Bertsolaritza

Jon Martin sailkatu da Villabonan finalaurrekoetarako

Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa larunbatean jokatuko da, Markina-Xemeinen.

Jon Martin, atzo. /
Jon Martin, atzo. / Jon Urbe/ARP

Berria -

2013ko irailak 30

Atzo hasi zen Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusia. Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) jokatu zen lehen kanporaketa, eta, 654 puntu eskuratuta, Jon Martin sailkatu zen lehen postuan finalaurrekoetarako. Harekin batera Amets Arzallus eta oraindik zehazteko dauden beste lau bertsolari izango dira azaroaren 9an Gernika-Lumon jokatuko den finalaurrekoan.

Aurretik, ordea, beste lau kanporaketa jokatu behar dira, finalaurrekoak osatzeko. Atzo, nahiz eta azken orduan kanporaketa lekuz aldatu jende gehiago sartzeko, Olaederra kiroldegia ere bete egin zuten 970 bertsozalek. Hau izan zen sailkapena: Jon Martin, 654; Alaia Martin, 653; Nerea Elustondo, 639,5; Odei Barroso, 632; Fredi Paia, 631,5; eta Iker Zubeldia, 607,5.

Senideei, arrebari eta adiskideei eskertu zien Jon Martinek garaipena. Kartzelakoan tratu txarrei buruz kantatu zuen:

Goiko pisuan eztabaida bat / oihuz, karrasiz, intziriz / entzun nahi ez ta entzun beharra / tokatu nere belarriz. / Eskilaratan gora joan naiz / iristeko presa biziz / ta emaztea han atera da / lurra odol ttanttaz bustiz / bizi lagunak jo egiten du / gaurkoan behin eta berriz /inork ikusi nahi ez lukeena / ikusi dut nire begiz.

Dirudienez gizarte hontan / zerbait egin dugu oker / basakeria zabaldu baita / munduan bazterrik bazter / ta pentsatu dut ertzainei deitu / behar niekela laster / baina buruak hala esaten dit / ez ez da gertatu ezer; / ta bapatean nere barruan / beldurrak egin ahal dit leher? / Deitu dezaket ta nere bila / etortzen bada gero zer?

Egia berez gauza ona da ta nik ez dut ukatuko / baina batzutan egia batzuk / ez dira gure gustuko / apenas diren haiek ezagun / nahiz ta izan hain gertuko / nahi ez dudala bilakatu naiz / indarkerian lekuko. / hiru lau pentsatu arren / deitu egin dut eta punto / putakume horrek ez du berriro / beste inor ikutuko.

Bigarren kanporaketa Markina-Xemeinen (Bizkaia) jokatuko da, larunbatean, 17:30ean. Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria eta Onintza Enbeita ariko dira. Markina-Xemeingo kanporaketako sarrerak jadanik salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean. Egun horretan, gainera, Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna ospatuko da Markina-Xemeinen bertan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna