Tantaz Tantak bere agurra iragarri du, helburuak betetzat eman eta gero

Bake prozesuaren "blokeoaren" aurrean, gizartearen "aktibazioa" giltzarritzat jo du Amets Martinez mugimenduko kideak. Bideoa: aurreko asteko azken deialdia, debekuaren aurretik (Ander Gartzia, BerriaTB).

Berria -

2014ko urtarrilak 13

Tantaz Tantak amaiera eman dio bere jardunari. Hala iragarri du Amets Martinez mugimenduko kideak Gara egunkarian eta Argia astekarian. "Presaz" amaitu da haren jarduna, baina betetzat eman ditu ezarritako helburuak: "Tantaz Tantak bere helburuak lortu dituela uste dugu, eta zuhurrena amaitutzat ematea dela. Sekula ez dugu beste inoren lekua hartu nahi izan. Ez dugu nahi izan eskura datorren mugimendu bihurtu ere. Behar genuen une batean bultzakada izan gara, eta lanerako filosofia berri bat jarri dugu mahaiaren gainean".

Martinezek uste du "aktibazio soziala" dela gakoa: "Une honetan herritarrak gara egoera desblokea dezakegunak, gehiengo batek atxikiz elkarbizitzarako oinarrizko printzipio batzuk".

Protesta molde berri bat egiteko asmoa zuen Tantaz Tantak Bilbon, eta ilusioz eta irudimenez jokatzea garrantzitsutzat jo du Martinezek: "Uste dugu garaia iritsi dela mobilizaziorako kontzeptu asko berrasmatzeko. Gehiengoak artikulatzeaz ari gara, eta horregatik garrantzitsua da gehiengo osoak leku izango duen espazio erakargarria sortzea".

Velascoren debekua

Herrira-ren oinordeko zela argudiatuta, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ostiralean debekatu egin zuen Tantaz Tantak antolatutako mobilizazioa. Debekuaren aurrean, beste manifestazio batera deitu zuten EAJk, Sortuk, Alternatibak, EAk, Aralarrek, Geroa Baik, ELAk eta LABek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna