Gomez Bermudez, 'Parot doktrinaz' harro

Doktrina aspaldian egin behar zen "interpretazio berria" zela esan zuen martxoan Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Bilbon, eta bera pertsonalki urtetan tematu ondoren ezarri zela.

Gomez Bermudez, Izko eta Garai. L. J., ARP
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko urriaren 21a
08:33
Entzun

"Parot doktrina justua da; orain arteko okerra zuzentzera dator". "Doktrinaren akats bakarra, presoaren espektatibak zapuzten dituela da". "Ez da egia bakegintzarako oztopoa denik". Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ahoan bilorik gabe hitz egin zuen aurten martxoan Bilbon Parot doktrinaz, Espainiak aurkeztu zuen helegitearen auzi-saioaren aurretik.

Amaia Izko abokatuarekin eta Jon Garai Herrira-ko kidearekin izan zen mahai inguru batean Gomez Bermudez, eta 197/2006 doktrina "legea behar bezala ezartzea" dela defendatu zuen, sutsu: aspaldi egin behar zen "interpretazio berria" dela dio, eta bera pertsonalki urteetan tematu ondoren ezarri dela.

"Ez da bakerako oztopo"

197/2006 doktrina ez dela bakerako oztopo adierazi zuen. Neurria oso pertsona gutxiri ezarri zaiela adierazi zuen, "50i soilik, eta hori praktikan ez da ezer; eragina sinbolikoa da praktikoa baino gehiago". Mina eragin zuen horrek entzuleen artean, eta min hori onartzen duela erantzun die entzuleei: "Ez nuen fribolitatez aritu nahi".

Doktrinaren premia azaltzerakoan, orain arteko "onkeria" amaitu beharra dagoela adierazi zuen Gomez Bermudezek. Izan ere, bere ustez, legea ez da zuzen interpretatu orain arte. Legearen sorreraraino egin zuen atzera, Frankismoaren ondorenera.

Frankismoaren ondorio

Garai haietan espetxeak presoz beteta zeudela esan zuen, horietako asko mugimendu sozialetakoak zirela, eta hustu egin behar zirela kartzelak. Hori dela-eta, 30 urteko zigorrak zituzten presoak lehenago kaleratzeko neurria hartu zela azaldu zuen. Horregatik egin zela orain arte indarrean izan den baina bere ustez okerra den interpretazioa.

Garai zehatz hura amaituta, interpretazioa ere aldatu behar zela zioen epaileak: "Ezin dute espetxealdi bera bete ia 30 urteko espetxe zigorra duenak eta 3.000 urtekoa duenak". Horregatik zioen doktrina "justua" dela eta lehenago ezarri behar zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.