LITERATURA

Seamus Heaney idazle irlandarra hil da

Poesia eta saiakera landu zituen batez ere, eta edertasun lirikoz eta sakontasun estetikoz bete zituen bere testuak. Nobel saria eman zioten 1995ean. Gaixotasun baten ondorioz hil da, 74 urte zituela.

Igor Susaeta -

2013ko abuztuak 30

Batez ere poeta gisa nabarmendu izan da, eta orain dela 47 urte, 1966an kaleratu zuen aurreneko poesia bilduma (Death of a Naturalist), eta 2010ean azkenekoa: Human Chain. Bitarte horretan prosa landu zuen, itzulpenak egin zituen, antzerki obrak idatzi, eta irakaslea ere izan zen Oxfordeko, Harvardeko eta Berkeleyko unibertsitateetan, besteak beste. Adituen arabera, Irlandako poetarik esanguratsuena izan da, William Butler Yeatsekin (1865-1939) batera.

Derryn jaio zen, 1939an, eta haren lanetan nabaritzen da katolikoen eta protestanteen arteko bortikezkeriaren muinera jotzeko ahalegina. Aurreneko lanekin poeta nazionalistatzat jo zuten, eta Belfastetik Dublinera lekualdatzea erabaki zuen. Dena den, North (1975) lanean soilik hitz egiten du modu ireki batean bortizkeria horri buruz. Erritmikoki obra malgua da Heaneyrena, eta bizitasun handia eransten dio hizkuntzari, deskribatzen dituen pertsonen isiltasunarekin kontrastatuz.

Bere dokumentu guztiak (eskuizkribuak, orri solteak, makinaz idatzitako testuak, zirriborroak...) Irlandako Liburutegi Nazionalari eman zizkion orain bi urte.

Erlea aldizkariaren bigarren zenbakiak Heaneyren San Kevin eta xoxoa eta Glanmoreko xoxoa poemak kaleratu zituen 2010ean, Patxi Ezkiagak itzulita. Urte batzuk lehenago, 2006an, Luigi Anselmik Basaran Pattarra (Pamiela) itzuli zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna