Arzallus txapeldun

Amets Arzallus izan da 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko garailea. 1.737 puntu eskuratu ditu Hendaiakoak, eta 1.686 Maialen Lujanbiok. Igor Elortza izan da hirugarren. Saio ederra eskaini dute BECeko finalera heldu diren zortzi bertsolariek. Zuzeneko kontakizuna egin du BERRIAk 'Bertsoa.com'-en zuzeneko emisioaren bidez eta Twitter bidez. Bideoa: Arzallus, txapela jasotzen eta agurra kantatzen.

Jon O. Urain -

2013ko abenduak 15

Amets Arzallusek irabazi du 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta duela lau urte txapeldunorde izanaren arantza kendu du. Hain justu, buruz buruko berdina izan da, Maialen Lujanbioren eta Arzallusen beraren artekoa; gaurkoan, ordea, Hendaiakoak eskuratu du txapela.

1.737,5  puntu lortu ditu Arzallusek; 1.686,5 Lujanbiok; 1.164 Elortzak; 1.155 Mendiluzek; 1.106 Sarriegik; 1.099 Iturriagak; 1.099 Gaztelumendik; eta 1.082,5 Colinak.

Hasi eta buka nagusitu da Arzallus. Goizeko lanetatik bakarrean ez du irabazi. Goizeko puntuak pilatuta lortu du abantaila, eta nahikoa izan du txapela bururatzeko. "Gorabeheratsua" izan da goizeko saioa, BERRIAko analisten arabera, baina arratsaldean lehertu da. Mailak gora egin du oro har, eta oso lan onak egin dituzte, esaterako, Mendiluzek eta Elortzak puntutan. Buruz burukoan, hogei punturen aldea atera dio Arzallusek Lujanbiori.

Amari, "euskara irakatsi" zionari eskaini dio "aitarena den txapela" Arzallusek agur bertsoan. Hunkituta kantatu du Hendaiakoak. Honako hau izan da agur bertsoa: "Zerutik begira daude / Joxe eta Manuel Mari / ziega zulotik entzuten / beste euskaldun ugari. / Musu bat Iparraldeko / bertso eskolako haurrari / lagundu nauten guziak / Olatz eta arreba bi / baina ni ez bainaiz hemen / neuk sortu hutsean ari / aitarena den txapel hau / eskaintzen diot amari / haur nintzela euskaraz / erakutsi zidanari".

Agurretan, Iturriagak iragarri du aurtengoa izan dela berak parte hartu duen azken txapelketa.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna