MUSIKA

Lou Reed hil da

Musikariak 71 urte zituen, eta gibeleko transplantea egin zioten maiatzean. Bideoa: Lou Reed, 'Sweet Jane' jotzen.

Reed eta Ordorika.
Reed eta Ordorika. / Imanol Garcia

Berria -

2013ko urriak 28

Rock musikaren ikono bat da The Velvet Underground taldearen sortzaile izandakoa. Haren ordezkari Andrew Wyliek eman du heriotzaren berri, baina ez du zehaztu zer dela-eta hil den. Hala ere, azaldu du litekeena dela maiatzean eginiko ebakuntzari lotuta egotea.

Ibilbide luzea egin zuen musika munduan. Rock eta rhythm and blues, free jazz eta musika esperimentalaren zale sutsua, John Cale galestarrarekin sortu zuen The Velvet Underground 1964an, eta 1960. eta 1970. hamarkadako New Yorkeko bizimodua deskribatu zuen abesti ugaritan.

Heroin, Rock and Roll eta Sweet Jane kanta arrakastatsuak dira, besteak beste, aro horretatik utzitako ondarea. 1970. urtean, taldea desegin eta bakarkako ibilbideari ekin zion Lou Reedek. Bi urte geroago, Transformer bere lehen diskoa kaleratu zuen. 30 diskotik gora argitaratu ditu.

Haren eragina oso nabaria izan da askorengan, lehen diskotik hasita. Abeslaria, gitarrista eta konpositorea, gai sakonak jorratzen ditu abestietan: eromena eta itxaropena, desioa eta traizioa, hiesa, hausnarketa eta mendetasuna...

Tolosan izan zen Reed 2006an. Katarain estudioetako Jonan Ordorika teknikaria Lou Reeden baxu jotzaile Fernando Saundersen laguna da, duela urte batzuk Ruper Ordorikaren Hurrengo goizean diskoan parte hartu zuenetik. Fronton jatetxean bazkaldu zuten Reedek eta Ruper eta Jonan Ordorikak, eta bertako atarian egin zuten argazkia elkarrekin bi musikariek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna