Gizartea

Euskal curriculuma “atzerapenik gabe” garatzeko eskatu dute ikastolek

Ikasturte hasierako ekitaldia egin dute gaur eguerdian Andoainen. Elkarlana eskaini du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak. “Unea erabakigarria da”.

ainara arratibel gascon
2013ko irailaren 28a
15:17
Entzun

Euskal curriculuma garatzen jarraitzea, negoziaketa kolektiboaren bidez lan hitzarmena adostea eta kooperatiben inbertsio deialdiaren negoziazioa bultzatzea. Hiru helburu horiek izango dituzte aurtengo ikasturtean Euskal Herriko Ikastolek. Gaur eguerdian egin dute ikasturte hasierako ekitaldia Andoaingo Bastero Kulturunean (Gipuzkoa). Bertan euskal curriculuma eta Hezkuntza Lege berria batera garatzeko beharra nabarmendu du Koldo Tellitu lehendakariak. “Batak bestea behar du, derrigor. Uste dugu, gainera, egitasmo horrek ezin duela atzerapenik izan. Une erabakigarria da hau, eta zapuzten uzten badugu, ondorioak oso kaltegarriak izan daitezke”. Elkarlana eskaini du horretarako Tellituk. “Adorez, determinazioz, batasunez eta adostasunez ekiteko unea iritsi da”.

Ikastolek iazko ikasturtean aurkeztu zuten euskal curriculuma garatzeko EKI proiektua. “Horretan sakonduko dugu, ikasmaterialak ekoiztuz eta irakasleen prestakuntzan eraginez”. Denen arteko ekimena izan behar duela berretsi du Tellituk. Lan hitzarmen bat adostea ere beharrezkoa ikusten du. “Eusko Jaurlaritzak, aldebakarrez, gure langileen soldatak murriztu zituenetik une korapilatsu bat bizi dugu. Hori konpontzen ahalegintzen ari gara, baina bitarte horretan akordio bat lortu beharra dugu. Krisi garai honetan ahalegin handiagoa egiteko prest gaude, baina ikastolen bideragarritasuna arriskuan jartzen ez badu”. Inbertsioen alorrean, “elkarlana” eskatu dio Tellituk Eusko Jaurlaritzari.

Espainiako Gobernuak proposatutako hezkuntza erreformaren aurrean ikastolak ez direla geldirik egongo esan du. “Espainiako Gobernuari erakutsi behar diogu ez dugula onartzen inposatutako hezkuntza erreforma atzerakoi eta doktrinatzailea. Hezkuntza propio bat nahi dugu, herri honetan eta herri honentzat egina”. Hala, dei egin du urriaren 12an hezkuntza erreformaren kontra Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera.

Gaurko ekitaldian izan da baita ere Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Curriculuma eta hezkuntza legea garatzerako orduan elkarlanerako deia egin du, eta berretsi du Espainiako Gobernuak proposatutako hezkuntza erreformak ez diela balio. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ikastolen urteetako lana nabarmendu eta eskertu du.

Omendutako ikastolak

Hain zuzen ere, ikastolen sorreran aitzindariak izan ziren zortzi ikastola omendu dituzte gaurko ekitaldian, mende erdia bete baitute. Hauek izan dira omenduak: Andoaingo Aita Larramendi ikastola, Portugaleteko Asti Leku ikastola, Elgoibarko ikastola, Errenteriako Orereta ikastola, Pasai Lezoko Lizeoa, Lekeitioko Ramon Maria Azkue ikastola, Lazkaoko San Benito ikastola eta Donostiako Santo Tomas Lizeoa.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.