atxiloketak

Milaka herritarrek gaitzetsi dute Herrira-ren aurkako polizia operazioa

Guardia Zibilak Herrira-ren aurkako operazioa egin du Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Hernanin, eta hemezortzi kide atxilotu ditu, Eloy Velasco epailearen aginduz. Egoitzak ixteko agindua eman du epaileak, eta bankuetako eta sare sozialetako kontuak blokeatzeko. Bake prozesuaren alde egindako lana "kriminalizatzeko nahia" salatu du kolektiboak Baionatik.

'Alde hemendik' leloa EAren egoitzan

Berria -

2013ko irailak 30

Iluntzean milaka herritarrek egin dute bat, Herrira-ren aurkako polizia operazioa salatzeko antolatutako protestekin. Herri askotan egin dituzte elkarretaratzeak eta manifestazioak. Hernanin (Gipuzkoa), Herrira-ren egoitzaren inguruan ehunka lagun elkartu dira, egoitza miatzen jarraitzen baitute poliziek. Iluntzean, elkarretaratuen aurka oldartu dira ertzainak une batean.

Bilbon ere miaketa egiten jarraitzen dute guardia zibilek, Arriaga ondoko egoitzan, eta han inguruan egin dute protesta herritarrek, "konponbide garaia da" eta antzeko leloak idatziak zituzten txartelekin. EAk gainean du egoitza, eta "Alde hemendik" idatzia zuen pankarta bat zintzilikatu dute balkoitik.

Donostian eta Gasteizen, berriz, manifestazioak egin dituzte, eta ehunka eta ehunka herritarrek bat egin dute protestarekin. Baionan eta Iruñean, aldiz, elkarretaratzeak egin dituzte; Iruñean, PPren egoitzaren aurrean, eta Baionan, Espainiako kontsuletxearen atarian. Protesta guztietan eskatu dute atxilotuak aske uzteko, eta era horretako erasoak amaitzeko.

Gaurko polizia operazioa Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiak Parot doktrinaren inguruan hartu behar duen erabakiarekin lotu du Herrira-k. "Espainiako Estatuak bake prozesuaren aurrean duen jarrera erakusten du", azaldu du ohar batean presoen eskubideen aldeko kolektiboak, eta salatu du hain zuzen bake prozesuaren alde egin duten lana "kriminalizatu" nahi dutela.

"Orain dela urte eta erdi jaio zen Herrira, eta harrezkero, bere aldarrikapenak Euskal Herrian eta Europan egin ditu, leku bat egin du eta euskal preso eta errefuxiatuen eskubiden alde jardun da lanean. Egiten duen lana bake prozesuaren alde egiten du", dio Baionatik zabaldu den oharrean.

Hemezortzi atxilotu

10:30 inguruan sartu da Guardia Zibila Herrira-ren egoitzetan. Hemezortzi lagun atxilotu dituzte: Jexux Mari Aldunberri, Jon Garai, Jose Antonio Fernandez, Nagore Garcia, Sergio Labaien, Manu Ugartemendia, Eneko Villegas, Roberto Noval, Ibon Meñika eta Oscar Sanchez Hernanin. Horiez gain, Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Imanol Karrera, Fran Balda, Beñat Zarrabeitia, Ane Zelaia eta Gorka Gonzalez atzeman dituzte.

Hamar lagun Herrira Hernaniko egoitzan egiten ari zen batzarrean atxilotu dituzte. Gainerako zortzietatik bost Gipuzkoan, eta bana Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Polizia operazioa Ertzaintzaren babesarekin egin du Guardia Zibilak. Albistea zabaldu eta berehala, hainbat lagun bildu dira egoitza horien inguruetan.

Amaia Esnal Bateragune auzian izan zen auzipetua, eta Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen 2011n. Beñat Zarrabeitia Gara egunkariko kazetaria da. Sergio Labaien ere kazetaria da. Meñika 2006an atxilotu zuten, ezker abertzaleko gazte antolakundeen bozeramaile izatea egotzita.

Eloy Velasco epaileak Herrira-ren egoitzak ixteko agindua eman du, eta sare sozialetan dituzten kontuak eta diru kontuak blokeatzeko. Operazioa Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Instrukzio Epaitegiak agindu dute, Velasco buru dutela. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako komandantzietako guardia zibilek parte hartu dute operazioan, Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, "beste unitate batzuen laguntzarekin".

"ETAren tentakulu"

Agerraldi bat egin du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, operazioaren berri emateko. Herrira "ETAren tentakulua" dela esan du, eta berretsi Madrilek ez duela erakunde armatuarekin negoziatuko. "Zuzenbide estatua ez dago etenda; gobernuak ez dio egin beharrekoa egiteari utzi ETAren desegitea lortzeko".

Fernandez Diazen esanetan, Herrira-k "bere egin ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren helburuak, egitura, funtzioak, metodoak, finantzaketa erak, ikonografia eta sare komunikatiboa". Horrek "agerian" uzten du Herrira AAMren oinordekoa dela, Fernandez Diazen arabera.

"Ongi-etorri kanpaina"

ETAko kideen omenaldiak antolatzea leporatzen die Guardia Zibilak atxilotuei, omenaldi horietan "delituak justifikatu eta ETA erakunde terrorista goratu" egiten dela argudiatuta. Gaineratu du, pasa den udan "ongi-etorri kanpaina" bultzatu dutela atxilotatukoek. Horietan ETA goratu eta justifikatu egin dela dio, eta horrek biktimen salaketa "asko" ekarri dituela, "mespretxatu dituztelako".

Egoitzak ixteaz gain, @Herrira_info eta Twitterreko beste 31 kontu eta Facebookeko 125 kontu inguru ixteko agindu du. Horiez gain, El Mundo-k dioenez, 38 webgune ixteko ere agindu du epaileak. Baita Herrira-ren diru kontuak ere. Hain zuzen, Imanol Karrerak atzo Xaporen atxiloketaren harira idatzi zuen bere azken txioa, kartzelak hustu behar direla esanez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna