MUNDUA

Eskozia independentea "justuagoa" izango litzateke, Salmonden arabera

Independentziaren Liburu Zuria aurkeztu du Eskoziako lehen ministroak. 670 orrialdetan, estatu independente izateko urratsak zehaztu ditu Eskoziako Gobernuak.

Salmond, Liburu Zuria aurkezten.
Salmond, Liburu Zuria aurkezten.

Jon O. Urain -

2013ko azaroak 26

"Eskoziaren etorkizuna Eskoziaren eskuetan dago orain". Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak eta Nicola Sturgeon lehen ministrordeak agerraldi bat egin dute Glasgown, Eskoziaren Independentziarako Liburu Zuria aurkezteko.

Eskozia estatu independente izateko argudio ekonomikoak, sozialak eta demokratikoak biltzen ditu liburuak. Salmonden hitzetan, Eskozia estatu izanda "botereak eta aukerak" izango lituzke, eta estatu "justuago" bat izango litzateke Eskozia independentea. Halaber, gaineratu du "eskoziarrek dituzten 650 galderei" erantzuten diela agiriak.

Sturgeonek, berriz, nabarmendu du independentzia ez da "helburu bat berez", Eskozia "aberatsago" bat lortzeko tresna baizik. Agiria irakurtzeko eskatu die Sturgeonek eskoziarrei, eta Salmondek ohartarazi die "belaunaldiko" aukera dutela, Eskoziaren independentziaren alde bozkatuta, herrialde "justuago eta aberatsago" bat sortzeko. Ezezkoa bozkatuta, berriz, Eskoziari buruzko erabakiek "beste batzuen esku" jarraituko luketeela azaldu dute.

Agerraldia, osorik (10. minututik aurrera hasten da bideoa):

Haurren zaintza zabaltzea eta soldatak handitzea hitzeman du, besteak beste, Salmondek. Orobat, azaldu du Eskoziak ez lukeela etxebizitzarako laguntzak murrizten dituen neurria —Bedroom tax, ingelesez— ezarriko, eta oroitarazi du eskoziarrek neurri horren kontra egin zutela hauteskundeetan.

Hala ere, Eskozia independenteak "lan eraikitzailea" izaten jarraituko luke hainbat arlotan Erresuma Batuarekin; esaterako, monarkiari eta monetari —libera esterlinari— eutsiko lioke.

Estatu independentea aldarrikatzeko egunak badu esanahi historikoa, 1707ko martxoaren 24an sinatu baitzuten Batasun Agiria —Union Act ingelesezko izenez ezaguna—. Ingalaterrako eta Eskoziako Parlamentuek bat egin zuten agiri horren bidez.

Segidan ageri dira Salmondek aipatutako neurrietako batzuk :

- Libera esterlina izango litzateke moneta, eta Erresuma Batuaren zorra modu orekatuan banatuko lukete.

- Zor publikoa ordaintzeko zergen igoera baztertu du.

- Europako Batasunean jarraituko luke Eskoziak.

- Konstituzio berria, Erresuma Batuko erregina estatuburu duela.

- Eskoziar Defentsa, 15.000 lagunez osatua, segurtasun agentzia berri bat sortuz

- 70-90 enbaxada eta kontsulaturen sorrera.

- BBCren ordez, Eskoziako irrati telebista zerbitzua.

- Inflazioarekin haziko da gutxieneko soldata: 675 liberakoa, gutxienez.

- Posta zerbitzu publikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna