Itzulpengintza

Josu Zabaleta Espainiako Itzulpegintzako Sari Nazionalarekin saritu dute

Itzulpengintzaren alorrean eginiko ibilbidea saritu du Kultura Ministerioak.

Josu Zabaleta. /
Josu Zabaleta. / Jon Urbe/ARP

berria.info -

2013ko abenduak 9

Espainiako Kultura Ministerioak Josu Zabaletaren (Legazpi, 1948) ibilbidea saritu du Itzulpegintzako Sari Nazionalarekin. Saria, 20.000 eurokoa, "euskarazko itzulpengintzan aitzindaria" izateagatik eta bere lanean "hizkuntza literario eta poetikoa" sortu eta garatzeagatik eman dio Espainiako Kultura Ministerioak.

Zabaletak sarirako izendatua zegoela bazekien, baina bera hautatzeak "ezustean harrapatu" du. Bere merituei indarra kendu nahi izan die, esanez, itzulpengintza lan kolektiboa dela indibiduala baino gehiago, eta itzulpen lan on bat "bitartekoei eta talde on bati loturik" dagoela. "Pertsona bakoitzak izaten dituen blokeoak gaindituko dituen talde bat beharrezkoa da ofizio honetan".

Zabaletak euskarara ekarri ditu, besteak beste, Petrarca, Pirandello, Maupassant, Saint-Exupery, Balzac, Baroja, Popper, Twain eta Daudet, eta bere itzulpen lanen artean daude honako hauek, besteak beste: Gertatzear dago zerbait (Heinrich Boll), Printzea eta eskalea (Mark Twain), Gaueko gezurrak (Gesualdo Bufalino), Erremateko tiroa (Marguerite Yourcenar) eta On Casmurro (Machado de Assis).

Zabaleta Senez itzulpegintza aldizkariko zuzendaria izan da, eta Hordago argitaletxeko euskarako lanen arduradun. Gainera, Lur hiztegi entziklopegikoa zuzendu zuen, eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen.

Euskadi saria ere bitan jasotakoa da Zabaleta: 2001ean, Guy de Maupassanten Fantasiazko ipuinak-en itzulpenagatik jaso zuen, eta 2008an, Gaueko gezurrak lanagatik.