presoak

Doktrinaren itzal luzea espetxean

Unai Parot da bizi guztiko zigorra ezarri zioten lehenbizikoa. Azkena Gabriel Urizar izan da. Orain bi aste Auzitegi Nazionalak Kepa Markez presoari doktrina ez ezartzea erabaki zuen.

Jon Ordoñez Garmendia -

2013ko urriak 21

Luzea da Parot doktrinak espetxean duen itzala. Iazko uztailean Estrasburgoko epaitegiak doktrina Giza Eskubideen Itunaren kontrakoa zela ebatzi zuenean 87 ziren ordura arte haren eraginez espetxean behar baino denbora gehiago eman zuten presoak. Aurtengo uztailean 93 ziren, Etxerat-ek jakinarazi zuenez; urtebetean, sei gehiago.

Gaur egun, Espainiako Gobernuak bestelako datua ematen badu ere, 60 dira horren eraginez espetxean jarraitzen duten ETAko presoak; horietako lauk Langraitz bideari heldu diote. Horiez gain GRAPOko zazpi kide, Galiziako Exercito Guerrilleiro do Pobo Galego Ceibe taldeko bat, GALeko bat eta hamahiru preso arrunt.

Unai Parot euskal preso baionesa izan zen 197/2006 doktrina ezarri zioten lehena, eta harrezkero Parot doktrina izenarekin ere ezagun da araua. Espainiako Auzitegi Gorenak 2006an eman zion oniritzia Parot kartzelatik irteteko data atzeratzeari. Doktrina ezarri zuen epaiak, eta ordutik salbuespenik gabe ezarri dute.

Azkenekoz, uztailean

Azkenekoz Gabriel Urizar preso arrasatearrari ezarri zioten, aurtengo uztailean. Urizar 1985ean atxilotu zuten; 1986an hasi zen Espainiak ezarritako zigorra betetzen. Irteera eguna 2013ko uztailaren 31rako bazuen ere, 197/2006 doktrina ezarri zioten, eta 2016ko irailaren 17ra arte luzatu diote kondena.

Etxerat-ek Urizarren kasua salatu zuen, Sala Txikian hartutako erabakia doktrinaren kontrakoa zela argudiatuta. "Ines del Rioren kasuan argi utzi zuten giza eskubideen aurkako neurria dela. Eta egun, Estrasburgok Espainiak jarritako helegitea dela-eta doktrinaren inguruan hartuko duen behin betiko erabakiaren zain gauden honetan, Espainiak gure senide eta lagunei neurri krudel hau aplikatzen jarraitzen du", salatu zuen elkarteak.

Auzitegi Gorenak eutsi egin dio Juan Maria Gabirondo presoari ezarritako Parot doktrinari. Orain bi aste, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak uko egin zion doktrina Kepa Markez presoari ezartzeari. Auzitegi Nazionaleko zigor salako osoko bilkurak hartu zuen erabakia urriaren 11n. Bere garaian hirugarren aretoak zigorra jarri zionean, hura gehienezko 30 urteren gainean aplikatuko zitzaiola esan zuen areto horrek, eta, beraz, Parot doktrina ezin zaiola aplikatu erabaki zuten zigor sala osatzen duten hemezortzi epaileek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna