Ekonomia

Euskal Herrian 1.400 langabe gehiago izan dira hirugarren hiruhilekoan

Espainiako INEk eta INSEEk emandako datuen arabera, herrialde guztietan igo da langabezia.

Miren Garate -

2013ko urriak 24

Apiriletik uztailera bitarteko datuek sortu zuten nolabaiteko itxaropena. INEren biztanleria aktiboaren inkestak zioen langabeziak krisi garaiko jaitsiera handiena izan zuela Hego Euskal Herrian. Lehen begiratuan datu pozgarria izan arren, bazuen alde ezkutua, enplegua ez baitzen handitu, biztanleria aktiboaren jaitsierak eragin zuen langabeziaren beherakada. Hirugarren hiruhilekoko kopuruek berretsi dute enpleguaren egoera ez dela hobetzen hasi oraindik. 1.200 langabe gehiago izan dira Hego Euskal Herrian.

INEren datuei INSEE Frantziako estatistika bulegoak emandakoak gehituta, Euskal Herri osoko kalkulua ere egin du Gaindegiak. Haren arabera, 1.400 lagun gehiago dabiltza enplegu bila, eta, guztira, 226.589 pertsona daude langabezian Euskal Herrian.

Herrialde guztietan igo da langabezia hirugarren hiruhilekoan. Nafarroak du tasarik handiena, hain zuzen, biztanleria aktiboaren %18,2 ari da lan bila. Iparraldean ere (%11,2) ez da halako langabeziarik ezagutu azken hamarkadetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna