Eliza katolikoa

Keinuen atzetik

Urteetako zentsura eta zigorren ondoren, askapenaren teologiaren eta Vatikanoaren arteko harremanak aldaketa nabarmena izan dezake. Horren erakusle dira Frantzisko aita santuaren azken adierazpen eta erabakiak.

Frantzisko aita santua.
2013ko irailaren 22a
17:04
Entzun

Askapenaren teologiak Vatikanoko atea jo du beste behin, eta oraingoan badirudi beste aldean entzuteko prest dagoen norbait dagoela. Frantzisko aita santu izendapenarekin, mugimenduaren aldekoen artean baikortasun zuhurra nagusitu da. Izan ere, hamarkadetan askapenaren teologiaren bultzatzaileak zigortu eta jarraitu ditu Vatikanoak, eta Jorge Mario Bergogliorekin, zentsuraren eta zigorraren aroaren amaiera inoiz baino gertuago ikusten dute. Agintaldiko lehen sei hilabeteen ondoren, dena den, teologiaren aldekoak ez dira guztiz fio. Vatikanoko buruzagiak keinuak egin dituen arren, ez dute epe motzean aldaketa garrantzitsurik ikusten korronte horrek Eliza barruan izan dezakeen eraginari dagokionez.

"Joan Paulo II.aren eta Benedikto XVI.aren garaian teologoek jasan zituzten zigor gogorrak bertan behera uzteko eskatzen dugu, horien errehabilitazioarekin batera". Horixe dio Juan XXIII.a Teologia Elkarteak joan den irailaren 8an kaleraturiko txostenaren azken puntuak. Nazioarteko mila teologo inguru bildu ziren Madrilen, askapenaren teologiak gaur egun duen egoera aztertzeko helburuarekin. Horien arabera, urteetan zehar zigorrak pairatu dituztenen errehabilitazioa "justizia eskaera" da, baina baita "Elizaren aldetik ikusmin handiarekin espero dugun erreformarako baldintza" ere.

Bergoglioren izendapenarekin, gertuago ikusten dute helburua. Argentinarra, jesuita, eta askapenaren teologiaren bultzatzaileekin batera lan egin zuen Buenos Airesko Jesusen Konpainian probintziala zenean. Dena den, aita santuak ez ditu zalantza guztiak uxatu, apenas egin baitu aipamenik mugimenduaren inguruan. Joxe Arregi frantziskotar ohia ere mesfidati agertu da Frantziskok hartu ditzakeen erabakien aurrean: "Orain arte ez du kondena hitzik erabili, eta pobreen aldeko adierazpen ugari egin ditu. Ikusteko dago, halere, estrategia eta itxura kontua den batik bat ala eraldaketa sakon bat bultzatu nahi ote duen benetan". Joxe Arregik 2010ean utzi zuen frantziskotar ordena eta apaizgoa, Eliza barrutik pairatutako presioak eraginda. Inazio Arregi jesuita ere nahiko baikor azaldu da aita santu berriak hartu ditzakeen erabakiekin: "Askapen teologiako gizonik aipagarrienak ere bere alde jarri dira. Ez dut uste mugimenduaren aurka jarriko denik, baina berehalako erabakiak eskatzea agian gehiegizkoa iruditzen zait".

Madrilen bildutako teologoak ere ez dira fio. Aita santuak azkenaldian egindako bidaiak hartzen dituzte erreferentzia gisa. Adibidez, Brasilera egindako bidaian, ez zuen askapenaren teologia aipatu ere egin. Ez hori bakarrik. Brasil izan zen mugimenduaren sorterri nagusienetako bat, eta herrialde horretan askapenaren teologiaren aldeko hainbat teologo zein apaiz daude. Vatikanoko buruzagiak, ordea, ez zuen inor bisitatu.

Agintera iritsi zenetik, baina, aita santuak askapenaren teologiaren ingurura gerturatzeko keinu txiki batzuk egin izan ditu. Frantziskok idatziko duen lehenengo entziklikak, adibidez, Beati pauperes (zorionekoak txiroak) izena izango du, eta urte amaiera aurretik kaleratzeko asmoa dutela adierazi dute. Aurrerapauso gisa uler al daiteke? Ala mugimenduarekiko ulermena adierazteko era sinplea besterik ez da? Joxe Arregiren hitzen arabera, "zaila da eraldaketa erradikalik ikustea. Horretarako, erabateko demokrazia ezarri beharko luke Eliza katolikoan, eta horrek erakunde osoa hankaz gora jartzea eskatzen du". Entziklikaren argitaratze hori, dena den, ez da Bergoglio aita santuak izan duen keinu bakarra.

Hautsak harrotu dituen gertakari nagusia Gustavo Gutierrez teologo peruarraren eta aita santuaren arteko bilera pribatua izan da. Frantziskok  joan den irailaren 11n jaso zuen Gutierrez; mugimenduari izena eman zion teologoa, hain zuzen ere, 1971. urtean izen berarekin kaleraturiko liburuarekin. Harekin bildu aurretik, gainera, Vatikanoko L'Osservatore Romano egunkariak txoko bat eskaini zion De parte de los pobres. Teologia de la liberacion (1979) liburuari, Gutierrezek orain Fedearen Doktrinarako Kongregazio buru Gerhard Ludwig Muellerrekin batera idatziriko testua, hain zuzen ere. Erabaki horrek zalantzak eta erantzunik gabeko galderak sortu zituen Vatikanoko sektorerik kontserbadoreenetan. Keinu horiek, baina, ez direla liskarrerako arrazoi izango nabarmendu nahi izan du Inazio Arregik. "Teologiaren edo dogmaren gai nagusiak, oraingoz, albo batera utzi ditu; benetako garrantzia justiziari, pobreziari eta pastoralari eman dio".

Opus Deik begi txarrez ikusi ditu Frantziskoren imintzioak. Juan Luis Cipriani Limako kardinalak, adibidez, gaitzetsi egin zuen Muellerren jarrera, aita santuaren eta Gutierrezen arteko bilera bultzatu baitzuen: "Mueller apur bat inuzentea da. Nire ustez, bere lagun Gutierrez bide onetik eraman nahi du, eta Eliza katolikoan txertatu. Bilera erabili egin dute, Vatikanoa eta askapenaren teologiaren arteko hurbilketa dagoela esateko, baina korronte horrek min handia egin dio Elizari urteetan". Aita santua izendatzearekin batera sortu ziren lehenengo zalantzak Opus Deiren barruan, Bergogliok Frantzisko aukeratu baitzuen izen gisa; txiroen santua, alegia. Aita santuak eman dituen pauso aurrerakoiak, eta bere hitzaldiek eduki duten kutsu iraultzaileek Eliza barruko sektore kontserbadoreenak aztoratu dituzte.

Monsinore Oscar Romero artzapezpikuaren irudia ere gogoan izan du aita santuak lehen hilabete hauetan. Urteetan Vatikanoak Romeroren beatifikazio prozesua blokeatu eta bertan behera uzteko ahaleginak egin ondoren, Bergogliok egoerari irtenbide bat ematea erabaki zuen joan den apirilean. Aurretik, Joan Paulo II.ak eta Benedikto XVI.ak prozesua geldiarazi zuten, Romero askapenaren teologiaren eta gizarte borrokaren ikurra bihurtu baitzen hil ondoren. 1980ko martxoaren 24an hil zuten Romero, minbizidunen ospitale batean meza ematen ari zela. Bezperan El Salvadorreko soldaduentzako hitzaldi polemiko bat eman zuen, eskubide zibilak aldarrikatzen zituztenen aurkako erasoak bertan behera uzteko eskatuz.

Urteetan, isildua

Ez du ibilbide erraza eduki askapenaren teologiak azken hamarkadetan. Joan Paulo II.ak eta Benedikto XVI.ak gogor jarraitu eta zigortu zuten mugimendua, eta baita bertako bultzatzaile nagusiak ere. Askapenaren aldeko mugimendua arriskutsua omen da botere erlijiosoarentzat, herri fededuna bere buruaren jabe aitortzen eta egiten baitu, Jainkoak izendatu omen duen hierarkia hautsiz. 1984an Joan Paulo II.ak Joseph Ratzinger bera aukeratu zuen Fedearen eta Doktrinaren arduradun nagusi gisa, eta aita santuaren inguruak hasieratik ekin zion korrontea baztertzeari. "Ratzingerrek 1984an mugimenduaren aurkako dokumentu gogor bat argitaratu zuen, sasi-argumentuz eta salaketaz betea: analisi marxista baliatzen zutela, gizartearen eraldaketa materiala bakarrik bultzatzen zutela, Elizaren misterioa ukatzen zutela... Aitzakiak besterik ez ziren, indarrean zegoen bidegabeko ordenari eta botere hierarkikoari eusteko", dio Joxe Arregik.

Hans Kung, Leonardo Boff, Juan Jose Tamayo, Ernesto Cardenal, Jon Sobrino, Joxe Arregi bera... Azken hamarkadetan Elizak zigortu dituenen adibideak dira. Benedikto XVI.ak eta Joan Paulo II.ak fedearen aurkako mugimendutzat jo zuten askapenaren teologia, eta, aldi berean, jatorri komunista eta marxista zuela adierazi zuten. Zigor gisa, kongregazioetatik kaleratzea, zentsura, eta nahitaezko erbesteratzea ezarri zituzten, besteak beste. "Ez dut uste aita santu honek inoiz esango duenik: 'Sentitzen dut. Eliza hierarkiak huts egin du: Joan Paulo II.ak eta Ratzingerrek bidegabeki kondenatu zituzten teologo horiek. Barkamena eskatzen diet kondenatuei'. Izatekotan ere, teologo horienganako hurbilketa bat izango da, eta tolerantzia gehiago, baina orain ez litzateke hori oso arriskutsua izango teologo horiek ez baitute jada hainbesteko indarrik", nabarmendu du frantziskotar ohiak.

Zigortuen zerrenda horrekiko barkamenik ez duela adieraziko uste du Inazio Arregik ere. Ez epe motzean, behintzat. "Berehala beharbada ez. Berak bakarrik hain erabaki handiak ez ditu hartuko. Besteen babesa eta kontseilua beharrezkoa izango du".

Euskal Herrian ere indarrarekin sartu zen askapenaren teologia. 70eko hamarkadan, frankismoa oraindik indarrean zegoela, mugimendua aldarrikapen politiko zein kulturalekin lotu zuten askok. Euskal Herria kinka larrian zegoen, eta Hego Amerikako kontzientzia iraultzaileak eragin handia izan zuen korrontearen aldekoen artean. "Oinarriko kristau elkarte ugari sortu zen, gazte sutsu eta ekintzailez osatuak. Elizgizon asko sartu ziren askapenaren proiektuan, eta haiek izan ziren mugimenduaren eragile nagusia. Herria-2000-Eliza da agian horren adierazlerik argiena", gogorarazi du Joxe Arregik.

Gaur egun mugimenduak munduan duen egoera, dena den, ez da oso samurra. Indarra galdu du, itzaltzen ari da; aurretik Vatikanoaren aldetik izan duen jazarpenak bere eragina izan du hein batean, eta azken hamarkadetako oihartzuna galdu du. Elizak ezarritako neurri gogorrek 70eko hamarkadan sorturiko loreak moztu zituzten, baina udaberria urtero itzultzen da. Eta, itxuraz, iritsi berri da.

Jazarpena, ordea, ez da ahuleziaren arrazoi bakarra. Joxe Arregik belaunaldiek mugimenduari eman dioten etena azpimarratu nahi izan du: "Eliza guztietan bezala, askapenaren Elizan ere sekulako etena gertatu da belaunaldi zaharraren eta gaztearen artean. Ez dago jarraipenik. Ez dago lekukoa hartuko duenik". Horren inguruan, Elizak egindako diagnostikoa kritikatzen du frantziskotar ohiak. "Gizartean kokatzen du arazoa, ez eliz erakundean; errudunak belaunaldi berriaren gabeziak omen dira, eta ez Elizaren beraren gabeziak. Eta, beldurturik, bere baitan itxi da trikua balitz bezala".

Askapenaren teologiak izan duen aldaketa ulertzeko, baina, Inazio Arregik beharrezkotzat jotzen du egoerak izan duen garapena ulertzea. "Askapenaren teologiak, sortu, eta indarra hartu zuen urteetan, Hego Amerikan hainbat diktadura zeuden: Txile, Argentina, Guatemala, Haiti... Gainera, Monsinore Romeroren hilketa eta Salvadorren gertatutako sarraskiak oihartzun handia izan zuen". Gaur egungo mugimenduaren ingurukoen jarrerak, ordea, beste bat izan behar duela nabarmendu du. "Egungo askapenaren teologoak beste testuinguru batean kokatu behar ditugu. Jorge Costadoat irakasle txiletarrak dioen moduan, negargarria litzateke oraingo teologoek iraganeko testuinguruan bezala jarraituko balute. Gauzak asko aldatu dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.