EUSKARA

Xabier Kintana: "Haritxelarrek segida eman die Villasantek Euskaltzaindiarentzat ezarritako helburuei"

Jean Haritxelar euskaltzainburu ohia zendu da. 1989tik 2004ra arte izan zen Euskaltzaindiko buru, eta politikagintzan ere jardun zuen, bederatzi urtez Baigorriko auzapez izanda. Miarritzen hil da, 90 urte zituela. Bideoa: ordezkari ugari igaro dira hil kaperatik Haritxelarri azken agurra ematera.

Haritxelar, 2004an.
Haritxelar, 2004an. / Luis J./ARP

Jon O. Urain -

2013ko irailak 2

Jean Haritxelar Duhalde idazle, politikari, euskaltzain eta euskaltzainburu ohia (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1923ko maiatzaren 13a - Miarritze, Lapurdi, 2013ko irailaren 1a) zendu da gaur Miarritzeko erietxean, 90 urte zituela. Osasun arazo larriak zituen azkenaldian.

Hil kapera gaur ireki dute Baionako beilatokian, 09:00etan. 19:00 arte egongo da irekita; hileta, berriz, asteazkenean egingo dute Baigorrin, 16:00etan. Hainbat alorretako ordezkariak igaro dira hil kaperatik, besteak beste Euskaltzaindiko zuzendaritza eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano. 14:15 aldera joango da hil kaperara Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea.

Haritxelarren heriotzak "ustekabean" harrapatu du Garitano, eta nabarmendu du Euskaltzaindiarentzat bakarrik ez, "herrialde osoarentzat garrantzitsua" izan zela. Izan ere, Euskaltzaindiko buru zela eginiko lana goraipatu du Garitanok. Haren ustez, Haritxelarrek "gure hizkuntzarentzat erabakigarria den" Euskaltzaindiaren "oinarriak ezarri" zituen. "Euskal Herria atzo baino tristeago dago gaur", adierazi du.

Andres Urrutia, Xabier Kintana eta Xarles Bidegain euskaltzainen eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente Pantxoa Etxegoienen erreakzioak bildu ditu BERRIAk. Haritxelar euskaltzainburu "ona" izan zela gogora ekarri du Kintanak: "Villasantek Euskaltzaindiarentzat ezarritako helburuei eutsi eta segida eman die". Urrutia, Bidegain eta Etxegoienen adierazpenak, segidan entzungai:

Ibilbide oparoa alor anitzetan

Haritxelarrek hainbat alorretan egin zuen lan, baina euskararen aldeko jardunagatik izan zen ezagun. Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen, eta 1963ko uztailaren 28an, Baigorrin, irakurri zuen sarrera hitzaldia; sorterrian, beraz. 1966. urtetik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen eta 1989an izendatu zuten euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan. 2004ko abendura arte izan zen euskaltzainburu. Haren ordez, Andres Urrutia hautatu zuten euskaltzainburu. Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.

Okzitaniako Tolosako eta Sorbonako unibertsitateetan eta Saint Cloudeko irakasle eskolan goi mailako ikasketak egin zituen. Irakaslea izan zen 1952tik 1959ra Ageneko lizeoan. Bordeleko unibertsitatean gaztelania, euskara eta euskal literaturako irakasle izan zen, 1962tik 1986ra bete duen Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedrarekin. Letretan doktoretza lortu zuen 1969an, Sorbonako Unibertsitatean.

Halaber, Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen. Bertan, gainera, lau urtez izan zen irakasle. 1988an, Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatu zuen. 2004an, berriz, Manuel Lekuona saria jaso zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna