Estradizioa, Espainiako Gobernuaren eskuetan

2013ko irailaren 19a
12:35
Entzun

Espainiak berez ez ditu estraditatzen bere herritarrak beste herrialde batzuetara. Orain dela gutxi Marokok oker baten bidez indultatutako pederasta espainiar bat atxilotzeko agindu du, baina Espainiak ez du estraditatu Iraken jaioa izan arren Espainiako herritartasuna duelako. Arau horrek, ordea, badu salbuespen bat, eta lau torturatzaileen kasua salbuespen horretan sartu daiteke. Salbuespen dira, legediaren arabera, Espaniarekin hitzarmena sinatuta duten herrialdeek estradizioa eskatzen duteneko kasuak; Espainiak badu hitzarmen hori sinatuta Argentinarekin.

Ondorioz, Espainiako Ministro Kontseiluak erabaki beharko du lehenik Muñecas eta beste hiruak Argentinara estraditatzen dituen epaitu ditzaten. Mariano Rajoyren gobernua horren aldekoa balitz, erabakia Auzitegi Nazionalera pasako litzateke, aldeko eta kontrako argudioak aztertzeko. Ez dagoela horretarako arrazoirik erabakiz gero, eskaera itxiko litzateke.

Badaudela iritziz gero, ordea, berriro Espainiako Gobernuaren eskuetara iritsiko litzateke auzia. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak gaur esan du epaitegietako kontua dela hori. "Pentsatzen dut gai hori kooperazio judizialari dagokiola, eta justiziaren esparruari eragiten diola oinarrian", adierazi du goizean. 

Auzitegi Nazionalak elkarrekikotasun printzipioa erabili izan du maiz, eta horri eutsiz gero, estradizioa posible izango litzateke. Espainiak Argentinako diktadura militarreko zenbait arduradun epaitu izan ditu, eta horietako bi espetxean sartu ditu zigorra bete dezaten. Hala ere, estradizio eskaerak 4/1985 legearekin talka egingo du. 1985eko lege horrek dio delituak Espainian egin direnean soilik Espainiako justiziak ikertu ditzakeela horiek.

Argentinan ez bezala, Espainian 1977ko Amnistia Legeak indarrean jarraitzen du, nahiz eta memoria historikoaren aldeko hainbat elkartek bertan behera uzteko eskatu duten, giza eskubideen kontrako delitu larrien kasuan. Hala ere, Argentinak argudiatzen du epaitu ditzakeela Espainiak epaitu ezin dituen horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.