Espainiako gobernua

Fernandez Diaz: "Justizia auzitegiei dagokie erabakia aplikatzea"

Ines del Rioren aldeko erabakiak ez du presoen gaineko ondorio kolektiborik ekarriko, Espainiako Gobernuak nabarmendu duenez. "Epaitegiek banan-banan aztertuko dituzte eskaerak". Aldaketa politikorik ere ez du ekarriko: "Espainiako Gobernuak politika antiterrorista bera izaten jarraituko du": espetxe politika bera ere bai.

Berria -

2013ko urriak 21

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak balorazioa egin dute Estrasburgoko auzitegiak emandako erabakiaren inguruan. Erabaki juridikoak erantzun juridikoa izango duela nabarmendu dute, "justiziari dagokio erabakia aplikatzea, ez gobernuari". baina horrek ez du "politika antiterrorista" aldatuko. Aipamenik ere ez, egiteko asmoa zuten "ingenieritza juridikoaz". «Interpretazioak» egiteko legean zirrikituak badaudela esana dauka Espainiako Barne ministroak.

"Zoritxarrekoa" izan da erabakia, baina Espainiako Gobernuaren eskuz kanpo dagoena. Madrilen jarrera ez du ezertan aldatzen erabakiak, "presoen gaineko politika ere ez". Hori "argi utzi" nahi izan dute. "ETA garaitu dugu, eta hori ez du aldatzen erabaki honek. ETA erabat desagertu arte lanean jarraituko du gobernuak".

"Zoritxarrez" ez da Espainiaren aldekoa izan erabakia, Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroaren iritziz. Estatuko abokatuen "lan izugarria" nabarmendu du. Gogoan izan du Espainiako Gobernuak "baliabide guztiak" erabili dituela Espainiako Gorenak eta Konstituzionalak babestutako erabakia mantentzeko, baina Estrasburgok ez dituela bidezkotzat jo Espainiako Gobernuak 'Parot Doktrina' aplikatzeko izan dituen arrazoiak. Hala ere, argi utzi nahi izan du ”epaiak Del Riori eragiten" diola, berea zelako helegitea, ez gainerakoei."Auzitegi Nazionalak eta probintzialek erabakiko dute eskaera hipotetiko baina aurreikusitakoen kasuen inguruan zer egin. Kasuz kasu erabaki beharko da. Indibidualizatu egin behar da". Agindutakoa betetzea "Justiziari dagokio" hala ere, "ez Gobernuari: zehazki Auzitegi Nazionalari” esan du Ruiz Gallardonek.

Horrez gainera, argi utzi nahi izan du 1995etik aurrera epaitu dituztenei ez diela eragiten erabaki honek: ”Juridikoki iraganeko kontu batetaz ari gara, ez baitago horrelakorik berriro gertatzeko aukerarik”. ”Gobernuak lan egin du gertatu dena ez dadin berriro gertatu. 1995eko Zigor Kodean zigorrak arintzeko aukera hori kendu zen”

Fernandez Diaz: "Gobernuak ez du ETArekin negoziatuko"

"Erabaki batek ez du inpunitatea eragingo". Espainiako Gobernuak lanean jarraituko duela esan du Fernandez Diazek, Herrira-rekin egin duen bezala. "Gobernuak beti bezala jarraituko du", eta "presoek legearen barruan zigorra betetzen jarraituko dute".

Erabaki honek ez du oinarrizko auzia aldatzen, Fernandez Diazen ustez. Duela bi urte ETAk su-etena eman zuela izan du gogoan, baina ez zuen Barne ministroaren ustez "bake keinu gisara" egin. ETArekin amaitu zutela nabarmendu du. "Garaitu egin dugu ETA". Eta finean, berdin jarraituko du Madrilek: "Espainiako Gobernuak ez du ETArekin negoziatu eta ezta negoziatuko ere, justizia, duintasun eta memoriaren " izenean.

Barne ministro gisara "terrorismoaren biktimak gogoan" izan ditu Jorge Fernandez Diazek, "batez ere, Del Riok hil zituen Guardia Zibilak".

Fernandez Diazek, Ruiz Gallardinek nabarmendu bezala, Espainia Giza eskubideen itunaren parte dela esan du, eta Estrasburgok esandakoa betearaztea justizia auzitegiei dagokiela.

Kalte ordaina "deskontatu"

Ines del Riori eman beharreko kalteen ordaina ere zehaztu Estrasburgok, eta horren aurrean Espainiako Gobernuak zer egingo duen galdetu du kazetari batek. "Biktimei zor dien milioikari deskontatuko zaizkio 30.000 euroak".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna