Txileko estatu kolpea

Kronologia

2013ko irailaren 8a
12:33
Entzun

1970eko irailaren 4a: Salvador Allende buru duen Unidad Popular ezkerreko koalizioa garaile suertatu zen hauteskundeetan. Gehiengo absoluturik ez zuen lortu, ordea. Beraz, hurrengo lehendakaria Allende edo eskuinaren hautagai Jorge Alessandri izango ote zen erabakitzea Txileko Kongresuaren esku gelditu zen.

1970eko urriaren 22a: Allende lehendakari izendatzea ekidin nahian, komando ultraeskuindar bat Rene Schneider Txileko armadaren buruzagi nagusia bahitzen saiatu zen, eta tiroz hil zuten Schneider bahitzaileei aurre egiten saiatu zenean.

1970eko urriaren 24a: Kongresuan egindako bozketan, Allende Txileko lehendakari izendatu zuten, Unidad Popular eta Demokrazia Kristauaren ordezkarien botoekin.

1971ko uztailaren 16a: Kobrearen nazionalizazioa arautzen zuen legea argitaratu zen.

1971ko abenduaren 2a: Oinarrizko zenbait produktu eta elikagairen eskasia zela eta, eskuinak protestaldi bat antolatu zuen, "lapiko hutsen ibilaldia" izenez ezaguna.

1972ko urriaren 10a: Patronalak lanuztea ezarri zuen garraio arloan. Horrek merkataritza ere geldiarazi zuen. Grebak urriaren amaiera arte iraun zuen, eta diru galera handiak ekarri zituen.

1973ko ekainaren 29a: Roberto Souper teniente koronela estatu kolpea ematen saiatu zen, baina porrot egin zuen. Askoren ustez, ahalegin hori pare bat hilabete geroago etorriko zenaren prestaketa baino ez zen izan.

1973ko uztailaren 27a: Eskuin muturreko talde batek Arturo Araya komandantea hil zuen. Araya Allenderen laguntzaile eta itsas arazoetarako aholkularia zen. Gobernua higatu eta Allende lehendakaritzatik egozteko asmoz hilabete batzuk lehenago hasitako atentatu eta eraso kanpaina baten gertaerarik larrienetako bat izan zen Arayaren hilketa.

1973ko abuztuaren 22a: Oposizioak, Kongresuan zeukan gehiengoa baliatuz, idazki bat onartu zuen. Bertan, "Errepublikaren konstituzio eta lege ordenaren haustura larria" gertatzen ari zela salatzen zuten. Hilabete hartan hasi ziren kolpea zuzenduko zuten militarren lehenengo bilerak, matxinada prestatzen hasteko.

1973ko abuztuaren 23a: Allendek Augusto Pinochet Ugarte armadaburu izendatu zuen. Antza denez, Pinochet hautatu zuen "apolitikoa" izatearen ospea zuelako.

1973ko irailaren 11: Goiz-goizetik, armadak Valparaiso hiria hartu zuen. Irratien bidez, militarrek agiri bat plazaratu zuten, boterea beren gain hartzen zutela adierazi eta Allenderi errendizioa eskatzeko. Presidenteak, baina, uko egin zion matxinatuen proposamenari, militarren kontroletik kanpo zegoen irrati bakarrean egindako adierazpen batean, Moneda jauregitik. Militarrek jauregia inguratu eta eraso egin zioten, tankeen bidez hasieran, airetik geroago. Matxinatuek jauregia hartu baino lehenago, bere buruaz beste egin zuen Salvador Allende presidenteak. Pinochetek hartu zuen herrialdearen gidaritza. Hamazazpi urtez iraun zuen diktadura militarraren hastapena izan zen hura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.