MUSIKA

Pete Seeger musikaria hil da

Folk musikako ikonoetako bat zen Seeger. 94 urte zituen. Euskal Herrian izan zen 1970eko hamarkada hasieran, Ez Dok Amairuk gonbidatuta; inspirazio iturrietako bat izan zen euskal kantari eta artistentzat.

Pete Seeger.
Pete Seeger.

Berria -

2014ko urtarrilak 28

New Yorken zendu da abeslaria. Erietxean zegoen iragan astetik, eta kausa naturalak direla medio hil da, bere hiloba Kitama Cahil Jacksonek New York Times egunkariari jakinarazi dionez.

Musikaren bitartez ekintzaile politiko ere bazen Seeger. The Almanach Singers taldearekin hasi zen kantuan, Woody Guthrie eta Lee Haysekin batera. 1949-1959 urteetan, The Weavers taldearekin aritu zen, eta, gero, bakarlari gisa. AEBetako kontzientziaren ahotsa izan zen ehun abesti baino gehiagoren bidez; haietan irudikatu zituen XX. mendeko injustiziak,  borrokak eta ametsak. Vietnamgo gerraren kontra aritu zen, besteak beste.

Where Have All the Flowers gone?, If I Had a Hammer, We Shall Overcome, Kisses Sweeter than Wine eta Turn, Turn, Turn dira haren abesti ezagunenetako batzuk. Bideoa: Seeger This Land is Your Land kantatzen, iaz.

Euskal kantagintzan ere eragina

Haren kantagintzak, AEBak zeharkatuz ateratako erretratuek, eragina izan zuten hainbat herrialdetako abeslariengan, eta baita Euskal Herrikoengan ere, Ez Dok Amairu taldearen inspirazio iturri izateraino. Joan Baez, Bob Dylan eta Seegerrek, besteak beste, AEBetan gertatzen ari zirenen testigantza gordina ematen zuten, eta askatasun eta justizia egarria partekatzen zuten Ez Dok Amairukoekin, protesta kantu hura. Harekin harremana bazuten taldekideek, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ere izan zen Ez Dok Amairukoek gonbidatuta, 1970eko hamarkada hasieran. Aurkezle lanak egin zituzten Joxan Artzek eta Xabier Letek, Ez Dok Amairu atzerriko musikaren promozioa egiten ere aritu baitzen baitzen: hari eskerrak izan ziren hemen Raimon, Atahualpa Yupanki, Barbara Dane, Guillermina Mota eta Pete Seeger bera, garai nahasi haietan.

Benito Lertxundiren gogoan

Ez Dok Amairukoen artean inork "bere nortasuna, konpromisoa eta bizitzeko zaletasuna" miresten bazituen hori Benito Lertxundi da, BERRIAri gogorarazi dionez, Mikel Laboa eta Xabier Lete, besteak beste, Frantziako kantu berritik gertuago zeudela. Donostiara Raimonek Pete Seeger Kataluniara eraman zuela baliatuz ekarri zutela du gogoan Lertxundik, eta kontzertuaren bezperan partekatu zuten afaria ere bai: "Denak kantari aritu ginen. Berak beti jartzen zuen jendea kantuan".

Kontzertuan "oso giro ederra" izan zen. "Orduan Joxan Artze zen ingelesa zekien bakarra, eta berak itzultzen zituen hark esandakoak". Bere bizitza "oso poetikoa" iruditu izan zaio beti Lertxundiri. "Askotan aipatzen da bere konpromisoa, baina berak nahi gabe egiten zuen hori. Pentsa, iaz, artean kantatzen ari zen".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna