Euskal Herria

ETArik gabeko etorkizunerako estrategia lantzen ari da EGI, VI. Batzarrean

Bake eta normalizazio politikoaz eta krisialdi ekonomikoak gazteengan duen eraginaz eztabaidatuko dute gaur eta bihar.

Berria.info -

2013ko azaroak 16

EGI Euzko Gaztedi VI. Bilera Nagusia egiten ari da asteburu honetan Murgian (Araba). Ondorengo lau urteetarako lan ildo politiko eta estrategikoa finkatzea izango dute helburu EAJren gazte erakundeko kideek. Azken hilabeteetan herri batzarretan aztertu dituzten txostenak eztabaidatuko dituzte. Besteak beste, aztertuko dute bake eta normalizazio prozesuak sortutako egoera berria eta horrek alderdien arteko harremanetan duen eragina, estatus juridiko politiko berri baterako aukera, eta krisialdi ekonomikoak gazteengan duen eragina.

Ostiraletik igandera arte egingo dute batzarra eta, EGIko kideez gain, bertan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzetako zenbait kidek. Araba Buru Batzarreko Presidentea den Xabier Agirrek itxiko du batzarra bihar, ekitaldi politiko batekin.