EGITURA

Diru berrien hotsa

Urtarrilaren 31n euskoa erabiltzen hasi ziren Ipar Euskal Herrian. Hura izan zen lehena, eta antzeko beste bi egitasmo jarriko dira martxan laster Bilbon eta Aiaraldean: ekhia eta ogerlekoa. Indarra hartzen ari den joera da.

Lander Muñagorri Garmendia -

2013ko abenduak 8

Merkatuan diru gehiago egoteak ez du esan nahi aberastasun handiagoa sortzen denik. Are gehiago, gero eta arinago mugitzen den diruak sortzen du aberastasuna». Oinarrizko baieztapena da Eunate Dalmauek egin duena, baina hor izan du funtsa berak eta Bilboko Desazkundea taldeak ekhia tokiko dibisa osagarri berria sortzeko garaian. Zirkulu itxi bat sortu gura dute erosle eta saltzaileen artean, une oro diru hori mugimenduan egon dadin. Eta hori egitasmoan parte hartzen duten denden onurarako izango da: «Gure dirua gure auzoan geratuko da».

Ekhi ez da, berez, Euskal Herriko lehen diru osagarria izango. Euskoari dagokio titulu hori: urtarrilaren 31n sortu zuten, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberorako. Ezta bigarrena ere: ogerleko izenekoa izango da hori, eta datorren ostegunean hasiko da funtzionatzen Arabako Aiaraldea eskualdeko zenbait herritan.

Urtebetean, beraz, tokiko hiru diru osagarri sortu dira Euskal Herrian. Txin-txin ezberdina sortzen duten diruak dira, tokikotasunetik abiatutako soinua eragiten dutelako. Eta aurrerantzean halako hots gehiago entzun ahal izango direla dio Mendi Esteban eusko diruaren sustatzaileetako batek, joera bat sortu dela uste baitu: «Beste egitasmo batzuk sortuko direla ziur naiz».

Euroarekin alderatuz, soinu ezberdina dute tokian tokiko diruek, helburu jakinekin sortutako egitasmoak izaten direlako. Bazkideak euroak diru horiengatik aldatzen ditu, eta diru hori sareko kide diren dendetan erabil  daiteke. «Askotan, ekologisten esparrutik iristen diren proiektuak izaten dira», azaldu du Joseba Felix Tobar UEUko Ekonomia Saileko kideak. Ingurumena errespetatzen duten proiektuak lantzen dituzte kasu horietan, ekoizle eta kontsumitzaileen artean zubi lanak eginez.

Hori da euskoaren kasua, eta hala azaldu du Estebanek: «Ekonomia globalaren zati bat bertakotu nahi dugu; beraz, globalizazio horren aurka jo nahi dugu argiki. Eta euskoarekin ematen diogu lehentasuna bertan ekoizten denari». Egitasmo horretan elkartzen dira laborariak, saltzaileak eta erosleak, eta orain arte balorazio positiboa jaso dutela dio. Bilboko ekhia ere filosofia horrekin jaioko da urtea hastearekin batera, eta Iparraldera begiratu dute eurena bultzatzeko. «Oraindik ekoizleak ez dira sartzen gure zirkuluan, baina etorkizunean bertako kide egitea espero dugu», Dalmauren hitzetan.

Ikuspegi ekologista horretatik kanpo sortu da ogerleko dibisa, Arabako Merkataritza Federazioak bultzatu baitu. Aiaraldeko enpresetan lan egiten duten langileek erosketak han egitea lortu nahi dute diru horrekin, «beharginek dauzkaten gastuen ihesa saihesteko beherapenak eskainiz», Edurne Parro elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez. Garbiago esanda, herritarrak erosketak egitera Bilbora joatea eragotzi nahi dute, hein batean behintzat.
Helburua edozein dela ere, Tobarrek oraindik ez du argi ikusten zergatik sortu behar diren halako dibisa berriak. «Ez zait gaizki iruditzen trukerako erabiltzen diren dibisa hauek, baina horretarako, dirua behar da, eta nondik ateratzen da benetako diru hori?», galdetu du. Alegia, bere ustez, diru lokal horiek sortzeko atzean egon den helburua diru arruntarekin egin daiteke. Kasu honetan, euroarekin.

Esteban ez dago ados. Argi dauka euren egitasmoak ez duela euroa ordezkatu nahi, «osagarria» dela baizik. «Baliabide bat da gure ekoizleei erostea bideratzeko», dio. Alde horretatik, euskoaren asmoa ez da eurotik irtetea, eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzea baizik. Diru hori trukatzeko erabili diren euroak NEF sozietatean sartzen dituzte Euskoko kideek, zeina Credit Cooperatif bankuaren parte den. Horrela, diru hori ekonomia sozial eta solidarioan inbertitzen dela bermatzen du. Eta ekhiaren kasuan ere berdin. Ekhi bakoitzeko aldatzen den euro bakoitza «sistematik ateratzen» baita, Dalmauren arabera. «Aukera erreala da sistemari uko egiteko, gure dirua bankutik atera eta ez baita berriz itzuliko, eta ez da armagintzan edo, bestela, neurri kaltegarrietan inbertituko».
Helburu eta funtzionatzeko modu ezberdinak izan arren, filosofian bat egiten dute ekhiak eta euskoak. «Nahiz eta tokiko dibisa esparru batean egongo den eta eskualde bakoitzak berea izan dezakeen, Euskal Herri osoan tokiko diruak eduki eta elkarren artean harremana edukitzea aukera ona izango zen», Dalmauren esanetan. Iparraldetik ez dute aukera hori baztertzen, «dibisa tresna on bat izan daitekeelako Hegoaldearekin harremanak sendotzeko». Baina Estebanen ustez, aukera hori lekuan lekuko egitasmoetatik sortu behar dira. Baina, edozein moduz, ez dute inolako aukerarik baztertzen.

Lekuko diruen batasunen aukera hori etorkizunerako aukera gisa ikusten duten arren, gaur egun hiru egoera daude, bakoitzak bere helburu eta baliabideekin.

Euskoa
Tokiko diruen aitzindari

Egitasmoa 2011. urtean ontzen hasi bazen ere, Euskal Herriko lehen tokiko diru osagarria urtarrilaren 31n jarri zen zirkulazioan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ekologia, ikuspegi soziala eta euskal kultura sustatzeko sortu zen euskoa, eta lehen balorazio bat egiteko garaian, Estebanek balorazio «biziki» ona egin du. «Uste baino askoz hobeki abiatu gara».

Eta horren lekuko da egindako aurreikuspenak hiru hilabeteren buruan gainditu izana: «Abiatu aitzin, 1.000 kide karta inprimatu genituen, bi urtez iraungo zutela pentsatuta, baina hiru hilabeteren buruan berriz inprimatu behar izan genituen, ez zirelako aski». Hasieran izan zuten bazkide berrien zaparrada, ordea, ez da atertu urteak aurrera egin ahala, eta oraintxe bertan 2.700 bazkide partikular lortu dituzte, eta 500 enpresa ere atxikiko dira proiektura.
Bazkideen aldetik hasierako aurreikuspenak motz geratu ziren, eta billeteekin ere gauza bera gertatu zen. 126.000 eusko plazaratu zituzten, baina lau hilabeteren buruan berriz inprimatu behar izan zituzten billete berriak. Momentu honetan 200.000 eusko baino gehiago daude zirkulazioan. «200.000 euro Iparraldean bertan inbertitzen direnak», esan du Estebanek, harro. Halako arrakastarik ez zuten espero, baina orain lotutako horri eustea da euren helburua. Datorren urtean gaur egungo bazkideen %95ek jarraituko dutela espero dute.

Bazkide egiten den pertsona bakoitzak, gainera, euskoak erosteko garaian aldatzen den diruaren %3 norberak nahi duen enpresara bideratzeko aukera du. «Eta hori biziki interesgarria da, nik hautatzen dudalako zer sustengatu nahi dudan».

Era berean, urtebeteko denbora honetan Ipar Euskal Herriko ekoizleek bezeroak irabazi dituztela baieztatu du Estebanek. «Lehen emaitzak sumatzen ari gara, laborari eta ekoizleek bertako merkatuan gehiago saltzea lortu baitute».

Horrez gainera, zenbait merkatarik ekoizle berriak ezagutzeko ere balio izan duela nabarmendu du Ekhiko kideak. «Pertsona batek taberna batean kontsumitu duelarik, eta euskoz ordaintzen ari bada, tokiko zerbait lehentasunez eros dezala eskatzen ari zaio saltzaileari». Eta horrela ordura arte ezezagunak ziren bertako produktuak ezagutzera iritsi dira zenbait saltzaile.

Ogerlekoa
Arabako probako dirua

Tokiko ekoizpena babestu beharrean, kontsumoa indartzeko egitasmoa izango da ogerlekoa. Ostegunean jarriko da martxan Aiaraldeko Laudio, Amurrio eta Artziniega herrietan, eta probako proiektua izango dela azaldu du Parrok. Izan ere, martxoan bertan, Gasteizera zabaltzeko asmoa baitauka Arabako Merkataritza Federazioak. «Lehenengo Aiaraldean ikusi nahi dugu nola funtzionatzen duen, eta ondoren, Arabako Errioxara ere zabaldu nahi dugu».
Merkatariek bultzatutako egitasmoa Aiaraldeko langileei bideratuta dago, kanpotik behargin asko iristen baita egunero eskualdera, eta «erosle potentzial bat galtzen» ari zirela sumatu zuten. Beraz, bertan kontsumitzeko egitasmoa da. Erosleek, gainera, egiten duten gastuaren arabera %2, %4, edo %10 arteko beherapenak jasoko dituzte. Hala, erosketa bat egiten denean, hurrengo beste edozein erosketetarako beherapen horietako bat lortuko luke erabiltzaileak. Oraingoz 90 merkatarik eman dute izena egitasmoan, eta 1.100 erabiltzaile inguru. «Proiektua abiatzeko zenbateko aipagarria dela iruditzen zaigu».

Aiaraldeak industria indartsua dauka, Gasteizen ondoren Arabako garrantzitsuena. Eta horregatik aukeratu dute eskualdea proiektua abiatzeko. Behargin askok egiten dute bertan lan, baina bertan lan egiten duten herritarrak ere badaude, eta horregatik, apurka egitasmoa jende gehiagorengana zabaltzeko asmoa daukate merkatarien federaziotik. Esaterako, Gabonetako kanpainan bertan aukera emango diote herritarrei ogerlekoaren bazkide egiteko.

Ekhia
Bilbotik Bizkairako bidean

Bilboko Desazkundea elkarteak sustatu duen tokiko dibisa osagarriak 2014ko urtarrilaren 1ean jarri du proiektua abiatzeko eguna, baina oraindik finantzaketa kolektiboaren bidez atxikimenduak jasotzen ari dira billeteak inprimatu ahal izateko. Oraingoz lortu beharreko kopuruaren erdia jaso dute, baina behar adinako ekarpena jasoko duten itxaropena du Dalmauk. Tamainaz, aurreko bi egitasmoak baino txikiagoa da —Bilboko 20 merkatarik eman dute izena, eta 100 bazkide inguru lortu dituzte—, baina helburu handizaleak dituzte: «Tokiko ekonomia bultzatu nahi dugu batez ere, baina horrez gain, garrantzi handia ematen diogu ikuspuntu etikoari». Hori dela eta, Bilbon sortuko den sarea ekologia, feminismoa, justizia soziala eta beste hainbat balio sustengatuko ditu. Horregatik, sare horretan dauden dendek batez ere produktu ekologikoak eta balio horiek babesten dituzte, baina gainerako merkatariak ere eurenera inguratzen saiatuko dira. «Balioen pisua handia da Ekhi proiektuan. Horregatik, ez dugu kontsumoa sustatu nahi, kontsumo ona baizik», dio Dalmauk. Kontsumo arduratsua bultzatuko duen egitasmoa izango da.

Oraingoz, ordea, Bilbora mugatzen da proiektua. Merkatari gehienak Zazpikaleetan daude, «bertan daudelako balio horiek dituzten denda gehien». Baina muga horiek apurtu eta geroari begira jarriz gero, Bizkai osora iristeko asmoa daukate. Izan ere, euskoak bezala, ekoizleak ere bultzatu nahi dituzte ekhia erabiltzera, eta horiek biltzeko, «Bilbotik atera beharra daukagu».