Bertsolari Txapelketa Nagusia

Arkaitz Estiballesek uko egin dio txapelketan parte hartzeari

Eneko Abasolo Abarkas-ek ordezkatuko du Bizkaiko txapelduna bihar Markinan egingo den bigarren kanporaketan

Arkaitz Estiballes.
Arkaitz Estiballes. Monika del Valle/ARP

Mikel Lizarralde -

2013ko urriak 4

Arkaitz Estiballesek ez du abestuko bihar Markinan jokatuko den kanporaketan, eta horrenbestez, Bertsolari Txapelketa Nagusitik kanpo geldituko da. Berriak jakin duenez, gaur egungo Bizkaiko txapeldunak Herrira-ren alde Bilbon egingo den manifestazioan kantatuko du.

Estiballesek gaur arratsaldean igorri dio Bertsozale Elkarteari txapelketan parte hartuko ez duela iragartzeko idatzia. Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Eneko Abasolo Abarkas-ek ordezkatuko du gaurko saioan. "Gainerako parte-hartzaile guztien eskubide berberekin parte hartuko du Txapelketa Nagusian", adierazi dute txapelketaren antolatzaileek. Txapelketaren araudiaren arabera, Estiballesen ordezkoak Bizkaiko txapelketan parte hartutakoa izan behar du. Ibon Ajuria, Peio Ormazabal eta Joseba Artza zeuden Abasoloren aurretik, eta horrenbestez uler liteke txapelketan parte hartzeko eskaintzari ezetza eman diotela

Markinako saioa bihar 17:30ean hasiko da udal pilotalekuan, eta honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Agin Laburu, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria, Onintza Enbeita eta Eneko Abasolo Abarkas-ek. Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketa izango da. 
 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna