Iritzia. Xabier Soto: Ta zer ez da berdin

 

Berria -

2013ko urriak 4

Ta zer ez da berdin


Ez dira betiko garai onenak. Azken finean gizaki hutsak gara. Bai, aitortzen dut: izenburua eta testuaren hasiera abesti desberdinen letrarekin osatuta daude, biak ere Hertzainak taldearenak. Hitz egin dezagun bada Hertzainetaz, Herriaren zaindariak izan beharko liratekeen horietaz. Hitz egin dezagun Herrira-ren aurkako operazio politiko-militarraz. Izan ere, astelehen eta astearteko irudiek 80ko hamarkadako garairik latzenetarikoetara itzularazi gaituzte bat-batean, Back to the future pelikularen euskal remake makabro bat ikusten ariko bagina bezala.

 Hala ere, sinetsi nahi dut Espainiako katakunbetatik orkestratutako Herrira-ren aurkako operazioaren ondoren ezer ez dela berdina izango. ETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuenetik, bake prozesua —hau existitzen bada— bere egoerarik okerrenean dago #sindudarikgabe, baina honek ere badu irakurketa optimista bat: hemendik aurrera gauzek onera besterik ezin dute egin.

 Astelehen gauean Hernanin (eta beste hainbat tokitan) Espainiako Guardia Zibilaren esanetara aritu ziren Ertzainen indarkeriazko jarrera kontuan hartuta, hainbat alorretan aldaketak saihestezinak izango direla deritzot. Alde batetik, EAJ eta Sorturen arteko erlazioak, bakegintzari dagokionean behintzat, ondo bideratu beharko dira; ez badugu haien arteko zubi-arteko hobi igaroezina eraikitzerik nahi. Beraien ardura izango da hau horrela izatea, eta honetan behintzat haiengan konfidantza badaukat.

 Beste alde batetik, bai EH Bilduk bai Eusko Jaurlaritzan agintean den EAJk berak hainbeste aldiz aipaturiko Ertzaintzaren birmoldaketa inoiz baino beharrezkoagoa dela erakusten dute Amalur Mendizabalen buruan oraindik itxi gabe dauden 8 puntuek. Honen harira, paperera itzuli nahi ditut duela 5 hilabete egunkari honetan bertan ERNE sindikatuko koordinatzaile Roberto Seijok desobedientziaz galdetuta esandako hitzak: "Orain esaten badidate 'jo ezazu kazetari hau'... 'Ez, ez, nik ezin dut hori egin. Zergatik joko dut ba?' Eta ez dut agindua betetzen." Esanak hemen. "Kazetari" ipintzen duen tokian "Senatari" ipini, eta hortxe izango duzue elkarrizketa gaurkotua esklusiban.



Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna