Zer dira opor fiskalak?

 

Berria -

2013ko azaroak 15

Zer dira opor fiskalak? 1993an, Ardanza buru zuen EAJ-PSE gobernuak zerga politika erabiltzea erabaki zuen atzerriko inbertsioak erakartzeko. Diputazioek jarri zituzten neurriak martxan, zerga kontuak haiei dagozkielako.

Nolakoak izan ziren? Hiru motatakoak. Lehenengoa izan zen ia milioi erdi euroko inbertsioa egin eta, gutxienez, hamar lanpostu sortzen zituztenei sozietate zerga barkatzea hamar urtez. Bi urtez izan zen indarrean. Pare bat urte geroago beste bi pizgarri eman zituzten diputazioek: 15 milioitik gorako inbertsioen %45 berreskuratzeko aukera eman zitzaien enpresei. Bestalde, etekinak zituzten lehen lau urteetan kenkari oparoak jasoko zituzten enpresek: %99, %75, %50 eta %25.

Enpresarik erakarri al zuten? Bai. Ezagunena Daewoo da. Etxetresnak egiteko fabrika jarri zuen Gasteizen (jada itxita). Beste kasu sonatua Ramondinena izan zen. Botilentzako tapoi fabrika Errioxatik kilometro batzuk mugitu zuen, Guardian (Araba) jartzeko. Uste denez, 300 enpresak jaso zituzten laguntzak.

Nola bukatu zuten opor fiskalek Europan? Lehiakideek Daeworen kasua auzitegira eraman zuten, eta Errioxako Gobernuak Ramondinena. Auzitegiek Europara eraman zuten afera, eta Bruselak 1999an legez kanpokotzat jo zituen Daewook eta Ramondinek jasotakoak, eta araudi osoa ikertzeari ekin zion.

Zer egin zuten euskal erakundeek? Hasieran, ez zioten garrantzi handirik eman, kontzertuak aitortzen duen zerga burujabetasunak halako neurriak hartzera baimentzen zituelakoan. EBko funtzionarioei jarritako trabek haien mesfidantza handitu zuten.

Zer egin zuen Espainiako Gobernuak? PPren menpe zegoela, opor fiskalak salatu zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. 2000. urtean, baina, akordio bat sinatu zuen Jaurlaritzarekin: salaketa kentzearen truke, opor fiskal mota guztiak bertan behera geratu ziren.

Zergatik ez zen afera bukatu? Europako makineriak bere bide motelari jarraitu zion, eta legez kanpokotzat jo zituen laguntzak, ez zitzaizkiolako Batzordeari jakinarazi eta lehia librearen aurkakoak zirelako. Hori bai, hemengo erakundeen lasaitasunerako, onartu zuen kontzertu ekonomikoaren sistema bat zetorrela EBren araudiekin. Auzia irekita dago oraindik ere, Bruselak uste duelako diputazioek ez zituztela laguntza guztiak berreskuratu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna