Iritzia. Itziar Aizpurua: Eraman ezin zikina!

 

Berria -

2013ko urriak 4

Eraman ezin zikina!


Noraino eraman gaitzakeen beldurrak ez dago jakiterik, baina, haren ondorioak bai. Izan ere, eta nire aburuz, ez dago beldurra baino etsai handiagorik.

Honatx adibide garbia: Espainiako agintarien aste honetako sarekada Herrira-ren aurka, hobeto esanda, herritarren aurka. Ez al da bada, beldurrak eragindakoa?  

Hogei herritar elkarturik giza eskubideak, konponbidea eta bakearen alde ekiteko... Herrira sortu zenetik egin duen lana jarraitzeko asmotan bilduak, euskal preso politiko eta iheslariak etxeratzea duintasunez ekartzea, gaixo, eta kondena beterik dutenek lehentasuna izanik; kondena zigorrari azken urteotan gehitu zaion lege bereziak bertan behera utz dezaten borrokatuz, bakea hurbilago eginaz egun batean normaltasunean bizi gaitezen.

Hain xume, eta hain handi era berean. Azken batean, sufritzen ari direnak, garenok, sufritzeari uzten ez dioten/diogun bitartean, ez da sekula bakerik izango, soilik sufrimenduari uzteak ekarriko baitu egunen batean guztion artean normaltasunean bizi ahal izatea.

Noski, sufritzeari uzteak duintasunez bizi delako da, eta duintasunez bizitzeak norbere eskubideak errespetatzen direlako da. Hara hor gakoa!

Eskubideen errespetoan datza bakearen oinarria, giza eskubide eta herri eskubidean. Normaltasunerako bidea dena, hain zuzen.

Beraz, nork du beldurra? Herri zapaltzaileek herritarrek altxatzen direla ikustean beren duintasuna eskuratzeko.
Horregatik, behin eta berriz, Espainiako erregimeneko agintariek, erregetza barne, Euskal Herriko herritar zabala zigortzen du bere eskubide eske baldin badabiltza ere.

Baina, oraingo Herrira-rekiko errepresio bortitz honetan, badaude nire uste apalean, hainbat elementu oso kezkagarri direnak eta hemen idatzirik utzi nahi nituzkeenak.

Gudari Egunean, Txiki, Otaegi eta FRAPPeko hiru lagun fusilatu zituzten 38. urteurrenean, nire iritziz, ETAk agiri argigarri eta tinkoa eskaini zigun euskal herritarroi, bakea eraikitzeko erronkari Euskal Herritik eta Euskal Herriari begira behar duela esanez.

Agiritik zati hau dakarkizuet esan nahi dudanari lagungarri gisa.
“Denbora luze eman dugu Estatuei eskua luzatzen, bakearen bidean sar zitezen. Dugunarekin eta ez dugunarekin ahalegindu gara. Estatuek, ordea, gatazka elikatzen dihardute, konponbiderako aukera orori atea itxita. Horrela, Euskal Herria aurrera egiteko aukerarik gabe utzi nahi dute, Espainia eta Frantziaren menpe eta gatazkaren ondorioak eta sufrimendua gainditu ezinean".


Euskal Herriak ezin du halakorik onartu, ezta aldaketarik nahi ez duten PP, UPN eta PSOE alderdiek etengabe ezarri nahi duten betoa ere. Etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko aukera baitago arriskuan.
Horregatik, ETAk uste du "irismen luzeko prozesua abiatu behar dela, Euskal Herritik eta Euskal Herriari begira. Elkarrizketaren bidez adostasunetara iritsi eta adostutakoari bide emateko urratsak eginez. Estatuekiko akordiorako aukera baztertu gabe baina Estatuak konponbidearen mahaira noiz etorriko diren zain izan gabe"


Hemen, agiri honetan aipatzen ez den EAJ-PNVri denbora falta izan zitzaion hurrengo egunean, Alderdi eguneko plataforma aprobetxatuz, Euskal Herriko betidaniko etsaiarekin bat egin hainbatetan bezala, eta bere teilatu gainean dagoen pilota ezikusiarena eginaz, Euskal Herriak pairatzen duen urteetako gatazkaren errudun izatea Ezker Abertzaleari leporatzeko, hitz iraingarriak erabiliz, gainera.


Hori gutxi balitz, eta jarraian, astelehenean, EAJ-PNVren Ertzaintzak parte zuzena hartu zuen Guardia Zibilarekin batera Herrira-ko hemezortzi lagun atxilotzeko.


Ateratzen dudan ondorio zuzena:
1) EAJ-PNVk duen helburua Ezker Abertzaleko jendea, edonor izanda ere, ez onartzea da arerio politiko gisa, etsai gisa baizik, beldur delako politikagintzan duen lekua galtzeko. Izan ere, euskal herritarrok herri eta kontzientzia sozialaren eraginez, har ditzakegun erabakien bidez kendu diezaiokegulako merezi ez duen protagonismoa, eta gauza bera diot UPNren kasuan.   


2). Horretarako, EAJ-PNVk prozesu luzerako lotura  —hitzarmena deitu edo dena delakoa— egingo du herri honen aurka daudenekin, PSOE deitu edo PP, komeni zaionaren arabera. Borreroen tokia hartuz, zalantzarik gabe. Batzuk borrero politikoak, eta besteak borrero armatuak.

Horregatik da hain etsai handia beldurra, eta honekin eraman ezin zikina!

Guretzat aurreratu zaigun udazken beroaren aurrean, aurrera ekiteko borondateak sekulako indarra du. Gogo eta kemena badugu, ez da etsairik, ezta arerio beldurti etsai bihurturik ere, betidaniko ametsa, Euskal Herri independente eta sozialista egia bilakatzeko, zapuztuko digunik.

Horrenbeste sufritzen ari zareten euskal preso politiko eta iheslarioi, laster epaituko zaituztenoi, zuen familia eta lagun zintzoei nire maitasun osoa, eta Amalur Mendizabali musu goxoa.

Eta Jokinek hitzaldi bakoitzean bukatzen zuen legez: "Euskal Herriak ez du etsiko!"

    


 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna