Euskal Herria

Jendetsua izan da AHTaren aurkako manifestazioa, Iruñean

Tarta jaurtitzaileei babesa ematera 5.000 lagun inguru gerturatu dira, antolatzaileen arabera. Bost eta bederatzi urteko kartzela zigorrari egin behar diote aurre Mugitu taldeko lau kidek etzi, Barcina Nafarroako presidenteari tartak botatzeagatik.

Hilaren 7an egindako protesta bat, Iruñean.
Hilaren 7an egindako protesta bat, Iruñean. / Ińigo Uriz/ARP

Berria -

2013ko azaroak 16

Mantso joan da manifestazio jendetsua Iruñeko kaleetatik, eta ozen aritu dira tarta jaurtitzailei gertatutakoa salatzen, aurrekaririk ez duen zigorraren kontrako oihuak egiten. Baluarten zintzilikatu da pertsona bat parkarta bat luze jartzeko, herritarrek AHTaren beharrik ez dutela erakutsiz. Gaztelu plazaraino entzun dira aldarrikapenak, eta Mugitu taldeko kideen absoluzioa eskatu dute.

Ibon Garciak, Gorka Obejerok, Julio Villanuevak eta Mikel Alvarezek, tartalari ezizena umorez hartzen dute, ezin baita, haien ustez, beste modu batera hartu gertatzen ari zaiena. Europako edozein herritan falta batean geratuko zena, Espainiako Auzitegi Nazionalean espetxe zigorra bilaka daiteke etzi, eta 5.400 euroko isuna,Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak botatzeagatik.

2011ko urrian Pirinioetako Lan Komunitatearen bileran gertatutakoa, Tolosan (Okzitania), "desobedientzia ekintza" izan zen, "AHTan erabiliko den dirutzaz ohartarazi" besterik ez zutela egin nahi defendatzen dute. "Desproportzioa" dela uste dute epaileak  jar lekiekeen zigorra, eta bi arrazoi ikusten dituzte "gehiegizko zigor" horren atzean: "Botere faktikoek klase politika gotortzeko duten beharra" batetik, eta bestetik, Barcinak berak esku hartu izana gertatutakoan. Foruzaingoa bere zerbitzura jarri zuen Garcia, Obejero eta Villanueva atxilotzeko, Espainiako sistema penala ezartzeko, "autoritateei atentatua" leporatuz, eta ez Frantziakoa, dirutan ordainduko litzatekeen "falta".

Mikel Alvarezek, berriz, "beharrezko kolaboratzaile" izateari egingo dio aurre. Tarta jaurtitekaren biharamunean prentsaurrekoa eman zuen Alvarezek, beste hiruren izenean, atxilotuta baitzeuden.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna