Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Via Catalanak eta independentzia aldarriak zeharkatu dute Katalunia

Publizitatea

Mundua

Via Catalanak eta independentzia aldarriak zeharkatu dute Katalunia

17:14an, elkarrekin bat egin dute ehunka mila lagunek, giza kate erraldoi bat osatzeko. Espainiako Guardia Zibilak moztu du katea Vinarosen, Castellon. Bartzelonako ekitaldian, Carme Forcadell ANCko presidenteak nabarmendu du Kataluniak "gure interesak eta duintasuna defendatzeko estatu bat" behar dituela, eta "atzerapenik eta denbora alferrik galdu gabe" galdeketa bat antolatzeko eskatu dio Masi. Berria.info-k Bartzelonatik bertatik aritu da gertakarien kontakizuna egiten, 'Berriketan.info'-ren bidez. Bideoa: Via Catalana, airetik (ETB).

2013-09-11 / Jon O. Urain

Amaitu da atzerako kontua. Kataluniako milaka eta milaka herritarrek independentzia aldarrikatu dute gaur arratsaldean Via Catalana cap a la independencia (Bide katalana independentziara) lelopean ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatutako giza katean. 1.600.000 lagun izan dira, Generalitateko Barne Sailaren arabera. Katalunia osoa iparraldetik hegoaldera zeharkatu du ekinaldiak, Pertusetik Alcanarrera, eta, tarte horretan, 86 herri eta 480 kilometroko tartea bete dute parte hartzaileek, eskutik helduta. Diadaren historia gogora ekartzeko helburuarekin, Lleidako Eliza Zaharraren kanpai hotsek hasiera eman diote giza kateari 17:14an. Izan ere, 1714. urtean Bartzelona konkistatu zuten tropa borboitarrek.

Mapa interaktiboa: Via Catalana, iruditan

Milaka boluntariok, ANCk herri gehienetan dituen batzordeetan antolatuta, logistika lan itzela egin dute azken hilabeteetan, ordu horretan dena prest egon dadin: parte hartzaileendako garraio zerbitzua, errepide ixtea, baimenak, material salmenta, hedabideak... Alimaleko lanak fruituak eman ditu, antolatzaileen arabera, 540.000 lagunek eman baitute izena Via Catalanarako.

Sortutako mugimenduaren adierazle, errepideak blokeatu egin dira Katalunia hegoaldean, giza katea osatzera doazen auto kopuruaren eraginez. Arratsean, pixkanaka sortuz joan da katea, eta 17:14rako norbere lekuan zeuden herritarrak. Gero, Lleidako Eliza Zaharrak markatu du hasiera eta Kataluniako kanpandegi guztiak joarazi ditu 17:14an, eta orduan hartu dizkiete elkarri eskuak giza katea osatu dutenek.

El Cant dels ocells, Ludwig van Bethovenen bederatzigarren sinfonia —Europako Batasuneko ereserkia— eta El Cant de la Senyera abestu du 17:14tik aurrera Bartzelonako Katalunia plazako koruak, hainbat helikopterok irudi ikusgarriak jasotzen zituzten bitartean.

Forcadell: "Herri bat gara, herri bat izan nahi dugulako"

Carme Forcadell ANCko presidenteak hartu du hitza Katalunia plazako ekitaldian. Hunkituta, azaldu du egun historikoa dela gaurkoa, eta Via Catalanaren arrakasta goraipatu du; herritarrek "borondatearen indarra eta askatasun desioa" adierazi dutela uste du Forcadellek.

"Herri bat gara, herri bat izan nahi dugulako", esan du. Haren iritziz, Kataluniak "tresnak" behar ditu krisi ekonomikotik irteteko; "estatu bat, gure interesak eta duintasuna defendatzeko".

Espainiako Gobernuak 2014ko erreferenduma debekatzen badu, 2016an hauteskunde plebiszitarioak egiteko aukera planteatu zuen Artur Mas Generalitateko presidenteak iragan ostegunean. 2014ko hasierako datari eusteko eskatu dio Forcadellek presidenteari. "Atzerapenik eta denbora alferrik galdu gabe" kontsulta bat antolatzeko eskatu dio, eta adierazi Kataluniaren porrotaren hirugarren mendeurreneko urteak —2014a— "askatasunaren lehen urtea" izan behar duela. Hori hala, independentzia "bideragarria eta beharrezkoa" dela aldarrikatu du.

Giza katea amaitu ondoren, Poliziak Gracia eta Gran Via pasealeku inguruak hutsarazi ditu, bonba mehatxu bat zela eta. Hala ere, baieztatu dute alarma faltsua zela, eta berehala ireki dute berriro eremua.

Ekitaldi instituzionala

Eguerdian, ordea, Kataluniako Parlamentuan ekitaldi instituzionala egin dute. 12:10ean hasi dute ekitaldia, euriaren eraginez 40 minutuz atzeratuta. Gobernuaren arabera, 6.000 lagun inguruk hartu dute parte; bertan, Salvador Espriu poeta eta katalana omendu dituzte. Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea eta Nuria de Gispert Kataluniako Parlamentuko presidentea izan dira ekitaldiko buruak. Alderdi guztiak izan dira bertan, PPC eta CUP izan ezik.

ANCrekin bilkura

Masek ez du parte hartu arratsaldeko giza katean, baina harrera egin die ANCko ordezkariei. Masen ustez, "mundu osoa harritu" egingo dute Diadak eta Via Catalanak: "Lupaz begiratzen ari dira Diada". Horrexegatik, katalanei kalera irteteko deia egin die; Katalunia "martxan dagoen herria" dela gaineratu du Masek.

Herritarren aldarria aintzat hartzeko eskatu dio Masek Espainiako Gobernuari. Haren iritziz, Via Catalanak berretsi egingo du autodeterminazio erreferendum bat egiteko borondatea, eta Madrili ohartarazi dio "Kataluniarekiko harremanean arazo larri bat" izango duela "aldarrikapen hori bideratzeko modurik" ez badio ematen.

Carme Forcadell ANCko presidenteak azaldu duenez, bilera "adeitsua" izan da ANC eta gobernuaren artekoa, eta bi aldeak ados azaldu dira galdeketa datorren urtean egitearen beharraz. Halaber, bat etorri dira galderak argia eta anbiguotasunik gabekoa izan behar duela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak