari, baina polizia ere bertan fortunatu orduantxe, eta hura martingala! Bizi-taxia otzan eta isilik, poliziaren aurrean indarrik ez duela bazekien-eta. Turista frantses haietarik bat, berriz, poliziaren kontra herioan. Nahi zuen lekura joateko eskubidea zuela, nahi zuena morroi hartuta. Eztabaida gero eta berotzenago, polizia etxera eraman zituzten turista biak, buila eta hoska. Haiek kalapitan, libre joan zen bizi-taxia!... Turista haiek etxera heldu eta Frantzian kontatzen dutenean, sinestezina irudituko zaio jendeari.

–Kubari egingo dioten propaganda aparte. Txarra, alegia. Ez diete sinetsiko, ezin dute sistema hau ulertu. Eta zergatik iskanbila hori? Erraza da esplikatzen: nik 40 pesotan zaramaztedalako Habanatik Cienfuegosera eta estatuaren taxiek, aldiz, 120 kobratuko zizuetelako. Horrexegatik! Guaguan abiatu izan bazinete, 20 peso zenituzkete joanean, beste 20 etorrian, eta lau ordu eta erdi, onenean, bidaldi bakoitzean. Arinago nahi baduzu, estatuaren taxia hartu behar duzu, eta dolarra pagatu, zeuzea… Atzerritarra zukutzea besterik ez dute buruan. Esne asko ematen duen behia jaisten den moduan, jaitsi egin behar da turista. Zukutu. Larrutu. Behin ere ez dadin itzuli, nahiz eta Kuba ikaragarri gustatu. Horixe esaten didate-eta autoan ibili ditudan atzerritarrek, ikaragarri gustatzen zaiela. Belgikarrak, italiarrak, norvegiarrak, espainolak, frantziarrak… denetarik ibili ditut, eta denek maite dute Kuba. Zer ari dira agintariak? Turismoa alferrik galtzen! Esan izan didate: "Hemen astebetean gastatu dudan diruarekin, hamabost egun egin ditut Punta Canan, Dominikar Errepublikan, bost izarreko hoteltxoan!". Horixe da egia, horixe errealitatea. Hemen, herrialde kapitalista batean baino gehiago gastatu behar du turistak. Nola etorriko da, bada, Kubara! Gero eta gutxiago dator turista uharte honetara!... Atzerritarren artean laguna egiten dudalarik, etxe partikularrera eramaten saiatzen naiz, bertan jan eta lo egin dezan. Jan, seguru dakit hotelean baino hobeto egingo duela, ez Habana Librera ez inora. Etxekoa beti da jaki hobea, hobeto elaboratua, eta askoz ere merkeagoa. Utzi hotelekoa hotelekoentzat edo nahi duenarentzat! 100 dolar pagatu beharrean hotelean, eman 50 bizimodua aurrera nola atera ez dakienari, biok irabaziko duzue. Horretan nago ni, horretan izan naiz beti. Larrutik pagatzen duzu, eta inoiz ez zara gustura irtengo. Edo gutxitan… Habanan nahiz Cienfuegosen, inora joatekotan lau izarreko hotela behar duzu. Lau edo bostekoa, gero! Ni ez naiz egundo hor ibilia, kasu batean baizik. Behin, kanadar bi hartu nituen batean, eta Melia hotelean utzi. Mutilak ez zekien espainolik, baina neska hainbestean moldatzen zen. Hotelera bidean hizketan, ni auto gidari, esan nien bizian ez nintzela atzerritarrentzako hotel batean sartu. Heldu ginenean, barrura gonbidatu ninduten, tabernara. Coca-cola eskatu nuen, originala, ordu arte behin ere ez nuen-eta aukerarik izan. Hemen, izan ere, bertan egindako kola edariak saltzen dizkigu estatuak. Horretan, Coca-cola hark zenbat balio zuen galdetu nien. Bi dolar berrogeita hamar esan zidaten. 2.50! Esan nien: "Jakin izan banu, bizian ez nuen hartuko Coca-colarik hor!". Bi dolar berrogeita hamar! Zuk badakizu zenbat diru den hori guretzat? Krimena iruditu zitzaidan! Kriminala! Niri horrela iruditu zitzaidan. Dena den, ez dakit zuen dena delako herrialdean zenbat balio duen freskagarri latak… Bi dolar berrogeita hamar, lotsagarrikeria!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.