Elkarrizketa. Marino Lejarreta

"Euskal txirrindulariak izaera berezi bat du; beti lanerako prest dago"

Profesional maila orain urte batzuk utzi zuen arren, Marino Lejarretak ez du bizikletatik jaisteko asmorik. Errepideko asfaltoa mendiko bidexkek ordezkatu dute Berrizkoaren ia eguneroko ibilaldietan, lasaiago ibili eta inguruaz gozatzeko helburuarekin.

Marino Lejarreta txirrindulari ohia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2013ko urriaren 13a
11:30
Entzun

Txirrindularitzaren barrenak ederki ezagutu izan ditu Marino Lejarretak (Berriz, Bizkaia, 1954). 1979-1992 urte bitartean, profesional mailan lehiatu zen, eta harro egoteko garaipen zerrenda luzea osatu zuen. Guztira, 52 garaipen, eta, tartean, 1982ko Espainiako Itzulia eta Frantziako Tourreko etapa bat, 1990ean. Ondoren, zuzendari lanak egin zituen ONCE eta Liberty Seguros taldeetan. Egun, bizikleta denbora-pasa bilakatu du Lejarretak, eta 56 urterekin, Durango ingurutik irteten da ia egunero; pedal kolpeen erritmoa eten ez duen seinale.

Orain 22 urte hartu zenuen erretiroa, baina sasoiko jarraitzen duzu.

Bai, noizbehinka joaten naiz bizikletarekin. Eguna nola antolatu dudan, horren arabera ibiltzen naiz. Ez dut gehiegikeriarik egiten kilometro aldetik, baina sarritan ateratzen naiz bizikletarekin. Batez ere, mendiko ibilbideak egiten ditut, lasaiago ibiltzeko aukera dudalako eta ez delako hain luze egiten. Ez naiz bide zailetatik ibiltzen, baina azken batean trafikorik gabeko gunea denez asko gozatzen dut. Anboto mendiari buelta ematea asko gustatzen zait. Inguruan dagoen ibilbiderik ederrena da.

Gaztetan krosa eta beisbolarekin saiatu zinen. Nolatan txirrindulari?

Bai, gehienbat anaiak egiten zuena egiten nuelako. Haren atzetik ibili izan naiz beti, eta horregatik probatu nuen krosa eta beisbola. Ez nuen asko iraun, baina saiatu saiatu nintzen. Deustuko Salesiarretan nengoen, eta hasieran bakarrik sentitzen nintzen. Laguntza handirik ez genuen bertan, eta dena gure kontu antolatzen genuen. Entrenamenduak nik prestatzen nituen, inolako laguntzarik gabe. Horregatik ez nintzen kros maila on batetara iritsi. Ondoren, beisbolean, Deuston talde bat zegoen, eta pare bat urte eman nituen bertan. Baina bizikletan ibiltzeko adina iritsi zitzaidanean, anaiaren pausoak jarraitu eta harekin hasi nintzen.

13 urte eman zenituen profesional mailan. Zer eman dizu txirrindularitzak?

Ia dena eman dit txirrindularitzak. Etorkizun lasaia edukitzeko aukera, adibidez. Zerbait kenduko zidan, akaso, baina, batez ere, eman didanarekin geratzen naiz. Oso zaila iruditzen zait lanbide batek zer kentzen duen ikustea, beti elementu positiboekin geratzen baikara.

1980. urtea, Asturiasko itzuliko laugarren etapa (Luarca-Lugones). Zure lehen garaipena. Nola gogoratzen duzu garaipen hura?

Profesional mailan hainbat lasterketa eginak nituen, baina helmugara lehen postuan iristea falta zitzaidan. Sailkapen nagusian ez nengoen onenekin batera, eta erasoan behin eta berriro saiatu nintzen. Horietako batean ihes egitea lortu, eta helmugara iritsi nintzen. Poz handia sentitu nuen une hartan, baina gaur egungo ikuspegitik ez da xarma bereziarekin gordetzen dudan garaipen bat. Ondoren, garaipen gehiago eta bereziagoak etorri ziren; horregatik, ez da aparteko garaipena izan niretzat. Dena den, Asturias eta nire artean nolabaiteko harreman berezia sortu zen. Bertako eta Euskal Herriko izaera oso antzekoa delako, akaso.

1983an Covadongan eskuraturiko garaipena da horren adibide.

Bai, Espainiako Itzulian eskuratzen nuen hirugarren garaipena izan zen. Oso igoera berezia da, ederra; ingurua oso polita da, eta ni mendizalea naizenez, asko gozatu nuen. Bitxia da, baina horrelako mendate gogor batean irabazteko zorian zaudenean ez dago sufrimendurako astirik. Buruak beste era batetara funtzionatzen du, eta ez zara ohartzen. Benetako sufrikarioak une txarretan izaten dira, ez garaipena lortzeko aukerekin zaudenean.

Nondik ateratzen da indarra horrelako gailur gogorretan? Zer pasatzen da txirrindulariaren burutik une horietan?

Azken finean, norberak bere gorputza oso ongi ezagutzen du. Indarrak kontrolatzen jakitean dago gakoa. Berdin dio etapa lauetan edo mendikoetan. Askotan etapa lauetan gogorragoa egiten da esfortzua. Gorputzaren jarrera berezia, konstantzia edukitzera behartuta zaude... Horrelako etapetan hanka altxatzen baduzu, asko kostatzen da ondoren berriro erritmoa hartzea. Mendiko etapetan, berriz, noizbehinka altxatu eta arnas apur bat har dezakezu. Gainera, lauak diren etapa batzuetan badirudi ez dela inoiz amaitzen. Mendian zaudenean, aldiz, malda desberdinak dituzu, kurba gogorrak... Horrek guztiak apur bat distraitu egiten zaitu.

Zaleen animoek esaten duten bezainbeste laguntzen al diote txirrindulariari?

Izugarri nabaritzen da. Asko laguntzen du, eta txirrindularien moralentzat izugarria da. Gaur egun jende ugari biltzen da etapa gogorretan, eta nahiz eta txirrindulari izan nintzeneko garaian jabetu ez, ondoren zuzendari gisa ohartu nintzen. Mortirolon, adibidez, beldurtuta joan ginen txirrindularien atzetik. Gainera, txirrindularia pasatzen denean jendea gehiago ixten da, eta ez dira jabetzen atzetik autoekin goazela. Horrelako etapetan autoek sortzen dute benetako arriskua. Nik, adibidez, izugarrizko hanka piloa zapaldu ditut Mortirolon gora.

Euskal zaleen presentzia nabaria da lasterketa garrantzitsuenetan. Zer du berezia euskal zaleak?

Hasiera batean Euskal Herrian egon den zaletasuna txirrindularitzarekikoa izan dela esan behar da. Hezkuntza kontua da. Betidanik irakatsi digute txirrindulari guztiak animatzen, nahiz etxekoa izan edo kanpokoa. Ziklista miresten irakatsi digute. Ikurrinen kontua geroagokoa izan da. Etxekoak etxekoak dira, baina kanpotarrak ere maite ditugu. Hori horrela izan da betidanik. Ondoren, azken urteetan, aldaketak egon dira, marea naranja eta horrelako kontuekin. Baina hori bolada kontua izan da. Betiko euskal zaleak errespetuz eta txalo hartean jasotzen ditu txirrindulari guztiak. Leku guztietan ez da berdin gertatzen. Herrialdearen arabera, agian, animoak entzun beharrean irainak entzuten dituzu.

Euskaltel-Euskadiren desagerpena oso kolpe gogorra izan da euskal zaleentzat.

Betiko jarraitzaile izan denak ilusio berarekin jarraituko du txirrindularitza. Talde erreferente bat galduko du tropelean, baina txirrindulariek lasterketetan jarraituko dute. Egia da Euskal Herriko talderik gabe euskal txirrindulari gutxiago egongo direla, eta, ondorioz, zale gutxiago. Izan ere, txirrindulari horrek mugitzen duen ingurua erreferentziarik gabe geratuko delako.

Eta zer esanik ez euskal harrobiarentzat.

Bai, hori argi dago. Erreferentzia galtzen da. Baina zaletasuna mantentzen badugu, beti egongo da aukera orain arte egindakoa errepikatzeko. Dena den, kostako zaigu. Kolpe gogorra izan da, eta horri buelta ematea erronka zaila izango da. Gure txirrindulariek maila handiagoa eduki beharko dute aurrerantzean, kanpoko talde batek fitxa ditzan.

Fernando Alonso eta Euskaltel-Euskadirekin gertatu denaz, zer iritzi duzu?

Taldeak esan zuen zein zen egoera. Ondoren, kanpotik etorri den pertsona edo talde batek arnasa apur bat eman zion, nahiz eta etorkizuneko taldea ez zen euskal herritarra izango. Aukera ona zen. Euskaltelek ezin baldin badu jarraitu, erosle bat lortzeko ahaleginetan jarraitu behar du. Saltzea aukera hobea da kalte-ordainak ordaintzea baino. Txirrindularientzat, taldearentzat, langileentzat... Denentzat onena da. Nik esango nuke beste aukeraren bat iritsiko dela Euskaltel-Euskadiren bulegoetara.

Alonso eta Euskaltelen arteko akordioak aurrera egin izan balu, ez al zen euskal harrobiaren heriotza luzatzea?

Bai, Asturiasko txirrindularitza sustatu nahi du Alonsok. Logikoena da. Baina hemengo harrobiak beste talde bat edukiko luke Espainian, eta, beraz, profesionaletara jauzia emateko beste aukera bat. Gure txirrindularientzat, egoera honetan, hobeto da Espainian talde gehiago egotea. Izan ere, harrobian arreta ipintzen duten taldeak Espainiakoak izan ohi dira.

Zergatik izan da hain emankorra euskal harrobia? Zer du berezia?

Euskal txirrindulariaren berezitasun nagusia izaera eta lan egiteko grina dira. Horiek oinarrizko bi elementu dira txirrindularitzan. Italiarrak, adibidez, nahiko arreta jartzen dute euskal txirrindulariengan, baina, batez ere, hemengo pertsona batzuekin harreman estua dutelako. Bestela, atzerritarrak, oro har, ez dute euskal harrobia gertutik asko jarraitzen. Ez da futbola. Ez dago horretarako begiralerik.

Asko aldatu al da zuk utzi zenuen txirrindularitza mundua?

Bai, gizartearekin bat joan da. Bizikletak aldatu egin dira —pisuan, gehienbat—, jantziak, errepideak, asistentzia, teknika, entrenamenduak... Dena aldatu da, eta bataren garapenak bestearena ekarri du. Batez besteko abiadura ere asko igo da. Abiaduraren kontuarekin, ordea, zailtasunak areagotu egin dira. Maila asko igo da, eta gurpilaren atzean joatea ezinbestekoa bilakatu da. Hori ez da erraza. Lehen txirrindularitza gehiago apurtzen zen, lasterketetako abiadura askoz txikiagoa zelako. Italian egon nintzenean eta Espainiako Itzulira joan ginenean, auto bat eta furgoneta bat eramaten genuen lasterketara. Bakoitzak bere bizikletak eramaten zituen, entrenamenduetan erabilitako berak. Gaur egun, aldiz, talde bakoitzak lauzpabost auto eta bi autobus eramaten ditu. Bizikletei dagokienez, entrenamenduetakoak etxean geratzen dira, eta lasterketetakoak berriak izaten dira. Itzuli bakoitzerako ere, bizikleta berriak dituzte. Erabat aldatu da. Erabakiak noiz eta nola hartu ere desberdina da. Egungo txirrindulari gazteek zalantzak izaten dituzte erabakiak hartzean. Dena eginda ematen zaie, eta une garrantzitsuenetan ez dakite zer egin. Gizartean ere berdin gertatzen da. Erantzukizuna ez da 18 urterekin lortzen; kasu batzuetan, 35ak bete arte ere ez.

Txirrindularitza eta dopina. Azken urteetan elkarren eskutik joan diren bi elementu.

Txirrindularitzari buruz hitz egiten denean, dopinari buruz hitz egin behar da. Elkarrizketa hau futbolari buruzkoa izango balitz, dopinaren kontua ez litzateke aipatu ere egingo. Amorrua ematen dit. Azken urteotan izugarri gogortu dira kontrolak, eta egiten dituzten esperimentu ia gehienak txirrindularitzara zuzendutako esperimentuak dira. Ez nuke esango dopina gehien mugitzen duen kirola denik, baina mugimendu handia dago atzean.

Zure garaian, nolakoa zen mugimendu hori?

Lehen aipatu bezala, garapen kontua izan da. Gizarteak aurrera egin ahala, kirolean ere berdin gertatu da. Errepide egokia hautatu ordez, jendeak betidanik hartu izan ditu bidezidorrak. Errepidea zebra bidetik gurutzatu beharrean, jendea beste leku batzuetatik pasatzen da. Normala da. Lehen udaltzaingoak bakarrik ematen zizun abisua, baina orain kamararen batek harrapatzen bazaitu, ezin duzu ezer egin. Gauza bera gertatzen da txirrindularitzan. Kontrolak izugarri gogortu dira, eta bidezidorrak hartu dituztenak erraztasun handiagoarekin harrapatzen dituzte.

1982ko Espainiako itzulian, adibidez, dopin kontua zela medio, lehen postuan amaitu zenuen. Zer izan zen zuretzat horrela irabazteak?

Nik ez nuen garaipen sentipenik. Horrelako Itzuli batean azken etapako helmugatik sentipen berezi batekin pasatu behar duzu, irabazle sentitu behar duzu. Ni ez nintzen horrela sentitu helmugatik pasatzean, eta, beraz, ez zen oso garaipen berezia izan niretzat.

Zein da dopinaren kontuan sinesgarritasuna irabazi ahal izateko modua?

Kontu horrekin guztiarekin ezin da jarraitu. Naturaltasun gehiago eman behar zaio dopinari. Hor dago, beti egon da, eta beti egongo da. Zigorrak ipini, eta kito. Harrapatzen dituztenak zigortu, eta bestelako iskanbilak baztertu.

Zaleek kolpe gogorra jaso zuten Euskaltelen aferarekin, baina zuk ere kolpea jaso zenuen 2012ko abenduan. Nolakoak izan dira azken hilabeteak?

Aurrera jarraitu behar da, ezin dugu ezer egin. Barrenean geratu zaigun arantza izan zen; ez dugu sekula ahaztuko. Batzuetan burura etortzen zaigun zerbait da, baina ezin dugu ezer egin.

Gizartean familiak jaso zuen babesa oso nabarmena izan zen.

Bai, babes handia jaso genuen, eta izugarria izan zen guretzat. Horrelako mugimenduak egotea beti da ona, joan zenari merezitako aitorpena egiten baitiogu. Zoritxarrez, halere, horrek ez du ezer aldatzen.

Horrelako ezbeharrak maiztasunez gertatzen dira errepidean. Nola kontzientziatu daiteke jendea?

Ez da erraza. Apurka-apurka joan behar da norbanakoaren kontzientzia aldatzen. Autoan orain arte eduki dugun hezkuntza aldatu beharra dugu. Pauso hori emateko, herrietan egin diren trafiko aldaketek asko laguntzen dute, eta oinezkoak garrantzitsuagoak bilakatzen ari dira. Horrela, autoen lehentasuna gutxitzen ari da, eta horiek eliteak ez direla geroz eta argiago geratzen ari da. Orain arte autoaren kalitateari begiratzen zitzaion errepidean lehentasuna nork zuen neurtzeko orduan. Ondorioz, txirrindulariak behe mailan geratzen ginen. Hori aldatu beharra dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.