New Yorkeko Euskal Etxea

Ehun urtez bizirik

New Yorkeko Euskal Etxeak 100 urte bete zituen joan den irailaren 18an, eta 1913an ereindako haziek uzta oparoa eman dute gaur arte

Cherry Streeteko lehen Euskal Etxearen eraikina, Centro Vasco Americano izenarekin.
2013ko irailaren 29a
15:10
Entzun

Mende bat baino gehiago da Euskal Herritik ehunka lagun Ameriketako Estatu Batuetara etortzen hasi zirela. Baita New Yorkera ere. XX. mendearen hasieran Hego Ameriketako portuetatik inguratzen ziren ekialdeko kostaldeko hirira, eta trenbide sarean, itsasontzietan edo jatetxeetan lan eginez eramaten zuten bizimodua aurrera.

1905 inguruan, Water kaleko etxeko sotoan bost euskaldun elkartu ziren: Escolastico Uriona, Valentin Agirre, Elias Agirre, Juan Cruz Agirre eta Toribio Altuna. Ordukoa da elkarte edo zentroren bat sortzeko lehendabiziko ideia.

Garai hartan, edozein ezbehar gertatuz gero ez zegoen inolako laguntzarik. Badirudi New Yorkera iritsi berri ziren eta ostatu batean zeuden bi gazte hilik aurkitu zituztela; gasaren bidez sortzen zen argirik ez zuten ezagutzen, eta hura gaizki erabilita gertatu zen ezbeharra. Emili Doyaga unibertsitate irakasle eta euskal etxeko bazkideak History of Euzko Etxea of New York -en kontatzen duen bezala, "hura izan zitekeen talde hori mugiarazi zuen gertakaria". 1913. urtera arte, ordea, ez zen elkartea osatuko.

Cherry Street kalean bazegoen farmazia bat. Angelo de Sappolo izeneko italiar amerikar baten negozioa zen, eta hark euskaldunekin harreman handia zuen. Garai hartan asko bizi ziren kale horretan. Hark proposatu zien euskaldunei italiarrek zituzten antzeko estatutuak onartzeko. Euskaldunek hori nola egiten zen ez zekitenez, laguntza ere eskaini zien, eta Scutaro aseguru agentea eta Fiorello La Guardia abokatua aurkeztu zizkien —La Guardia handik urte batzuetara New Yorkeko alkaterik ezagunenetako bat bihurtuko zen—. Bien laguntzarekin sortu zen Central Vasco-Americano Sociedad de Beneficencia y Recreo elkartea. Nahastuta, centro jarri beharrean central hitza erabili zuten. Gerora zuzendu zuten izena.

Hamahiru lagunek osatu zuten elkarte hura sorreran: Valentin Agirre, Juan Cruz Agirre, Elias Agirre, Juan Orbe, Florencio Iturraspe, Tiburcio Uruburu, Toribio Altuna, Jose Altuna, Estanislao Beobide, Gabriel Elustondo, Guillermo Garai, Nicolas Luzuriaga eta Escolastico Urionak. Azken hori bilakatu zen lehendakari lehen urtean, eta ondoren, urte askoan, Valentin Agirre.

Gloria Totorikaguena euskal diasporaren ikertzaileak ondo kontatzen du Valentin Agirre eta Benita Orberen istorioa: Zortzi seme-alaba izan zituzten, eta bien artean Santa Lucia Hotel (Casa Vizcaina ere esaten ziotena) zabaldu zuten, Jai Alai jatetxearekin eta bidaia agentziarekin batera. Garai hartako euskaldun ezagunenetakoak bihurtu ziren New Yorken.

1892az geroztik, Europatik Estatu Batuetara legepean etorri ziren 12 milioi etorkinak Ellis Island izeneko uharteko kontrol gunetik pasa ziren —1954an itxi zuten arte—. Baita milaka euskaldun ere: nekaturik eta erdi galdurik zeudenen bila joaten ziren Valentin Agirre edo haren semeetakoren bat, "euskaldunen bat ba al da hemen?" oihukatuz. Haiei ostatu eman, eta mendebalderako bidaiak prestatzen laguntzen zien familiak (ibilbideak, trenerako txartelak...).

Urte haietan guztietan, Nevada, Kalifornia, Idaho edo Oregonerako bidaia abiatu aurretik, euskal herritar asko hartu zituzten etxean Agirrek eta Orbek. Iritsitako beste batzuk, ordea, apenas mugitu ziren New Yorketik. Herrietako arrantzaleak izanik, bertan geratu ziren portuko lanak eginez edo beste zenbait zereginetan, eta poliki-poliki euskal komunitatea haziz joan zen New York hirian.

1928. urtean erosi zuten, 79.000 dolar ordainduta, Cherry kaleko 48. zenbakian lehendabiziko eraikina. Eta urte hartan bertan zuzendu zitzaion izena, elkartea Centro Vasco Americano bilakatuz.

Euskal Herriko probintzietan jaiotako gizonezkoak bakarrik izan zitezkeen bertako kide. Edo, bestela, aita euskal herritarra zela frogatzen zuen semea. Amaren aipamenik ez da egiten. Estatutu haien arabera, 50 dolar ordaindu behar izaten zituzten bazkideek hilero. Kideren bat gaixotuz gero, diru kopuru jakin batez laguntzen zitzaion denboraldi batez. Bileretan debekatuta zegoen gai politiko eta erlijiosoez eztabaidatzea, hizkuntza desegokia erabiltzea, errespetua galtzea eta edozeini fisikoki edo hitzekin jazartzea.

Jose Altuna Giputxi edo Gipuzkoarra izenez ezaguna zen gizonezkoak egiten zuen diru bilketa: New Yorkeko garraiobide publikoarentzat lan egiten zuenez, hirian zehar dohainik mugitzeko aukera zuen, eta hura joaten zen bazkideengana, etxez etxe diru kuota bilduz. 30 urtez izan zuen zeregin hori.

30eko hamarkadan, dantza ikastaroak, piknikak Brooklyngo Ulmer Park-ean eta futbol partidak antolatzen zituen Centro Vasco-Americanok.

1940ko hamarkadan, berriz, gerraren ostean, Juventud deituriko gazte taldea sortu zen. Gazteak ez ziren ongi moldatzen elkarteko adinekoenekin, eta liskar bat baino gehiago izan zituzten garai horietan. Gerora, 60ko hamarkadako gazteen errebolten aurrekaria izan zen hura. Elkarteko zaharrenek gazte elkartea deseginarazi egin zuten. Asko ez ziren gerora berriro bueltatu. Ordurako, Cherry Streeteko etxea utzi eta Madison Streeteko 95 zenbakira mugituta zeuden.

East Broadwayko 71 eta 63 zenbakietan ere (Chinatown) izan zituen egoitzak Centro Vasco Americanok, baina, azkenean, 1973an Eckford Streeteko 307 zenbakian (Brooklyngo Greenpoint auzoan) garai batean eliza ortodoxoa izandako eraikin bat erosi zuten. Bazkideen laguntzarekin berritu ziren bi solairuak, eta hori da ordutik izan duen egoitza. Behekoan sukaldea, taberna, jangela, bilera gela, hizkuntzak erakusteko gela eta komunak daude. Goikoan, berriz, 400 pertsona hartzeko ahalmena duen areto bat. 1980. urtean, izena aldatu zitzaon, eta Euzko Etxea bihurtu zen.

Nabarmentzekoa da emakumeen Andrak izeneko elkartea ere. 80ko hamarkadara arte emakumeek ezin izan zuten eskubide guztiekin bazkide izan. Horregatik, Andrak elkartean biltzen ziren.

New Yorken 1941etik 1949ra Eusko Jaurlaritzak izan zuen ordezkaritzako eta gobernuko kideak ere parte hartzaileak izan ziren garai hartako ekitaldietan. Jose Antonio Agirre lehendakari ohia ere orduko Euskal Etxeko kide askoren artean ikus liteke zuri-beltzeko hainbat argazkitan.

1950. eta 1963. urteen artean, Jon Oñatibia organo jotzaile, txistulari, dantza koreografo eta euskal filologoak bultzatuta, Euzkadi dantza talde arrakastatsuak urte oparoak bizi izan zituen.

Gaur egun ez dago dantza talderik, eta Euskal Etxea ekitaldietarako, bilera irekietarako eta euskara ikastaroetarako egoten da irekita.

Baina sorreratik gaur eguneraino Euskal Etxetik pasatako jende ezagun eta ez hain ezagunen zerrenda osatzea lan izugarri nekeza eta konplexua izango litzateke. Zerbaitegatik da-eta Ameriketako Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena mendea irailaren 18an bete duen New Yorkeko hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.