zinema

Euskarazko lehen filmaren kopia bat aurkitu dute, 1956an zazpi lurraldeetan Andre Madre jeneralak filmatutakoa

Gure Sor Lekua du izena, eta Parisen aurkitu dute. Audiorik ez du kopiak, baina lekukoekin eta garaiko prentsarekin egiaztatu dute euskaraz filmatu zela. Audioa aurkitzeko laguntza eskatu dute.

Iñigo Astiz -

2013ko azaroak 29

Josu Martinez EHUko ikerlariak aurkitu du Gure Sor Lekua filmaren kopia, bere doktorego tesia egiteko ikertzen ari zela. Urtetan galdutzat eman zen, baina orain kopia bat Parisko etxe partikular batean agertu da. "Orain arte oso gutxi aipatua izan da filmografian", esan du Martinezek. Azaldu dute ezezaguna zela, eta egindako aipamen urrietan ez zela esaten euskarazkoa zenik. Orain, ordea, aurkitutako kopian audiorik ez dagoen arren, garaian estreinatu zenean ikusi zutenek egiaztatu ahal izan dute euskarazkoa zela. Garaiko prentsaren bitartez ere egiaztatu dute.

Orain arte, euskarazko film zaharrenak Gotzon Elortzak 1959tik 1962ra bitartean filmatu zituen lau dokumentalak ziren. Gure Sor Lekua, ordea, 1956koa da. Urte horretan estreinatu zuten Hazparnen (Lapurdi), hangoa baitzen zuzendaria: Andre Madre jenerala. Jean Elizalde Zerbitzari apaiz eta euskaltzalearenak dira filmeko hitzak. Kopiak audiorik ez duenez, filmaren berri emateak audioa aurkitzen lagundu dezakeelakoan daude. Martinezekin batera izan dira aurkezpenean, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea eta Josu Amezaga ikerketaren arduradunak.

Ordu eta erdiko filma da, eta helburua diasporan zabaltzea zen, gaurko agerraldian azaldu dutenez, diasporako euskaldunen herrimina arintzeko asmoz. Sorlekua erakustea zuen helburu, eta koloredun filma da. Madreren film bakarra izan zen. Ikerketa daraman EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR taldean jakin badakite heldu zela diasporara, baina nola eta nora heldu zen aurrerago jakinaraziko dute. Kopiaren berri orain eman dute modu horretan norbaitek ikusi eta audioa aurkitzerik dagoen.

Filmaren bertsio labur bat Hazparnen emango dute berriro abenduaren 20an, Zinegim euskarazko zinemaren jaialdian. Audiorik ez duenez, Joserra Senperenak espreski sortutako musika izango du lagungarri, eta Hertz ganbara laukoteak interpretatuko du. Han izango dira Goirizelaia, Amezaga eta Martinezez gain, Beñat Intxauspe auzapeza ere. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna