Hezkuntza

Euskal unibertsitatearen "hazia" Interneten ereingo du UEUk

Teknologien integrazio pedagokikoa egin nahi du Udako Euskal Unibertsitateak.

Etxeburua, Artetxe eta De Castro. /
Etxeburua, Artetxe eta De Castro. / Jon Urbe/ARP

Berria -

2013ko urriak 24

2013-2014ko ikasturteko hasiera saioan UEUren helburuez hitz egin dute arduradunek. Irakaskuntzan "jauzi kualitatiboa" eman nahi du UEUk, Karmele Artetxe zuzendariaren arabera, on line irakaskuntza eskainita.

Artetxek bi helburu nagusi aipatu ditu: "Goi mailako etengabeko prestakuntzaren esparruan formazioa behar duten profesional euskaldunen beharrak asetzea", eta, hori eginez, "euskal unibertsitatearen hazia ereitea. Hazi horrekin euskarazko ikasketa unibertsitarioa egituratu eta ikasleria eta irakasleria euskalduna bildu eta saretzea".

Sarean oinarritutako irakaskuntza eredua da UEUrena, eta, gainera, pertsonengan oinarritua, erakundearen izaerarekin eta zerbitzu publikoko filosofiarekin bat egiten duelako. Iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin jauzi teknologikoa eman ahal izan zuen, Moodle 2.2.3. bertsioa inplementatuz. Egun, on line irakaskuntzaren metodologia berrikusten ari dira, hobekuntzak egiteko.

Iratxe Esnaolak Ikasteko Ingurune Birtualak: erronka teknologikotik erronka pedagogikora hitzaldia eman du ekitaldian. Esnaolak azken urteotan hezkuntza unibertsitarioa aldaketa konstantean bizi dela aipatu du. Batetik, Boloniako prozesuaren ondotik, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak irauli direlako eta, bestetik, faktore teknologiko eta sozialek irakatsi eta ikasteko beste metodo eta bide batzuen indartzea ekarri dutelako, ikasteko ingurune birtualena kasu. Boloniako prozesuak irakaskuntza-ikaskuntza prozesua ikaslean zentratzen du. "Ikasleak modu autonomoan lan eginez berak eraikitzen du bere jakintza propioa, benetan ikaskuntza esanguratsua emango bada. Irakasleak bide horretan lagundu egin behar du, jakintza transmisore izatetik bere tutore izatera igaroz eta ikaskuntza kolaboratiborako inguruneak sortuz eta mantenduz". Teknologien integrazio pedagogikoa egiten saiatuko dira, teknologia unibertsitatera ekartzeko modua hori dela uste dutelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna