ATXILOKETAK

Zortzi bitartekariak preso, "ETAren beso eragilea" izatea egotzita

Eloy Velascok atzo kaleratutako hamabost orrialdeko autoan ez dago atxilotuen eta ETAren arteko loturen frogarik. Naia Zurriarain deklaratzera deitu du epaileak; ostegunean joan beharko du.

Guardia Zibila, ostegunean, Zuluetaren bulegoan.
Guardia Zibila, ostegunean, Zuluetaren bulegoan. / L. J./ARP

Berria -

2014ko urtarrilak 14

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko zortzi bitartekariak espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldeko lehen orduan Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de la Calle, Aintzane Orkolaga, Asier Aranguren eta Mikel Almandoz.

Epaileak argudiatu du aske utziz gero ihes egiteko eta frogak deusezteko arriskua dagoela, "atxilotu zituztenean egiten saiatu ziren moduan". Velascok frogatutzat ematen du Espainiako Barne Ministerioak operazioaren berri aldez aurretik eman ondoren, bitartekariak frogak deusezten saiatu zirela, atxilotu bitartean. Guardia Zibilak berak operazioa egin zuen egunean jarri zuen susmo horren gainean.

Aintzane Orkolaga eta Aitziber Sagarminaga Soto del Realen espetxeratu dituzte; Arantza Zulueta, Estremeran; Jose Campo, Alcalan; Mikel Almandoz eta Asier Aranguren, Aranjuezen; eta Jon Enparantza eta Egoitz Lopez de Lacalle, Navalcarneron.

Nahia Zuriarrain ere, inputatuta

ETAko kide izatea leporatzen die epaileak zortziei. Zortzietako hiru ihes egiten saiatu zirela dio epaileak, beste bik kalea zaintzen zuten bitartean. Zortziekin batera Nahia Zuriarrain abokatua ere inputatu du, ustez Asier Arzallus ETAko presoak abenduan jaso zuen agiri bat dela eta. Ostegunean deklaratu beharko du Zuriarrainek, 12:00etan, Auzitegi Nazinalean, Madrilen.

Epailearen autoaren arabera miaketan "nahita zanpatutako" pen-drive bat atzeman zuten, eta bulegoko hainbat sofa eta kuxinetan informatika euskarriak. Guardia Zibilak dio aurreko 21 bileretan ez bezala, asteazkenean abokatuen bulegora iritsi zirenean zortzi kideak sakabanatuta zeudela, "agiriak deusezten". Ordenagailuetako kableak askatuta ere aurkitu zituztela dio.

Asteazkenetik atxilo

10:30ean hasi dira deklaratzen epailearen aurrean zortziak. Efe agentziaren arabera, 09:10ean iritsi dira auzitegira atxilotuetako batzuk, eta 09:20an gainerakoak. Guardia Zibilaren autoetan ailegatu dira, eta ez dute zehaztu nor sartu den noiz. Deklaratzeari uko egin diote zortziek ere, eta epailearen erabakiaren zain geratu dira horren ondotik. Baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu du Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak. 

Asteazkenean atxilotu zituen Guardia Zibilak EPPKren Mintzakidetza Laguntzarako Taldeko zortzi kideak, ETAren eta "bere presoen" arteko zubi lanak egitea leporatuta. Herrira-ren kontrako sumarioaren jarraipena dela esan zuen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak. Zuluetaren eta Enparantzaren kasuan 2010etik ETAko kide direlakoan inputatuta daudela argudiatu du espetxeratzeko.

Ez zituzten inkomunikatu, eta 72 ordu baino lehen epailearen esku utzi behar zituen Guardia Zibilak. Baina, hala ere, "terrorismoaren kontrako legedia" aplikatu zieten, eta Velasco epaileak atxiloaldia luzatzeko baimena eman zuen, gaur arte.

Larunbaten ez zuten deklaratu

Guardia Zibila larunbatean saiatu zen atxilotuei deklarazioa hartzen, eta Ainhoa Baglietto eta Haizea Ziluaga abokatuak Madrilgo Tres Cantosko polizia etxean izan ziren horretarako. Hala, atxilotuekin egoteko aukera izan zuten, eta, jakinarazi zutenez, zortzi lagunak ondo zeuden.

"Tratu egokia" izan dutela azaldu zuten, baina adierazi zuten ez zutela ulertzen zergatik ez zituzten epailearengana eraman Guardia Zibilaren deklarazioaren ostean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna