Euskal Herria

EPPKren bitartekariak espetxean mantentzeko eskatu du fiskalak

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Egoitz Lopez de la Calle, Jose Luis Campo, Mikel Almandoz, Asier Aranguren eta Aintzane Orkolaga ez askatzeko eskatu du, ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskua dagoela argudiatuta.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko otsailaren 4a
18:15
Entzun

Guardia Zibilak urtarrilaren 8an atxilotu zituen Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) zortzi bitartekariak espetxean mantentzearen alde egin du Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Atxilotuen defentsarako abokatuek zortziak berehala askatzeko eskatua zuten, eta horri erantzunaz eman du bere iritzia fiskalak.

Eloy Velasco epaileak urtarrilaren 13an hartu zuen erabakiari eusteko eskatu du: guztiak espetxean mantentzeko. Askatuko balituzte, atxilotuek ihes egiteko arriskua egongo litzatekeela argudiatu du fiskalak, eta delitua berriz egin ahalko luketela ere bai; zehazki, frogak deusesteko arriskua aipatu du, atxilotu aurretik hala egin zutela uste duelako.

Auzia ez dagokiola Velasco epaileari ere ohartarazi zuten abokatuek Auzitegi Nazionalean. Akusazio idazkietan epaileak atxilotuei leporatu dizkienak beste auzi batean ere jasota daudela, eta beraz, urtarrileko atxiloketekin lotutakoek ere auzi haren jarraipena direla. Alegia, auzi bakarra izanda, epaile beraren esku egon behar dutela adar guztiak: Auzia hasieratik bere esku duen Javier Gomez Bermudez epailearen esku.

Fiskalak ezezkoa eman dio eskaera horri ere. Egozten zaizkien ekintzak ez direla berberak argudiatuta, urtarrileko atxiloketekin lotutako auziak Velascoren esku jarraitzearen alde egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.