tantaz tanta

Velascok debekatu egin du Tantaz Tantaren mobilizazioa

Mobilizazioa bera legezkoa dela esan du Pablo Ruz epaileak, baina deitzailea Herrira-ren oinordeko izan daitekeelakoan eman dio Velascori debekatzeko aukera.

Berria -

2014ko urtarrilak 10

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok debekatu egin du bihar Bilbon euskal presoen eskubideen alde egitekoa den manifestazioa. Velascok Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari agindu die beharrezko neurriak hartzeko mobilizazioa egin ez dadin. Erabakia hartzeko argudiatu du Herrira-ren oinordeko den elkarte batek deitu duela biharko mobilizaziora, eta mobilizazioan berez deliturik ikusten ez badu ere, debekatzeko erabakia hartu du.

Eloy Velascok argudiatu du mobilizazioa Herrirak deitu zuela hasiera batean, eta erakunde horrek "izaera terrorista" duela suposatu daitekeela (berak agindu zituen irailaren amaieran atxiloketak). Horregatik mobilizazioa "ezin dela onartu" erabaki du. "Herriraren ekintzak debekatzen dituen erabaki bat dago". Bere ustetan Tantaz Tantak egindako deialdiarekin erabaki horri "burla" egin nahi zaio. Bihar "babes ekintza osagarriak" egiten ez uzteko ere eskatu die Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari.

Velascok bere egin du modu horretan Carlos Bautista fiskalak egin zion eskaera. Biktima elkarte batzuek eskatu zioten debekua fiskalari mobilizazioan terrorismoa goratu zitekeelakoan. Fiskaltzak, ordea, debekatzeko eskatu zuen ez deialdiak legea urratzen zuela iruditzen zitzaiolako, baizik eta Herrira-k egindako deialdiaren segida dela uste duelako.

Ruzek ere ez du deliturik ikusi

Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak ez du deliturik ikusi Tantaz Tantak biharko deitu duen mobilizazioan, baina ekitaldia bera legezkoa dela iritzi badu ere, debekatu edo ez Eloy Velasco epailearen esku utzi du, deitzailea, Tantaz Tanta mugimendua, Herrira-ren ordezko izan daitekeela argudiatuta. Ruzek dio mobilizazioa debekatzeko eskatu duten biktimen elkarteek ez dutela aurkeztu susmoa baino gehiago den ezer terrorismoa goratuko dela frogatzeko.

"Ezin da onartu izaera terrorista izateko zantzuak dituen talde batek antolatu duen manifestaziorik", esan dio fiskalak debekua galdegiteko. Tantaz Tantak Herrira-ren helburu berak dituela argudiatu du, antolatzaileen izaera "terroristatzat" jotzeko: "ETAko presoen aldeko mobilizazioetarako ahalik eta atxikimendu gehiena lortzeko helburua du".

Erabakia, Velascoren esku

Ruzek ez du debekatu mobilizazioa, baina Velascoren esku utzi du azken erabakia. Eloy Velasco da Herrira plataformaren aurkako auzia ikertzen ari den epailea. Ruzek Velascori eman dio biharko mobilizazioaren berri, hark erabaki dezan plataformaren jardunaren behin-behineko etena urratu ote den.

Velasco epaileak agindu zuen Herrira-ren aurkako polizia operazioa, iazko irailean. Hemezortzi lagun atxilotu zituzten operazio hartan, ETAko kideak izatea egotzita. Horrez gain, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren mintzaidetza taldearen kontra Guardia Zibilak herenegun eginiko operazioa ere Velascok agindu zuen. Zortzi lagun atxilotu zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna