Pilota

Olaizola II.a txapeldun

Goizuetarrak 22-16 irabazi dio Martinez de Irujori lau t'erdiko txapelketako finala, Gasteizko Ogetan. 6-12 aurretik izan da galtzailea, baina, bigarren zatian, Olaizola II.ak asko asmatu du errematean.

Olaizola, ospatzen. /
Olaizola, ospatzen. / Raul Bogajo/ARP

Unai Zubeldia -

2013ko abenduak 14

Psikologia joko ederra eginda, Olaizola II.ak 22-16 irabazi dio Martinez de Irujori lau t'erdiko txapelketako finala, Gasteizko Ogetan, eta zazpigarrenez jantzi du txapela. Iberoko aurrelariak estutu du aurkaria, eskura eduki du garaipena, baina, beste behin, amore eman behar izan du. Fisikoki nabarmen hobeto amaitu du partida Olaizola II.ak, eta hor egon da gakoetako bat.

Gogorra izan da finala, erritmo ikaragarrian jokatutakoa. Irujok nagusi ekin dio partidari, sakearekin asmatuz eta jokoan Olaizola II.a batera eta bestera mugituz (0-2, 1-3, 3-5, 4-7...). Goizuetarrak lortu du 6-8 inguratzea, baina lau tanto jarraian eginda, 6-12 aurretik jarri da Iberokoa. Hortxe aldatu da finala. Olaizola II.ak bere pilota atera, eta sei tanto egin ditu jarraian (12-12), eta 15-13 ere aurretik jarri da. Irujok nagusi izaten jarraitzen zuen jokoan, baina goizuetarrak partida hasieran baino askoz gehiago asmatu du tantoak amaitzen. Gasteizko Ogeta sutan zela, bere onetik aterata, aldageletara sartu da Irujo 9-1eko partziala jaso berritan (15-13). Aldageletatik bueltan (belauneko arazoak izan ditu), 16-16 berdindu du partida Irujok, eta borrokan jarraitu du. Baina aurreko koadroetan maisu lana egin du goizuetarrak. Azken sei tantoak jarraian eginda, 22-16, Olaizola II.ak merezimendu osoz irabazi du txapela.