Erreakzioak eta bideoa. Sortu: "Bakearen etsaiek agindu eta gauzatu dute gaurko operazioa"

[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2010/[/Berriatb]

2014ko urtarrilaren 8a
19:48
Entzun

Hainbat elkarte, talde eta alderdiek gertatzen ari dena salatu dute oharren bidez, besteak beste hauek:

Sortu:

Gaurko operazio poliziala "konponbidearen aurka Alderdi Popularrak burutu duen hamaikagarren saiakera" dela salatu du Sortuk: "Ez daukagu inongo zalantzarik esateko bakearen etsaiek agindu eta gauzatu dutela gaurko operazioa". Halaber, uste du herritarrengan "etsipena" sortzea dela operazioaren helburua.

Eusko Jaurlaritza:

Gaurko operazioa "behar bezala justifikatuta" egotea espero du Eusko Jaurlaritzak, gaur arratsaldean azaldu duenez. Guardia ZIbilaren operazioa nahasgarria dela esan du, baina zuhurtziaz eta arduraz jokatzera deitu du. Bere aldetik, zehaztasun guztiak ezagutu arte, beste baloraziorik ez duela egingo jakinarazi du.

EAJ

Markel Olano EAJko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak Twitter bidez salatu du polizia operazioa, eta "bakearen kontrako eraso zuzentzat" jo du.

LAB

EPPK-k egindako urratsa "jotzeko helburuarekin antolatutako operazio polizial, politiko eta mediatiko bat" da gaurkoa, LABen ustez: "Jakina da Estatu espainiarrean nolako mendeku gogoa dagoen Euskal Herriko gatazka konpontzeko bidean ekarpenak egiten dituen guztiaren kontra; areago, presoen eremua denean, horrek Euskal Herriaren egoera modu positiboan astintzeko gaitasuna baitu, eta Estatuaren inmobilismoa euskal jendartearen aurrean biluzteko gaitasuna ere bai".

ELA

Ohar batean, sindikatuak eskatu du atxilotuak "berehala" aska ditzatela. Atxiloketak "erabaki politiko" baten ondorio direla uste du, eta gaineratu du erabaki horrek "eskubide demokratikorik oinarrizkoenak" urratzen dituela. "Gure herrian normalizazio politikorantz egiten diren aldebakarreko urratsekin pozten ez diren indar bakarrak PP eta eskuin muturreko beste erakunde satelite batzuk dira. Operazio honekin espainiar gobernuak kriminalizatu egin nahi ditu, batetik presoen eskubideen aldeko lana, eta bestetik, horiek bermatzen saiatzen diren guztiak ere; halaber, gurean garatzen ari den normalizazio politikoko prozesua eta gure gizarteko sektore zabal baten jardun politikoa geldiarazteko borondatea dauka".

Alternatiba

Alternatibako bozeramaile Asier Vegak, segurtasun indarren "legezko oinarririk gabeko enegarren operazioa" salatu du. "Onartezintzat jo" dute operazioa egin izana "presoen kolektiboak bakearen alde inoiz baino urrats gehiago egiten ari denean, EPPK kolektiboak zabaldutako adierazpenaren bitartez, gatazkaren ondorioz eragindako kalteak onartu eta Bake Foro Sozialaren gomendioak bere egin dituenean”, are gehiago, "larunbat honetan Bilboko kaleak elkartasunez eta aldarrikapenez beteko dituen euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren bezperan".

Vegak gatazkaren konponbidean dauden eragilleei dei egin die gertaera salatzeko, baita Eusko Jaurlaritzari ere, Herriraren kontrako erasotik hilabete gutxi pasatu direnean, "elkartasuna kriminalizatu eta euskal presoen babes eskubidea urratzeko helburu bakarra dutelako". Horrela, EAJri dei egin dio "eskubideak aldarrikatzen dituztenen alde egitera, torturaz, zurikeriaz eta mota guztietako eskubideen urraketaz zikindutako zoru etikoak babesten dituztenen alde egin beharrean, larunbateko bezalako mobilizazioak bultzatuz”.
 

Lokarri

Paul Rios Lokarriren koordinatzaileak twitter bidez erantzun die gertatutakoei, esanez,, Espainiako Gobernua "zailtasunak" jartzen ari zaizkiola bakeari, eta horrelako jarrerak erakutsiz ez dela euskal gizarteari ekarpenik egiten ari: "Euskal gizarteari ez zaio laguntzen ari bakearen bidean". Abokatuen atxileketok, konkretuki zergatik gertatu diren galdegin du Riosek, "legezko bideak onar ditzaten beren defendituekin hitz egiteagatik" izan ote diren.

Aralar

Aralar alderdiak “oso larritzat jo” ditu atxiloketak, eta hainbat arrazoi azaldu ditu gertaera “gaitzesteko”: “Giza eskubideen aurkakoa delako; estatuaren laguntzarik gabe gure gizartean egonkortzen ari den bakearen aurkakoa delako, eta abokatuen eskubide profesionalen eta, oro har, gizarte osoaren aurkakoa delako”.

Zentzu horretan, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, “oso-oso larria da 2014. urtean, borroka armatua amaitu zenetik bi urte igaro direnean, eskuin muturrean jatorria duten jarduerak gauzatzen ibiltzea. Rajoyren gobernua gero eta ahulago eta otzanagoa ageri da sektore horien eskaeren aurrean”.

Horregatik guztiagatik, atxilotutako pertsonak "berehala" aske uztea exijitu du: “Ministerio Fiskalakari eta Justizia Ministerioari eskatzen diogu erabaki hori bere egiteko, eta era honetako jarduerak haserre bizia eragiteko asmo argia izan arren, lasaitasunez eta patxadaz erantzuteko deia egiten diogu gizarteari”.

Ernai

Guardia Zibilaren operazioa “gogor” salatu du Ernaik, eta Espainiako Barne Ministerioak albistea emateko bidalitako prentsa oharrarekin egon diren "gora-beherak" Madrilen jarreraren isla direla uste du, “Espainiako Gobernuaren jarreraren, jardunaren eta talante demokratikoaren analogia bikaina: txapuzeroak”.

“Txapuza hau da zoritxarrez Espainiako Gobernuak EPPKren iniziatiba garrantzitsuari eta preso ohien adierazpenari ematen dion erantzun negargarria” dela deritzo. Izan ere, Euskal Herrian konponbidearen eta bakearen alde “urrats erabakigarriak” egiten ari diren bitartean, Espainiako Gobernuak “modu positiboan erantzun ordez, ohiko erremintekin erantzun du: Guardia Zibila, Auzitegi Nazionala. Errepresioa”.

“Zoritxarrez txapuza honek berriz ere sufrimendua eta egonezina eragin du” atxilotuen eta ingurukoen artean, eta presoen eskubideen aldeko mobilizazioaren atarian gertatu dela gogorarazi du. Ordea, mobilizazioan “indartsuago eta gogotsuago”parte hartzeko unea dela uste du. “Olatu erraldoiei alferrik da murruak ezartzea. Gainetik salto egingo dugu”.

Euskal Herrian Euskaraz

Euskal Herrian Euskarazek ere salatu du gertatzen ari dena: “Hizkuntza ordezkapena eta euskararen kontrako debeku eta erasoak herri honen ahotsa isilarazteko erabili dituzten gisa berean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren abokatuen kontrako polizia operazioak gatazkaren konponbidea eskatzen duen herriaren hitza isilarazi nahi” du.

Erasoei aurre egiteko “jarrera ajtiboa” eskatu du EHEk, eta larunbateko mobilizazioan parte hartzera deitu: “Euskal Herriko euskaldun eta euskaltzaleei dei egin nahi diegu konponbideari oztopoak jartzeko helburua duten salbuespen neurrien aurrean jarrera aktiboa izan eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko heldu den larunbaterako deitu den mobilizazioan parte hartu zein Bilboko kaleak barreiatuko dituen itsasoan tanta izan daitezen”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.