Ekonomia

Ekonomiari buruzko goi bilerarekin batera, ELA eta LABen manifestazioa

Gune plataformak prekarietatearen eta pobreziaren aurkako kanpaina egingo du otsailean eta martxoan.

Miren Garate -

2014ko otsailak 3

Ekonomiari buruzko goi bilera izango da martxoaren 3an Bilbon, Espainia egonkortasunetik hazkundera lelopean. Han izango direla baieztatu dute jada Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko presidenteak eta Olli Rehn, Karel de Gucht eta Joaquin Almunia komisarioek, baita beste hainbat enpresa, finantza erakunde eta analistak ere. Egun horretan langileen aldarrriek ere tartea izatea nahi du Gune plataformak. Hala, Bilbon bertan maniestazioa egingo du. "Ongietorria merezi dute, eta jende askok egingo die", esan du ironiaz Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak.

ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk, Hiruk, CNTk, CGTk eta dozenaka eragile sozialek osatzen dute Gune plataforma. Martxoaren 3ko manifestazioaz gain, beste hainbat protesta antolatu ditu datozen asteotarako. Otsailean, astero izango dira mobilizazioak Hego Euskal Herriko hainbat txokotan; martxoaren 10etik 14ra eskualde mailako protestak izango dira, eta 22an Madrilen egingo den manifestazio batean parte hartuko dute. Kanpaina horren helburua da prekarietatea eta pobrezia salatzea.

Muñozek kanpainaren aurkezpen ekitaldian esan duenez, goi bileran parte hartuko dutenek "kontratu blindatuak eta milioi askoko pentsioak dituzte"; alabaina, gainerako herritarrei esaten diete "miserian bizi" behar dutela. LABeko Ainhoa Etxaideren arabera, pobrezia "aukera politiko bat" da, eta saihestu daiteke borondate politikoa baldin badago.