epaiketak

26/11 sumarioko gazteek salatu dute torturak ikertu gabe torturatzaileak bihar auzitegian egongo direla

Estrasburgok 'Parot doktrina' eraitsi duen honetan, BERRIAri bidalitako gutunean gogorarazi dute Espainiak ohartarazi duela torturak ez dituela ikertzen, eta aurreratu dute biharko polizia eta guardia zibilen adierazpenak ez dituztela onartuko.

Berria -

2013ko urriak 23

26/11 sumarioaren auzian bihar Espainiako polizia eta guardia zibilen deklarazioen txanda izango da. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 36 gazteek BERRIAra bidali duten gutunean salatu dute jasan zituzten torturak salatu gabe torturatzaileei hitza emango zaiela auzitegian. "Onartezina da torturak zigorgabetasun osoan jarraitzen duen bitartean hura burutzen duten poliziek auzitegi batean Zuzenbide Estatuaren izenean deklaratzea. Ezin dugu onartu", adierazi dute.

Espainiak tortura saihesteko neurririk ez duela hartzen nabarmendu dute, eta zigorgabetasunerako katea osatzen dela horrela: "Inkomunikazioa Poliziak torturatu ahal dezan, ikerketarik eza edo ikerketa ahulak auzitegien aldetik zigorrik izan ez dadin, eta gobernuaren indultuak ezkutatu ezin diren kasuetan torturatzaileek zigorrik bete behar izan ez dezaten". Salatu dute horregatik torturatu zituztenak ez direla soilik "ilea atzeraka gominaz zuen potolo hura, 1,80 inguru zen azal iluneko ile motzeko hura edo rastak zituen gaztea". "Torturatu gintuena estatua da", adierazi dute.

Gazte auzipetuek tortura kasu guztiak ikertzeko eskatu dute, eta Espainiari eskatu diote tortura posible izan ez dadin nazioarteko arauak betetzeko. "Hala ez den bitartean guk ez dugu onartuko gure torturatzaileen adierazpenik epaitegietan. Hori da ostegunean izango dugun jarrera".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna