'Parot doktrina'

Auzitegi Nazionalak ebatzi du Del Riori buruzko epaia "antzeko" kasu guztietan ezarri behar dela

Juan Manuel Piriz askatzeko autoan, epaitegiak argudiatu du Estrasburgoren ebazpenak Ines del Rio preso ohiaren kasutik haragoko eragina duela.

Del Rioren abokatuen agerraldia, Donostian.
Del Rioren abokatuen agerraldia, Donostian. / J. C. Ruiz/ARP

Berria -

2013ko urriak 28

Joan den ostiralean utzi zuten libre Juan Manuel Piriz. Gaur zortzi ezagutarazi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio Prada preso ohiari buruzko ebazpena, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak osoko bilkura egin zuen ostiralean; bertan aztertu zuten, Estrasburgok Parot doktrinaren aurkako epaia emanda, doktrina hori ezarria duten presoen helegiteen aurrean nola jokatu.

Auzitegi Nazionalaren arabera, Del Rioren inguruko ebazpenak eragina du preso ohiaren kasutik harago ere, eta "antzeko" egoeran dauden preso guztietan ezarri behar da Estrasburgoren irizpidea. Hori argudiatuta askatu zuten Piriz. Hamazazpi epailetik hamaseik bozkatu zuten Piriz libre uztearen alde.

Jose Ricardo de Prada epaileak idatzi zuen autoa. Argudiatu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak agerian utzi duela Parot doktrinaren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren arteko "bateraezintasuna". Gaineratu du Estrasburgoren epaia ez betetzeak "nazioarteko betebehar juridikoak urratzea" eta "Europatik eta bere zibilizazioko zentzutik aldentzea" baino ez lukeela eragingo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna