Sortu: "Espetxe politikari iraulketa positibo bat eman ahal izateko probestu behar da une hau"

jon olano
2013ko urriaren 21a
16:51
Entzun

Agerraldi bat egin du Sortuk arratsaldean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruan hartutako erabakiaren inguruko balorazioa egiteko. "Sententzia hau ez da ezker abertzalearen garaipen bat, ez baitugu sinisten garaile eta garaituen ereduan. Giza eskubideen errespetuan sinisten dugun guztion lorpena da sententzia hau, espetxe politika honen amaiera exijitzen dugun guztiona", esan du.

Sorturen ustez, ebazpenak Espainiako Gobernua "era zuzen batean" interpelatzen du: "Estrasburgok esan berri dizue ezin direla giza eskubideak urratzen dituzten salbuespen neurriak erabili. Espetxe politikari iraulketa positibo bat eman ahal izateko probestu behar da une hau. Bakeari aukera emateko unea da".

Gogoetarako deia egin du Erkorekak

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak 13:00etan egin du agerraldia, 'Parot doktrinaren' kontra Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiaren inguruko balorazioa egiteko.“Estrasburgok adierazi du giza eskubideak nagusi direla eta gainontzeko baloreen gainetik jarri behar direla”, nabarmendu du.

Erabakiaren balorazio positiboa egin du Erkorekak, baina hausnarketarako deia egin du: “Gogoetarako aukeratzat hartu beharko genuke epaia, besteak beste espetxe politikari buruzko diagnostiko partekatua egiteko aukera ematen du”.

Ezker abertzaleri eta Espainiako Gobernuari zuzendu zaizkie Erkoreka. Ezker abertzaleari eskatu dio epaia “arduraz, erantzukizunez eta epe luzeko ikuspegiz aztertu eta kudeatu” dezala. Horrekin batera, galdegin dio“behar diren urratsak egin ditzala espetxe politikan etapa berri bat egiteko, iraganaren berrikuspen kritikoarekin eta legeak ematen dituen aukerak baliatuz”.

Madrili, berriz, eskatu dio espetxe politikan “aro berri bati” ekin diezaiola, “legaltasun, errealitate eta adostasun printzipioak” oinarri hartuta. Espetxe politikak legearen aukerak baliatu behar dituela, legeria“unean uneko errealitatearen arabera interpretatu” behar dela eta espetxe politikan adostasunez jokatu behar dela uste du Erkorekak.

Egun "mingarria", Barcinaren ustez

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak esan duenez, gaurkoa "egun mingarria" da ETAren biktimentzat: "Espainiarren gehiengoarentzat harrigarria da pentsatzea berdin dela hilketa bat edo 30 egitea".

Barcinak azaldu du bere jarrera "beti" izan dela epaitegien erabakiak errespetatzea, "gustatu ala ez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.