'18/98 auzia'

Teresa Toda aske geratu da

Bihar zen Kordobako espetxetik ateratzekoa, baina gaur 08:30ean geratu da aske. 'Egin' egunkariko zuzendariorde izan zen, eta 18/98 sumarioan zigortu zuten; sei urte egin ditu espetxean.

Toda, 2007an, epaiketaren aurretik. /
Toda, 2007an, epaiketaren aurretik. / A. Canellada/ARP

Berria -

2013ko azaroak 27

Teresa Toda kazetari eta Egin egunkariaren zuzendariorde izandakoa aske geratu da gaur, sei urteko espetxe zigorra bete eta gero. 18/98 sumarioan zigortu zuten, 2009an. ETAri laguntza eman izanaren delitua egotzita kondenatu zuten.

Maite Ubiria Sortuko kideak eman du Twitterren albistearen berri:

1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzonek, orduan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zenak, Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua. "ETAk gidatutako erakunde sare baten parte" izatea leporatuta itxi zituzten bi komunikabideak. Todarekin batera, Egin-eko zuzendari zen Javier Salutregi ere zigortu zuten, eta preso jarraitzen du hark.

Horiez gain, hauek ere zigortu zituen Auzitegi Gorenak: Xabier Alegria (hamabi urte eta bederatzi hilabete), Jose Luis Elkoro (zortzi urte), Carlos Trenor (hamar urte eta erdi), Manuel Intxauspe (zazpi urte eta zortzi hilabete), Isidro Murga (zortzi urte), Patxi Murga (zortzi urte), Jexuxmari Zalakain (zortzi urte), Pablo Gorostiaga (zazpi urte eta zortzi hilabete), Xabi Otero (urte bat eta hamar hilabete) eta Iñaki Zalakain (urte bat eta hamar hilabete). Denek ere Orain SAn ziharduten, kazeta argitaratzen zuen enpresan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna