Erreakzio gehiago.

2013ko urriaren 21a
17:15
Entzun

Lokarri: "Espainiako Gobernuak eskura dituen baliabide guztiak jar ditzala Parot doktrinak kaltetutako pertsona guztiak aske uzteko". Estrasburgoren ebazpena "errespetatzeko" eta "hura betetzea saihesteko trikimailu legalik" ez bilatzeko eskatu dio koordinakundeak Madrili.

Itxaso Atutxa (EAJ): Ebazpena "bidezko eta beharrezko neurria" da Espainiako Justizia "inoiz gainditu behar ez zuen muga demokratikora" egokitzeko. Epaia "onartu eta bideratzeko" eskatu die Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari eta Espainiako epaitegiei.

ELA: Espainiako espetxe politika "mendekuan eta etsai politikoaren jazarpenean" oinarrizten dela frogatzen du epaiak, sindikatuaren arabera. Haren ustez, ebazpenak zalantzan jartzen ditu Auzitegi Gorena eta Konstituzionala ere, doktrina "ontzat" jo eta "askatasun eta segurtasun printzipioak larriki urratu" zitutelakoan.

Carlos Garcia Adanero (UPN): "Etakide hiltzaileek eta gainerako hiltzaile eta bortxatzaileak espetxean ahalik eta urte gehien bete ditzaten ahalegin guztiak" egiteko eskatu dio Garcia Adanerok Espainiako Gobernuari.

Oskar Matute (Alternatiba): "Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiak euskal gizartearen gehiengoak irrikaz espero zuen erabakia baieztatzen du, eta aldi berean, giza eskubideen defentsa indartzera dator, presoen eskubideak ere". Euskal presoenganako "mendeku politika" praktikatu izana egotzi dio Madrili, eta epaia betetzeko eskatu: "Bada garaia, beraz, espetxe politika garai berrietara egokitzeko eta, batez ere, giza eskubideekiko errespetu guztiarekin aurrera egiteko".

Manu Aierdi (Geroa Bai): Estrasburgoko erabakia "lehenbailehen aplika dezala"  eskatu dio Aierdik Espainiako Gobernuari.

Espainiako Polizia Sindikatu Bateratua: Ez da konforme agertu Estrasburgoren erabakiarekin, eta "erantzukizunaren parte bat" PPren gobernuak duela esan du: "Ez du ezer egin legeria aldatzeko, terroristek eta beste gaizkile batzuek denbora gehiago egin zezaten espetxean".

Oscar Lopez (PSOE): Espainiako alderdi sozialistak Estrasburgoren erabakia "onartzen" du, baina "kasu batzuetan ondorioek nazka ematen" diotela esan du Lopezek. "Auzia judiziala" dela nabarmendu du, eta "demokraten batasunari ez dio eragin behar".

Demokraziarako Epaileak: Estrasburgok "ez du era arbitrarioan erabaki. [Ines del Rio] Epaitu zutenean zeuden arauen arabera kondena bete duela" erabaki du, epaileen ustez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren interpretazioak "presio sozialak baldintzatuta" zeudela uste dute.

Angeles Pedraza(AVT): "Mina, sufrimendua. Beldurra. Lotsa. Pena. Ez dago nahikoa hitzik sentitzen dudana azaltzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.